Gazteek etxebizitza eskuratzeko «eredu berritzaileak» aztertuko ditu Eibarko Udalak

'Etxean Gazte' izeneko proiektu baten bitartez egingo du azterketa, eta hala erabakiko du herrian zer eredu aplikatu.

Eibar, artxiboko irudi batean. BERRIA
Eibar, artxiboko irudi batean. BERRIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 4a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eibarko Udalak Etxean Gazte abiatuko du datorren hilean, gazteek etxebizitza eskuratzeko «eredu berritzaileak» urtebetez aztertuko dituen proiektua. Udalak eredu horietatik herrian zeintzuk aplikatu daitezkeen identifikatu nahi du hala. 

Jon Iraola Eibarko alkateak azaldu du «diagnostiko argi eta kezkagarri» batetik abiatu dutela proiektua. Izan ere, dioenez, egun Eibarren lan egiten duten hamar lagunetik sei udalerritik kanpo bizi dira, etxebizitza bat eskuratzeko zailtasunagatik, batez ere. «Biztanleriaren zahartzeak ere eragina izan du ekimen hau sortzeko garaian; biztanleen %25ek 65 urte baino gehiago dituzte».

Alkatearen irudiko, etxebizitza «elementu estrategikoa» bihurtu da Eibarren garapenean. «Zuzenean baldintzatzen du talentu gaztea erakartzeko eta atxikitzeko dugun gaitasuna, eta hori funtsezkoa da udalerriaren etorkizunerako. Kontua ez da pisu gehiago eraikitzea soilik, baizik eta ulertzea zer ereduk funtzionatzen duten beste herri batzuetan eta nola egokitu ditzakegun gure errealitatera». Vanesa Hortas Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoko zinegotziak uste du Etxean Gaztek modua emango duela «oinarri sendoa duten erabakiak» hartzeko.

Europan begia

Proiektuak Europako hainbat hiri eta herritan finkatuta dauden ereduak aztertuko ditu, hala nola «konpromiso komunitarioari lotutako alokairu merkeak», «lan trantsizioan dauden gazteentzako ostatu modularrak» eta «espekulazioa saihesten duten formula kooperatiboak». Alkateak esan du ekainetik 2027ko maiatzera bitartean udalerriko etxebizitza hutsen analisi bat egingo dutela, bai eta «gutxi» erabiltzen direnena ere. «Eibarko ekoizpen eta hezkuntza sareari lotutako langile gazteen eta ikasleen gaineko zuzeneko informazioa ere jaso nahi dugu, jakiteko zein diren haien benetako beharrak eta nolako prestasuna duten bizi formula berrietara iristeko».

Udalaren helburua ez da eredu jakin bat «berehala» ezartzea, baizik eta askotariko ereduak ezagutu eta «Eibarrentzat bideragarriak» diren bizpahiru aukera identifikatzea, gerora proposamen errealistak egiteko, hala arlo ekonomikoan nola sozialean. «Gure herriak beti jakin izan du aldaketetara egokitzen, eta hau da une horietako bat. Etorkizunari serio egin behar zaio aurre».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA