EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatuko dio zahar etxeetako lan hitzarmenaren negoziazioan parte har dezala

Alderdi subiranistak adinekoen egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzeko «akordio sendo eta zabal bat» galdegingo du Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Gipuzkoako zahar etxeetako hainbat langile, otsailaren 25ean, Donostiako Emakumeen Etxearen atarian. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako zahar etxeetako hainbat langile, otsailaren 25ean, Donostiako Emakumeen Etxearen atarian. JON URBE / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 13a
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako zahar etxeetako hainbat langile Donostiako Emakumeen Etxean itxi ziren otsailean. Bizi zuten prekaritatea salatu zuten hala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu erantzukizuna har dezala eta herrialdeko zahar etxeetan «urratsak» egin ditzala. EH Bilduren ustez, herrialdeko zaintza sistema duintzea «lehentasun bat» da, eta «ezin da atzeratu»; horretarako, ezinbestekotzat du zaharren egoitzetako langileen lan baldintzak hobetzea, «sektoreko hitzarmen kolektiboa berrituta» esaterako, «zaharkituta» baitago. Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramaileak dio ez dela onargarria zaintzaren sektorean dagoen prekaritatea «erakundeen utzikeriagatik» luzatzea. «Langileen ia erdiek lanaldi partziala dute, soldata arrakala handia da oraindik, eta lan kargak gehiegizkoak dira». Kasurako, gaur egun zaintzaile batek 92 minutu besterik ezin dizkio eskaini egoiliar bakoitzari, eta, Iriarteren irudiko, halako datuak «ez datoz bat» Gipuzkoako Foru Aldundiak defendatzen duen zaintza ereduarekin.

Elkarrekin Ahal Dugu-k eta foru aldundiak iazko abenduan onartutako aurrekontuan zera adostu zuten: ratioak jaistea eta langileen baldintzak hobetzea. Nolanahi ere, Iriartek dio neurri horiek oraindik ez direla gauzatu, eta negoziazioak «blokeatuta» daudela oraindik. «Gipuzkoako zahar etxeetako langileek egindako azken greben ondoren patronalak proposamen bat aurkeztu badu ere, sindikatuek adierazi dute ez dela nahikoa». Horrenbestez, EH Bilduk dio aldundiak duela egoera hori konpontzeko giltza. «Toki publikoen arduraduna da, eta beraz, ezin du beste alde batera begiratu». Uste du foru erakundeak «lidergoa» hartu behar duela lan gatazka hori konpondu eta langileen baldintzak eguneratzeko.

Hori dela eta, alderdi subiranistak proposamen zehatz bat aurkeztuko du aste honetako Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran, aldundiari lan hitzarmenaren negoziazioan parte har dezala eskatzeko. «Sindikatuekin eta patronalarekin eser dadila eskatuko diogu, akordio sendo eta zabal bat lortzeko. Zaintza duina bermatzea ez da aukerakoa, erakundeen betebeharra baizik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA