Bi munduen arteko zubien garrantzia

Espainiatik Donostiako Altzara 1950-1970eko hamarkadetan heldu ziren migratzaileen integrazio soziolinguistikoa ikertu du Soziolinguistika Klusterrak. Integrazioko lehen faseetan euskarak ez zuen lekurik izan; azken fasean, berriz, garrantzia hartu zuen.

Altza auzoa
Donostiako Altza auzoaren 1960eko argazki bat. ALTZAKO HISTORIA MINTEGIA
Irati Egibar Izeta
2024ko martxoaren 3a
05:00
Entzun

Aurreko mende erdialdetik aurrera, Espainiako hainbat familia, jaioterria atzean utzi, eta Euskal Herrira etorri ziren lanera. Izugarri handitu ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko zenbait udalerri eta auzo: horren adibide garbia da Donostiako Altza auzoa. 1950eko hamarkadan, auzoan jaiotako herritarrak gailentzen ziren kanpotik etorritako langileen artean; 1970eko hamarkadan, aldiz, migratzaileak nagusi ziren Altzan, eta 30 urtean hirukoiztu egin zen bertako biztanleria. Etorritako migratzaile guztiek «auzoan sortutako sareei esker» igaro zuten bizirauteko integrazio prozesua; euskarak, ordea, orduan ez zuen toki handirik izan prozesu horretan. Hori ondorioztatu dute Soziolinguistika Klusterreko ikerlariek. Donostiako Udalaren Ekialdeko Barrutiko Batzarraren enkarguz egin du ikerketa Soziolinguistika Klusterrak: 1950eko eta 1970eko hamarkadetan Espainiatik Altzara heldu ziren immigranteen integrazio soziolinguistikoa aztertu dute Belen Uranga, Asier Basurto eta Paula Laita ikerlariek.

Eztabaida taldea eta elkarrizketak baliatu dituzte informazioa jasotzeko. Saio horietan, hainbat belaunalditako herritarrei egin dizkiete elkarrizketak: 1950eko hamarkadatik 1970ekora ailegatutako pertsonei, haien ondorengoei, garai hartan dagoeneko Altzan bizi zirenei eta horien seme-alabei. Eztabaida taldean, berriz, adineko emakumeak elkartu dituzte, Urangak kontatu duenez: «Adineko emakumeekin zailagoa da bakarkako elkarrizketak egitea. Beraien arteko solasaldietan hamaika anekdota atera dira; oso ederra izan da horren lekuko izatea».

«Guk aztertutako fase guztietan zeregin handia dago hizkuntzari dagokionez».

ASIER BASURTOSoziolinguistika Klusterreko ikerlaria

Gaur egungo Altza ezagutzeko, 1950eko eta 1970eko hamarkaden arteko garaiari erreparatu behar zaio. Testuinguru ekonomikoan eta sozialean jarri du arreta Basurtok: «Azpimarratzekoa da diktadura baten erdian gertatu zela auzoaren aldaketa guztia. Lanik ez zegoen lekutik, lana zegoen lekura mugitu zen jende asko. Bat-batean, aldatu egin ziren auzoaren ezaugarri nagusiak, kanpotik ekarritako ezaugarriak bilakatu baitziren nagusi».

Euskararen integrazio faseak

Immigrazioak aldaketa demografiko handia eragin zuen. Urangak azaldu du 1950eko hamarkadako biztanle kopurua laukoiztu egin zela 1970ekoan, eta horrek asko eragin zuela sozialki, baina baita linguistikoki ere. Hain zuzen, hizkuntzaren ikuspegitik Altzako bilakaera ikertzeko, Soziolinguistika Klusterreko kideek «lau integrazio fase» bereizi dituzte migrazio prozesuan: biziraupenerako integrazioa, integrazio laborala eta eskolakoa, integrazio soziala, eta integrazio identitarioa eta kulturala.

DONOSTIAKO Altzako bilakaera demografikoa XX. mendean

  • 1900: 2.103 biztanle.
  • 1910: 2.683.
  • 1920: 4.005.
  • 1930: 5.425.
  • 1940: 7.224.
  • 1950: 8.857.
  • 1960: 16.413.
  • 1970: 32.531.
  • 1975: 38.718.
  • 1981: 42.765.
  • 1986: 44.384.
    Iturria: Cañamero Redondo, 1988.

Biziraupeneko fasean, etorri zirenek ez zuten euskararekin inolako kontakturik; Basurtok azaldu du lehen fase horretan «jateko eta lotarako lekua» bilatzen zutela. Urangak gaineratu du familia sare baten bitartez etortzen zirela, baina horrek ez duela kentzen haiek bizi zuten egoeraren gordintasuna. Bigarren fasean, eskolan edo lanean agian, euskara zekien norbaitekin topo egiten zuten, baina fase horretan ere ez zegoen hizkuntzarekin harreman zuzenik. Hirugarren fase integrazio sozialean, bi mundu sortzen direla zehaztu du Urangak: «Integrazio sozialaren arrakastarekin, auzoko giro bat sortu zen, baina euskararekin inolako harremanik sortu gabe».

