PROPOSAMENA: TXIMIST CUP FUTBOL TXAPELKETA HONDARRIBIAN

Berdintasuna helburu Tximist Cupen

Tximist Cup emakumezkoen futbol txapelketa jokatuko dute bihartik hilaren 22ra arte. Munduko talderik onenen harrobiak lehiatuko dira. 2.500 jokalarik baino gehiagok parte hartuko dute.

Realeko jokalariak, iazko saria jasotzen. TXIMIST CUP
Realeko jokalariak, iaz, Hondarribian, Tximist Cupeko saria jasotzen. TXIMIST CUP
urko iridoy alzelai
Hondarribia
2025eko ekainaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Aintzane Encinas Realeko jokalari ohiak neska gaztez osatutako areto futboleko txapelketa bat egitea proposatu zion 2015ean Juan Carlos Samaniego Tximist Realeko prestatzaile fisikoa zenari. Tximistek Hondarribiko Udaleko kide baten kontaktua bidali zion Encinasi, txapelketa sortzen lagunduko zion batena. Handik egun batzuetara zendu zen Tximist, 2016ko urtarrilaren 8an. Encinasek ez zuen etsi, eta txapelketaren ideiarekin segitu zuen. Lortu zuen antolatzea, Hondarribian, eta Tximist Cup izena jarri zion, lagunaren omenez, baita Tximist fundazioa sortu ere. Txapelketak bederatzigarren aldia du aurten, eta bihartik hilaren 22ra egingo dute. Realak eta Suediako Hammarbyk jokatuko dute lehen partida, bihar, 09:15ean.

Encinasek esan du urtez urte handituz doala txapelketa. «Lehen aldian, berrehun emakumek parte hartu zuten, eta orain 2.500 inguru dira. Beraz, esan dezakegu proiektuak bilakaera ona izan duela». Bederatzi urtean, 15.000 jokalari baino gehiago aritu dira Tximist Cupen. Hasieran, txapelketan areto futbola baino ez zegoen, eta, orain, berriz, zortziko futbola ere badago, talde bakoitzean zortzi jokalarik jokatzen duten modalitatea. «Hiru kategoria ditugu: 14 urtetik beherako neskena, 7 urtetik beherakoena, eta futbolari ohiak garenok osatzen duguna», dio Encinasek, Tximist Cupeko zuzendariak.

(ID_17497215145925) (/EZEZAGUNA)
Aintzane Encinas eta Juan Carlos Samaniego Tximist, Zubietan, Realaren instalazioetan. HITZA

Bihar hasiko dira gazteen kategorietako partidak, eta igandean jokatuko dituzte kategoria horietako azken faseak. Futbolari ohien partidak, berriz, datorren astean izango dira. «Datorren astean ere mailarik oneneko jokalariak izango ditugu. Entzute handiko tituluak irabazitakoak dira asko; ligak eta kopak irabazitakoak, besteak beste», esan du Encinasek. «Gainera, aitzakia bat da guk berriro futbolean jokatu ahal izateko».

Realeko jokalari ohiak dio «munduko futbol talderik onenen harrobiek» parte hartu ohi dutela Tximist Cupen, hala nola Bartzelonak, Olympique Lyonek, Wolfsburgek, Paris Saint Germainek eta Manchester Cityk. Aurten ere arituko dira talde horiek. «Lortu dugu Tximist Cup  ezaguna izatea nazioartean, eta urtetik urtera handitzen ari da. Egindako lan guztiaren fruitua da dena». Encinasek esan du txapelketaren antolakuntzak talde ugari gonbidatzen dituela, eta gehienek gustura ematen dutela baiezkoa. «Esperientzia izugarria izaten da taldeetako harrobietako jokalarientzat». Kanpoko talde batzuek ez ezik, Euskal Herriko beste batzuek ere jokatzen dute. «Hemengo jokalarientzat, ikaragarria da munduko talderik onenen aurka lehiatzea. Oso berezia izaten da».

Tximist Cupeko zuzendariak uste du txapelketa «aukera paregabea» dela parte hartzaileentzat. «Ilusioz beterik sartzen dira zelaira». Kontatu du bera gaztea zenean ez zuela aukerarik izan halako torneoetan aritzeko. «Gaztea nintzenean, ez zegoen horrelakorik. Txapelketa guztiak mutilentzat ziren, eta neskok ez genuen aukerarik izaten parte hartzeko. Horregatik,  berdintasuna lortzea du helburu Tximist Cupek, denek izan dezaten horrelako esperientziak bizitzeko aukera».

(ID_17496462460755) (/EZEZAGUNA) Tximist cup
Bi futbol jokalari, iaz, elkar besarkatzen, Tximist Cup txapelketan, Hondarribian. TXIMIST CUP

Bide berean jarraitzeko asmoa dute. «Askok galdetzen digute ea zergatik ez ditugun mutilak sartzen txapelketan, baina guk asmoa dugu gure xarmari eusteko, besteengandik desberdintzen baikaitu horrek».

Nolanahi ere, Tximist fundazioak neska-mutilen arteko berdintasunaz bestelako arloak ere lantzen ditu. «Badakigu gaur egun edonor ezin dela futbolean aritu», adierazi du Encinasek. «Materiala, adibidez, oso garestia da, eta badira diru hori ordaindu ezin duten familiak. Futbolean aritzea eskubide bat da, gure ustez. eta horren alde lan egitea da gure helburua, edozeinek jokatzeko aukera izan dezan».

Kongresutik zelaira

Hondarribian partidak jokatzeaz gain, She Leads kongresua egingo dute gaur, Donostiako Anoetan, 17:30ean hasita. Emakumezkoen futbolarekin lotutako hainbat lagun elkartuko dira. «Denera 24 hizlari izango ditugu, eta tartean izango dira Manchester Cityko, Inter Milaneko eta Olympique Liyoneko entrenatzaileak, Twenteko zuzendaria, eta instituzio batzuetako ordezkariak», jakinarazi du Encinasek. «Futbolaz eta berdintasunaz hitz egiteko gune bat izango da». Kongresua txapelketa baino lehenago egin ohi dute urtero. «Helburua da han hitz egindakoak gero zelaian praktikan jartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.