Ahotsa eta polifonia. Horiexek izango dira aurtengo Eztena arte eszeniko garaikideen jaialdiaren «hari nagusiak». Errenterian (Gipuzkoa) errotutako festibalak hemezortzigarren aldia du dagoeneko; bederatzi emanaldi izango dira denera, ekainaren 5etik 7ra bitartean, herriko plazan, Niessen kulturgunean, Lekuona Fabrikan eta Mikelazulon. Antolatzaileek Zizt kultur elkartea eta Errenteriako Udala izan dituzte lagun prestaketa lanetan.
Antolatzaileek aurreratu dute «ohiko konbentzioetatik ihes egiten duten» lanak izango direla festibalean. «Jaialdiak kantuaren mugak gaindituko ditu, bai eta herriko kale eta aretoetan ahotsa tresna, materia eta sormen espazio gisa arakatuko ere, askotariko antzerki, dantza eta musika emanaldiekin».
Festibala ekainaren 5ean hastekoa bada ere, bihar piztuko dute lehen txinparta, 17:30ean, Mikelazulon egin asmo duten irekiera ekitaldian. Aurtengo egitarau osoa aurkeztuko dute bertan, bai eta bi emanaldi «berezi» taularatu ere: AH Ahots Hutsez bost ahotsetara landutako polifonia taldearen kontzertua eta J.B. Pedradasen —Jabier Barandiaran Melero— La Fiesta Fiesta lan berria. Obra horrek pertsona bat festa «arraro» batean esnatzen den unea du abiapuntu. Ahots «arraro» bat entzuten du orduan, nolabaiteko ezinegona sortzen diona. Beste ahots «arraro» batzuk aditzen ditu gero protagonistak, eta gogor jotzen duen haizearen hotsak ere bai. Egoera horretan, dantzatzeari ekingo dio protagonistak. «Lanak nahasmendura gonbidatuko du ikuslea, dantza eta antzerki arraro baten bidez», azaldu dute antolatzaileek. Irekiera ekitaldirako sarrera librea izango da, harik eta aretoa betetzen den arte.
Ekainaren 5ean egingo dituzte jaialdiko lehen bi emankizunak, ostiralarekin. Peru Galbeteren eta Andrea Berboisen PeA lana izango da lehena, 19:00etan, Lekuona Fabrikan. Eztenako kideen hitzetan, «soinuarekin, gorputzarekin eta espazioarekin egindako esperimentu bat» da. Victoria Aimeren El Temblor konpainiak, berriz, Het Lam Gods izendatu duen zikloko Primera parte: La Pastora. Idilio taularatuko du.
Ekainaren 6an, berriz, lau obra izango dira ikusgai. Lehena Laia Estruch artistak arte garaikidean ahotsa ikertzeko laborategi performatiboan landutakoaren erakustaldia izango da, 17:30ean, Niessenen. «Lan horretan, artistak instrumentu, material eta hitzez haragoko sormen espazio gisa aztertzen du ahotsa», azaldu dute antolatzaileek. Maria Ibarretxeren Green Songs. Pequeños exorcismos clorofílicos izango da hurrena, 18:30ean, Lekuonan. Antolatzaileen hitzetan, «kontzertu intimo» bat izango da, «entzute sentikorra proposatzen duena». Tartar kolektiboarena izango da egun horretako hirugarren emanaldia, Remedios Vals, eta Eztenako kideek esplikatu dute «bals batek zeharkatzen duen pieza bat» dela, zeinak ikuslea «atmosfera absurdo» batean kokatuko duen; 19:15ean izango da hori, Errenteriako plazan. Azkenik, Parasite kolektiboak bere 1. Koadroa: epaiketa antzezlana aurkeztuko du, 20:00etan, Mikelazulon.
Festibalaren azken egunean, ekainaren 7an, Bingo Kafea antolatu dute, 16:00etan, Mikelazulon. «Igande arratsaldeko izaera mortala elkarbanatzeko site specific proposamena da Bingo Kafea», diote. «Nagusientzako txikipark dekadente honek igandean antzokira joan aurretik elkarretaratze erritua jarri nahi du erdigunean, horretarako terrazaren freskotasuna, karta jokoak, kafea, bingoa, elkarrizketa intermitenteak, musika oso ona, infusioak, pre-nekea eta post-asedura baliatuz». Egun berean, Macarena Recuerda artistak Pelikula bat balitz antzezlana aurkeztuko du 18:00etan, Niessenen, eta, antolakuntzako kideen hitzetan, «sinesgarritasunetik irrealtasunerako bidaia bat» interpretatuko du. Nazario Diezen Amanecer alto cielo dantza emanaldiak itxiko du egitaraua, 19:30ean, Lekuonan.
Estruchen formakuntza
Askotariko dantza eta antzerki emanaldiez gain, prestakuntza saio bat ere izango da aurten, Laia Estruch artistak gidatua. «Horixe da aurtengo Eztena jaialdiko plater nagusia», antolatzaileen arabera. «Gorputzaren eta entzutearen bidez, soinu adierazpen forma berriekin esperimentazioa lantzeko laborategi performatiboa izango den ikastaroa eskainiko du jaialdiak iraun bitartean, Niessenen».
Zehaztu dute formazio saiook 18 urtetik gorakoei zuzenduta daudela, eta izen ematea zabalik egongo dela maiatzaren 30era bitartean, ikastaroakeztena@gmail.com helbidean.
EGITARAUA