PROPOSAMENA: ERREKORTARI TXAPELKETA AZPEITIAN

Ekitaldi eta plaza «berezia» izkingileentzat

Puntako bederatzi izkingile lehiatuko dira gaur arratsaldean Azpeitiko zezen plazan. Eusebio Sacristan 'Use'-k nagusitasuna erakutsi du azken urteetan, eta zortzigarren garaipena lortzea izango du helburu.

Izkingile bat, 2024an, Azpeitiko izkingile txapelketan. HITZA
Izkingile bat, 2024an, Azpeitiko izkingile txapelketan. HITZA
AZPEITIA
2025eko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaurko egunez, Azpeitiko zezen plazak «ekitaldi berezi bat» hartu ohi du urtero: izkingileen txapelketa. Azpeitiko Zezen Beltz elkarteak 2008az geroztik antolatzen du sariketa, Toropasion enpresarekin eta Azpeitiko Udalarekin batera. Herriko eta Euskal Herriko zaleentzat, festetako egitarauan huts egin ezinezko ekitaldia da, harmailak jendez lepo betetzen baitira izkingileen erakustaldietan. 18:30ean hasiko da txapelketa, eta dena prest dute horretarako. «Punta-puntako» bederatzi izkingilek parte hartuko dute: Eusebio Sacristan Use-k, Javier Hernandizek, Israel Perezek, Daniel Alcalak, Jorge Gomezek, Ander Martinezek, Mikel Vallejok, Paquito Murillok eta Sergio Vallek. Lehen fasean, hiru multzotan banatuko dituzte parte hartzaileak, eta hala aterako dira zezen plazara, eta talde bakoitzeko onena finalerako sailkatuko da. 

Zezen Beltz elkarteak hamazazpi urte bete ditu aurten, eta belaunaldi aldaketa iritsi da taldera. Eskarmentudunek askotariko zereginetan jarraitzen dute elkartean, eta gazteak hasiak dira antolaketa lanetan; adibidez, Eneko Martija (Azpeitia, 2000). Hark esan du elkartearen egutegian «garrantzi handia» duela izkingile txapelketak, «bai barrura begira, bai herriari begira».

«Ahalegintzen gara askotariko modalitateetan arituak diren kideak ekartzen; aniztasuna eskaintzen saiatzen gara, ikuskizuna ez dadin monotonoa izan»

ENEKO MARTIJAAzpeitiko Zezen Beltz elkarteko kidea

Martijak dioenez, txapelketak «sona handia» du, eta «ardura» eskatzen du. Behin inauteriak igarota hasten dira prestaketa lanetan, eta, antolaketan «ordu asko» ematen dituzten arren, Zezen Beltzeko kideak dio merezi duela halako ahalegina egitea, herriak «harrera beroa» egiten baitio. «Txapelketa urtero jotzen dugu ontzat. Santiago eguna garrantzitsua da Azpeitian, eta jendea izkingileen zain egoten da. Beraz, jendeak egutegietan gordeta dauka eguna».

Martijak kontatu du parte hartzaileak aukeratzeko orduan «zalantzan» ibiltzen direla beti, batzuetan bederatzi izkingile lehiatzen baitira, eta beste batzuetan hamabi. Hainbat faktorek dute eragina horretan: zezenek, gastuek eta izkingileen agendak. Dena den, beti saiatzen dira Euskal Herriko izkingileak lehia daitezen. Aurten, adibidez, hiru arituko dira: Ander Martinez, Sergio Valle eta Mikel Vallejo. Toropasionek aukeratzen ditu gainerakoak, eta aldiro saiatzen da «punta-puntan» daudenak hautatzen. «Ahalegintzen gara askotariko modalitateetan arituak diren kideak ekartzen: jauzietan arituak, izkin egiten, pasean... Aniztasuna eskaintzen saiatzen gara, ikuskizuna ez dadin monotonoa izan», esan du Martijak. 

Gainera, egitarauari «zerbait berria» gehitzen ahalegintzen dira urtero. Aurten, esaterako, uztaien erakustaldia egingo dute Xabier Iturralde azpeitiarrak eta Javier Soler valentziarrak. Iaz Errekortarien Espainiako Uztai Txapelketa irabazi zuten biek, eta Zezen Beltzeko kideak dio azken hilabeteotan «erakustaldi bikainak» egin dituztela plazetan. «Iturralde uztaiekin aritzen diren izkingileen olatuan dago, eta pentsatu genuen polita izan daitekeela herritarrei erakustea zer-nolako maila daukan». 

Use, zortzigarrena irabazi nahian

Eusebio Sacristan Use (Valladolid, Espainia, 1989) aise nabarmendu da azken urteetan Azpeitian. Zazpi aldiz irabazi du sariketa —azkena, iaz—, eta «miresmen berezia» dio Azpeitiari, ekitaldiari eta plazari. Usek esan du «gogoz» dagoela gaurko, «sasoi onean» iritsiko dela. «Esango nuke Azpeitiko zezen plaza onenetarikoa dela. Ikusle jakintsuak elkartzen dira, eta harrera ezin ederragoa egiten digute izkingileoi». Nabarmendu du izkingile gisa egindako ibilbidean «garrantzi handia» izan duela Azpeitiko plazak, eta «talismantzat» daukala.

«Urtero esaten dut Azpeitikoa plaza zaila izaten dela, parte hartzaile guztiak indarrez eta gogoz ateratzen baitira zezenaren aurrera»

EUSEBIO SACRISTAN, 'USE' Errekortaria

Faboritoa da Use, baina hark dio «lehia bizia» espero duela, «plaza ederra bezain zaila» delako. Nolanahi ere, aitortu du zortzigarren garaipena nahi duela. «Urtero esaten dut Azpeitikoa plaza zaila izaten dela, parte hartzaile guztiak indarrez eta gogoz ateratzen baitira zezenaren aurrera». Horregatik, zaleei eskatu die ikuskizuna zaintzeko. «Jarrai dezatela txapelketa eta tradizioa zaintzen, horri esker baita hain berezia Azpeitiko txapelketa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.