'Bizikleta eta Hiria' kongresua egingo dute 2027ko martxoaren 4tik 7ra bitartean, Donostian

Hiri txirrindularitzari buruzko «erreferentziazko» topaketa bat da, eta 30 urte baino gehiago dira antolatzen hasi zirela. Asmoa da bizikleta «eremu publikoa birpentsatzeko funtsezko tresna» bihurtzea.

2027ko martxoan Donostian egin asmo duten 'Bizikleta eta Hiria' kongresuaren aurkezpena, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2027ko martxoan Donostian egin asmo duten 'Bizikleta eta Hiria' kongresuaren aurkezpena, gaur, Donostian. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 26a
16:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Con Bici Bizikletaren Defentsarako Koordinakundeak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak Bizikleta eta Hiria kongresua antolatu dute 2027ko martxoaren 4tik 7ra bitartean, Donostian. Gaur aurkeztu dute jardunaldia, eta han izan dira Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako diputatu nagusiorde eta Jasangarritasun diputatua, Cristina Llorente Con Bici elkarteko presidentea, Belen Calahorro kongresuko koordinatzailea eta Julen Izagirre Kalapie elkarteko ordezkaria. 

Kongresu hori hiri txirrindularitzari buruzko «erreferentziazko» topaketa bat da, eta 30 urte baino gehiago dira antolatzen hasi zirela. Bi urtetik behin egiten dute, eta «ehunka» parte hartzaile biltzen ditu, «ezagutza zabaltzeko, politika publikoak bultzatzeko eta bizikletaren eguneroko erabilera sustatzen duten esperientzia berritzaileak zabaltzeko». 

Asensiok uste du 2027ko jardunaldi hori Gipuzkoan egin ahal izatea foru erakundea «pertsona guztientzako mugikortasun garbiagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa bultzatzeko egiten ari den lanaren aitortza» dela. «Kongresu honek aukera ematen digu Europako beste lurralde batzuetakoekin bildu eta elkarri esperientziak kontatzeko, praktika onenetatik ikasteko eta hiri eta herri osasungarriagoak, inklusiboagoak eta bizigarriagoak eraikitzen jarraitzeko, bizikleta hiri aldaketarako benetako tresna izan dadin». Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, laurehun parte hartzaile baino gehiago izango dira, bai eta Europako hainbat herrialdetako laurogei hizlari inguru ere.

Kongresua bizikletaren eguneroko erabilera sustatzeko sortu zen, hala lanera joateko nola bestelako bidaia batzuk egiteko. Hain justu, Asensiok esan du jardunaldien bidez bizikleta «funtsezko tresna» bihurtu nahi dutela, «eremu publikoa birpentsatzeko» eta «hiri bizigarriago, inklusiboago eta osasungarriago bat» sustatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!