Beraz, Donostiako auzo horretara etorri zirenek azken fasera arte ez zuten ia inolako harremanik izan euskararekin. Basurtok adierazi du gaztelania ezagutzen zutela guztiek, eta ez zutela beharrik sentitzen beste hizkuntza bat: «Hizkuntza nagusia ezagutzen zuten guztiek. Beraz, ez zuten inolako beharrik izan euskara ikasteko». Urangaren ustetan, egoera politikoak ere izan zuen zerikusia: «Haiek hizkuntza hegemonikoan hitz egiten zuten; euskara, berriz, erabat baztertuta zegoen».

Asier Basurto eta Belen Uranga Soziolinguiska Klusterreko ikerlariak, Martin Ugalden, otsailaren 22an.JON URBE / FOKU
Asier Basurto eta Belen Uranga Soziolinguiska Klusterreko ikerlariak, Andoaingo Martin Ugalden, otsailaren 22an. JON URBE / FOKU

Azken fasean hasi ziren harremanak egiten eta sendotzen: trantsizioaren garaian. Alde batetik, langile mugimenduak edota mugimendu politikoak martxan jarri ziren. Beste alde batetik, euskararen aldeko mugimenduak indarra hartu zuen: ikastolak, gau eskolak, euskaltegiak, euskal kulturak… Basurtoren hitzetan, bi munduen arteko marra «lausotu» egin zen: «Euskal kultura modernoak indarra hartu zuen, eta gazteak erakarri zituen. Azken fasean, integrazio kulturalaren bidez eraiki zen bi munduen arteko zubia. Immigranteen bigarren belaunaldiak konektatu zuen euskal kulturarekin».

«Gaur egun euskarak estatus handiagoa du, eta beste tresna batzuk ditugu egoerari aurre egiteko».

BELEN URANGASoziolinguistika Klusterreko ikerlaria

Hala ere, lurraldearekiko atxikipenean sekulako aniztasuna dago Altzara iritsitako migratzaileen artean. Urangak esan du batzuk beraien jaioterria erdigunean jarri zutela; beste batzuek, berriz, uko egin zioten jatorriari: «Muturreko sentimenduak dituzte: batzuek uko egiten diote sorterriari; beste batzuek, berriz, bertan eman nahi dituzte beraien azken egunak. Bigarren belaunaldian, identitate krisia identifikatu dugu: ez dira ez toki batekoak, ez bestekoak sentitzen».

Euskarak zuen balio integratzaileaz beranduago jabetu ziren etorkinak. 1980ko hamarkadatik aurrera, euskararen ospea berreskuratzearekin batera, etorkizunerako baliagarria izan daitekeela iruditu zitzaien kanpotik etorritakoei. Urangak azaldu duenez, etorkinen seme-alaba gehienek euskara ikasi dute; gurasoek, aldiz, ez dute pausorik eman euskara ikasteko.

Gatazkak

Hainbat urtetan, kanpotik etorritakoen egoera gogorra izan bazen ere, bertan jaiotakoentzat ere ez zen batere erraza izan. Ikerlariek hartutako laginetan elkarrizketatuek argitu dute hizkuntzarekiko etsipen sentsazioa ere sentitu izan dutela. Orokorrean, gatazkak ez ziren nabarmendu, baina bi aldeen arteko «hitz itsusiak» eta «irainak» aipatu dituzte ikerketan, Basurtok jakinarazi duenez. Altzan ere, baserritarrak vasquitoak adierarekin mespretxatzen zituzten; eta, kontrara, mantxurriano eta koreano gisakoak entzuten zituzten espainiar jatorriko migratzaileek.

2022 eta 2023 artean egin zuen ikerketa Soziolinguistika Klusterrak. Urangaren iritziz, igarotako urte hauetan guztietan lausotu egin da garai hartako irainen mina: «Orain, segur aski, lausotuak dituzte hainbat oroitzapen; agian, ez dute horretan gehiegi sakondu nahi. Hala ere, oso interesgarria da bi aldeek zer bizi izan zuten erakustea: ezintasun eta etsipen sentipena agerian jartzea».

Gaur egungo immigrazioa

Gaur egungo immigrazioan ere arreta jartzeko, irakaspenak ateratzea izan da Altzako ikerketaren helburuetako bat. Egoera, ordea, oso desberdina da gaur egun: testuinguru soziolinguistikoa bestelakoa da, aniztasun handiagoa dago migratzaileen artean...

Frankismoaren garaiko immigrazioarekin alderatuta, gaur egun euskarak «estatus handiagoa» duela azaldu du Urangak, eta «beste tresna batzuk» daudela «egoerari aurre egiteko». «Guk aztertutako fase guztietan zeregin handia dago hizkuntzari dagokionez», gaineratu du Basurtok.

Ikerketan ondorioztatu dutenez, integrazio kulturala gerta dadin, «bertako kulturaren irisgarritasuna erraztea eta sendotzea» da gakoa. Lehenengo fasean hasita izan behar dute euskararekin harremana, eta, Urangaren esanetan, «bi norabidekoak» izan behar dira bertakoen eta etorritakoen artean sortutako zubiak. Hark esan du biek egin behar diotela jaramon hizkuntzari: «Izan ere, hizkuntzak integrazio sozialerako zubi izan behar du, ez oztopo».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.