Otsailaren 24an abiatuko da Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako Emakume zientzialarien argitan hitzaldi zikloa. Hiru solasaldi izango dira denera: otsailaren 24an, martxoaren 24an, eta apirilaren 28an, eta eguzki eklipsea, lodifobia eta adimen artifiziala landuko dituzte. Donostiako Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian egingo dituzte hitzaldiok, euskaraz, arratsaldeko zazpietan denak. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren Emakume zientzialarien argitan podcastean entzun ahal izango dira.
Ekinbide horren helburua da emakume zientzialariak ezagutaraztea. Izan ere, Elhuyarreko kideek diote emakumeen ekarpenak «ezkutuan» geratu direla zientziaren eta teknologiaren historian, eta gaur egun ere «nabarmena» dela emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Hortaz, hiru emakume zientzialarik emango dituzte Emakume zientzialarien argitan zikloko hitzaldiak, Virginia Garcia Penak, Usue Mori Carrascalek eta Mijo Lizarzaburu Garciak. Aurrez aurreko elkarrizketak egingo dizkie Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia komunikatzaileak.
Virginia Garcia Pena astronomo eta Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko zuzendaritza batzordeko kideak emango du otsailaren 24ko hitzaldia —Eguzki eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago—. Besteak beste, kontatuko du abuztuaren 26an eguzki eklipse osoa ikusteko aukera izango dela Euskal Herriko leku askotan. Usue Mori Carrascalek adimen artifiziala izango du hizpide martxoaren 24ko solasaldian, eta ikuspegi kritiko batetik arituko da gai horretaz. Matematikan lizentziatua da Mori, eta egun EHUko irakaslea da Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialaren Sailean. Horrez gain, adimen artifiziala «gizartearen benetako beharretara» egokitzeko lanean aritzen da.Â
Mijo Lizarzaburu filosofoak emango du azken hitzaldia, apirilaren 28koa —Lodifobia, gorputzen diziplinamendua eta kontrol soziala—. Filosofia, Zientzia eta Balioak doktorego programan parte hartzen du EHUko IAS-Research taldean. Horrez gainera, lodifobia eta gorputzen diziplinamendua eta patologizazioa ikertzen ditu.Â