Bedaio Amezketako auzoa izango da aurrerantzean, eta ez Tolosakoa

Prozesua gauzatzeko bide orria zehaztu berri dute Tolosako eta Amezketako udalek. Ekainaren 22an eta 23an herritarren zalantzak argitzeko aurkezpen saioak egingo dituzte, Tolosako Topicen eta Amezketako kultur etxean, hurrenez hurren.

Tolosako Bedaio auzoa, artxiboko argazki batean. BERRIA
Tolosako Bedaio auzoa, artxiboko argazki batean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko ekainaren 18a
15:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bedaio Tolosako auzoa izan da orain arte, baina hala izateari utziko dio aurki, Amezketako auzo bihurtzeko. Izan ere, prozesua gauzatzeko bide orria zehaztu berri dute bi herrietako udalek. 90 bizilagun daude Bedaion erroldatuta; iaz herri aldaketari buruzko bozketa bat egin zuten, eta 62 herritarrek hartu zuten parte. 53k egin zuten Bedaio Amezketaren parte bilakatzearen alde, eta bederatzik kontra. Tolosako auzo izateari utzi eta Amezketakoa bihurtzea nahi duten herritarrek diote auzoa Tolosatik urruti dagoela, ia hamazazpi kilometro baitaude Bedaiotik Tolosako herrigunera; Amezketako Ugarte auzora, berriz, sei kilometro pasatxo, eta erdigunera, bederatzi. Auzotarrek iazko martxoaren amaiera aldera aurkeztu zuten eskaeraren eskutitza Tolosako Udaleko erregistroan. 

Martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauak arautzen ditu Gipuzkoako udal barrutiak. Besteak beste, auzo bat udalerri batetik bereizi eta beste udalerri batera atxikitzeko aukera aztertzen du arau horrek, bai eta horretarako baldintzak eta prozedura ezarri ere. Siadeco etxeak auzoaren hainbat ezaugarri aztertu ditu, hala nola kokapena eta azalera, lurralde mugaketa, biztanleriaren ezaugarriak, herri ondasunak, egitasmoaren onurak eta bideragarritasun ekonomikoa, eta, ikerketa horren arabera, foru arauak finkatzen dituen eskakizun guztiak betetzen ditu Bedaioren udalerri aldaketak.

Bedaioren udalerri aldaketarako ekimena udal mailakoa izateko, baina, bi herrietako udalbatzetako osoko bilkuretan onartu behar dute prozesua abian jartzea, eta horren ondotik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko du azken erabakia. Prozesua gidatzeko, erakunde arteko mahai bat eratu dute Tolosako eta Amezketako udalbatzak osatzen dituzten alderdi guztiek eta Bedaioko auzotarren ordezkaritza batek.

Zalantzak argitzeko saioak

Aurkezpen saioak egingo dituzte datorren astean, Tolosan eta Amezketan, eta orain arte egindako urratsak eta datozen hilabeteetarako aurreikusten dituztenak azalduko dituzte han. Tolosakoa ekainaren 22an izango da, 19:00etan, Topicen, eta Amezketakoa, hilaren 23an, 19:00etan, kultur etxeko areto nagusian. Saiootan prozesuaren gaineko xehetasunak emango dizkiete hara joandakoei. 

Horren ondotik, Tolosako Udalak herritarrak entzuteko prozesu bat jarriko du abian, Erabaki plataformaren bitartez. Bedaioren udalerri aldaketari buruzko dokumentazioa jarriko dute bertan, eta ekarpenak egiteko eta zalantzak argitzeko aukera izango dute herritarrek, uztailaren 15era bitartean. Galderei erantzuteko konpromisoa hartu du Tolosako Udalak, eta parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE