Elkar Laguntza izeneko programa bat abiatuko dute datorren hilean Azkoitian, buru osasunari lotutako arazoak dituztenentzat. Agifes buru osasuneko arazoren bat dutenen eta haien senideen Gipuzkoako elkarteko kolaboratzaile talde batek sustatu du egitasmoa, eta Azkoitiko Udalaren babesa izan dute horretarako. Martxoaren 24an aurkeztuko dute programa, arratsaldeko zazpietan, herriko Elkarguneko Oteiza aretoan.
«Programa aitzindari honen bitartez, inoiz buru osasuneko arazoak izan dituen baina dagoeneko errekuperatuta dagoen pertsona batek, bere esperientziatik abiatuta, garai zaila igarotzen ari diren beste batzuei lagunduko die, berdinetik berdinera», esan dute Agifeseko kideek. «Erabiltzaileek dagoeneko errekuperatuta dagoen pertsona hori izango dute bidelagun, eta askotariko emozioez, arazoez eta kezkez aritu ahal izango dira harekin». Antolatzaileek diote erabiltzaileak «lagunduta, ulertuta eta zainduta» sentituko direla hala. Izan ere, Agifesekoek «itxaropena transmititu» nahi diete Elkar Laguntza zerbitzura jotzen dutenei. «Ez dago erronkei aurre egin ahal izateko hurbileko beste adibide batzuk aditzea baino ezer itxaropentsuagorik; izan ere, buru osasuneko arazoren bat duen pertsona bat arazo bera izan duen beste batek ulertuko du ondoen».
Zerbitzuak eskaintzen duen babesa laguntza psikologikoaren eta psikiatrikoaren «osagarria» dela diote sustatzaileek. «Agifesek urteetan zehar egiaztatu ahal izan duenez, horizontaltasunean eta konfiantzan oinarritutako hartu-emana oso eragingarria da, pertsonei aurrera egiten laguntzen baitie nabarmen». Esan dute erabiltzaileengan jarri nahi dutela arreta, garrantzitsua iruditzen baitzaie «diagnostikoa, gaixotasunaren mezua eta etiketak alde batera» uztea. «Ez dugu patologian zentratu nahi, arreta guztia hona datozenengan jarri nahi dugu, errekuperazioaren kontzeptua eta lengoaia lantzeko».