Banku txartela erabili ahal izango da Donostia eta Hondarribiko aireportua lotzen dituen autobus linean

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 1etik aurrera emango du horretarako modua. Egun berean jarriko dute martxan Loiun Mugi txartel anonimoak erosteko aukera, bai eta bertan kargatzekoa ere.

Hainbat bidaiari iaz Lurraldebuseko autobus baten zain, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Hainbat bidaiari iaz Lurraldebuseko autobus baten zain, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 25a
15:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Egunean hamabi bidaia egiten ditu Donostiako erdigunea eta Hondarribiko aireportua lotzen dituen Lurraldebuseko E30 lineak, bi noranzkoetan. Askotariko bidaiariak jasotzen ditu, hala kanpoan oporraldi bat pasatu nahi duten gipuzkoarrak nola Donostian edo inguruko herriren batean ostatu hartu nahi dutenak. Linea horren erabiltzaileek bi bide dituzte ordaintzeko: Mugi txartelarekin edo eskudirutan. Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak esan du Mugi txartela ez dutenak izaten direla bezerorik gehienak. «Horrek, batzuetan, zaildu egiten du ordainketa, eta eragozpenak sortzen dizkie erabiltzaileei, baina, batez ere, gidariei». Hargatik, aldundiaren ekimenez, banku txartelarekin ordaintzeko modua izango da uztailaren 1etik aurrera. Lurraldebuseko gainerako lineetan aurki izango da horretarako aukera.

Diputatuaren hitzetan, banku txartelarekin ordaindu ahal izatea «aurrerapauso bat» da Lurraldebusen modernizazioan, zerbitzua erabiltzaileen «benetako beharretara» egokitzen baitu. «Neurri horrek bidaiak egitea erraztuko die gure lurraldera iristen direnei edo linea hori noizbehinka erabiltzen dutenei; ordaintzeko prozesua arintzen die eta bidaia esperientzia hobetu». Uste du, gainera, gidarien eguneroko lanari ere mesede egingo diola. «Eragozpenak sortzen dituzten egoerak murriztuko dira. Hala, zerbitzua eraginkorragoa izan dadin, lanean ari diren profesionalek beren lana baldintza hobeetan egin dezaten lagunduko dugu».

Loiuko aireportuan ere izango da berrikuntzarik. Izan ere, uztailaren 1etik aurrera, Mugi txartel anonimoak erosteko aukera izango da, bai eta bertan kargatzekoa ere. «Gure helburua da erabiltzaileei alternatiba eroso eta irisgarri bat eskaintzea Mugiren erabiltzaile direnei eta oraindik sistema hori ezagutzen ez dutenei», esan du diputatuak. «Halako izapideak aireportua bezalako gune estrategikoetara eramatea Gipuzkoan dugun garraio publikoaren sare zabala ezagutarazteko modu bat da, baita gero eta pertsona gehiagok mugikortasun iraunkor, erraz eta integratuaren alde egitea erraztekoa ere». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA