Mugikortasuna

Donostia eta Hondarribiko aireportua lotzen dituen autobus linearen erabilera %70 baino gehiago areagotu da iaztik hona

E30 autobus lineak bi uda daramatza martxan, eta aurten 10.315 bidaia erregistratu ditu, iaz baino 4.376 gehiago.

Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, asteon, Hondarribiko aireportuan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, asteon, Hondarribiko aireportuan. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Miren Mujika Telleria.
2025eko irailaren 11
10:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea lotzen dituen E30 autobus linearen erabilera %73,67 areagotu da iazko udatik hona. Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi du ekainaren 20tik irailaren 7ra bitartean 10.315 bidaia erregistratu dituela linea horrek, iaz baino 4.376 gehiago —5.939 izan ziren orduan—.

Diputatuak azaldu du bidaien %58 —5.980— Donostiarako noranzkoan egin direla, eta gainerako 4.335 bidaiak Hondarribiko aireportura bidean. «Bigarren uda du linea horrek, eta albiste bikaina da hazten ari dela jakitea, erakusten baitu oso beharrezkoa zela martxan jartzea». Esan du E30a ekainaren 20an jarri zutela martxan, eta asteak igaro ahala zerbitzua finduz joan direla, erabiltzaileei «ahalik eta eskaintza onena» egiteko. «Linea horri esker, nabarmen hobetu dugu hiriburuaren eta aireportuaren arteko lotura garraio publikoaren bidez. Gainera, herritarrek oso ondo erantzun dute, gero eta gehiago egiten baitute autobusean bidaiatzearen alde». 

Diputatuak esplikatu du E30 linea ez zutela turistentzat soilik pentsatu, «ehunka» baitira zerbitzu hori erabiltzen duten gipuzkoarrak. «Herritarren benetako beharretara egokitzen eta ordutegiak hobetzen jarraitzea da garraio publikoaren erabilera sustatzeko eta demokratizatzeko modurik onena, eta bide horretan jarraituko dugu lanean». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.