«Datozen asteetan» abiatuko dute Astigarraga Donostiako ospitale eta unibertsitate eremuekin lotuko duen autobus linea

Gipuzkoako Foru Gobernuaren Kontseiluak asteon onartu du linea martxan jartzeko proposamena. Asmoa da udalerriaren konexioa hobetzea eta erabiltzaileen hazkundeari erantzutea.

Lurraldebuseko autobus bat, iaz, Astigarragan. GORKA RUBIO / FOKU
Lurraldebuseko autobus bat, iaz, Astigarragan. GORKA RUBIO / FOKU
Miren Mujika Telleria.
Astigarraga
2026ko martxoaren 5a
10:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astigarraga Donostiako ospitale eta unibertsitate eremuekin lotuko duen Lurraldebuseko autobus zerbitzu berria «datozen asteetan» jarriko dute martxan, Gipuzkoako Foru Gobernuaren Kontseiluak asteon onartu baitu linea hori abiatzeko proposamena. Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak hartua zuen zerbitzu hori martxan jartzeko konpromisoa Mugitu Astigarraga plataformako kideekin, eta esan du «datozen asteetan» izango dela erabiltzeko moduan. 

Diputatuak uste du Astigarragako herritarrentzat «beharrezkoa» dela linea hori. «Astigarragak populazio hazkunde handia izan du azken urteotan, eta, horren ondorioz, Lurraldebuseko erabiltzaileak asko ugaritu dira». Izan ere, 2001ean 3.791 biztanle zituen Astigarragak, eta 2025ean, ia halako bi: 7.665. Dominguezek dio asmoa dela udalerriaren konexioa hobetzea eta erabiltzaileen hazkundeari erantzutea: «Jakin behar dugu biztanleriaren hazkundeak zerbitzu publikoetan behar batzuk sortu dituela, eta garraio publikoa ez dago horretatik salbuetsita. Hortaz, iruditzen zaigu linea berriak, Astigarragako konektibitatea nabarmen hobetzeaz gain, aukera emango digula herrian zerbitzua ematen duten lineetan erabiltzaileak hobeto banatzeko, garraio publikoa erabiltzearen esperientzia ere hobetuko baita horrela».

Bada denbora bat Mugitu Astigarraga plataformako kideak zerbitzu hori eskatzen ari direla. Joan den larunbatean, esaterako, elkarretaratzea egin zuten herriko Donostia ibilbidean, zera eskatzeko: autobus zerbitzuaren kalitatea hobetzea eta herria unibertsitatearekin eta ospitalearekin lotuko dituen autobus linea «lehenbailehen» abiatzea. Foru aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako departamentuak oraindik ez daki zerbitzu berria zein egunetan jarriko duten martxan, baina aurreratu du «aurki» izango dela erabilgarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.