Uraren kalitate eskasa zela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bainua debekatu zuen asteartean Gipuzkoako hainbat hondartzatan, hala nola Zarauzko hondartzan, Debakoan, Mutrikuko Saturraranen eta Ondarbeltzen eta Zumaiako Santiagon. Segurtasun neurri gisa, bandera gorria egon da gaur arte hondartza horietan. Osasun Sailak atzo aztertu zuen hondartza horietako ura, eta analisiek «emaitza hobeak» eman dituztela jakinarazi dute. «Urak kalitate irizpideak betetzen ditu berriro». Hortaz, bainua baimendu dute hondartza horietan.
Karabela portugesak Donostian
Donostiako hondartzek ere betetzen dituzte ezarrita dauden kalitate irizpideak, baina bandera horia jarri dute gaur, hainbat karabela portugesa agertu baitira. Donostiako Udalak jakinarazi du ez direla oso handiak, eta, beraz, ez dituztela zauri edo erredura larriak eragiten. Horrenbestez, baimenduta dago bainatzea Donostiako hondartzetan.
Karabela portugesa marmoka itxurako espezie kolonial bat da, baina ez da marmokaren familiakoa. Milaka organismo elkartu egiten dira kolonia bat osatuz, eta denek elkarrekin funtzionatzen dute koloniak bizirik iraun dezan. Gero eta maizago ikusten dira halakoak Euskal Herriko kostaldean, klima aldaketagatik bereziki. Izan ere, ura gero eta gehiago eta azkarrago berotzen ari denez, ur epeletako espezie gero eta gehiago iristen ari dira Kantauri itsasora.