Donostiako Loiolako Erriberan berrehun etxebizitza eraikiko dituztela esan du Itxasok

Lehengo astean Imanol Pradales lehendakariak esan zuen laurehun zirela Eusko Jaurlaritzak Loiolako Erriberan eraiki asmo zituen etxebizitzak.

Donostiako Loiolako Erribera auzoan eraiki asmo dituzten blokeen maketa bat. EUSKO JAURLARITZA
Donostiako Loiolako Erribera auzoan eraiki asmo dituzten blokeen maketa bat. EUSKO JAURLARITZA
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko otsailaren 9a
11:22
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako eta Hiri Agendako sailburuak oraintsu aurkeztu du sail horrek Donostiako Loiolako Erribera auzoan egin asmo dituen bizitokien aurreproiektua. Plan horrek zeresana eman du hirian azken egunotan; izan ere, Jon Insausti Donostiako alkatea eta Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eremu horretan izan ziren lehengo astean, eta Pradalesek iragarri zuen laurehun etxebizitza eraikiko dituztela han. Itxasok, baina, lehendakariaren adierazpenok zuzendu, eta esan du Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren asmoa ez dela laurehun bizitoki eraikitzea, gazteentzako eta adinekoentzako berrehun etxebizitza egitea baizik. 2027an hasiko dituzte lanak.

«Etxebizitzaren arazoak behar duen azken gauza tirabira politikoak dira», esan du Itxasok. Adierazi duenez, haren sailak urtebete darama proiektu horretan lanean, eta orain arte egindakoa «hurbilketa» bat besterik ez da. Auzokideekin elkartu nahi du aurrerago, zer behar eta kezka dituzten entzuteko.

Itxasok azaldu duenez, hainbat neurritako bloketan eraikiko dituzte berrehun etxebizitzak, eta blokerik garaienak ez ditu hamabi solairu baino gehiago izango.

Gainera, berrehun bizitokien inguruan kultur eta komunitate erabileretarako ekipamenduak eraikitzea ere aurreikusi dute. «Ekipamendu komunitarioei dagozkien beharrei erantzun nahi diegu, eta haur txokoak, gaztelekuak eta kulturguneak egin». Gune horretan 3.000 metro koadro inguruko plaza publiko bat eraikitzeko asmoa ere badute, eta horretarako hainbat irizpide hartu dituzte kontutan, hala nola etorkizuneko etxebizitzen kalitatea eta argiztapena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.