Eskolarik gabeko egunetan Aspaceko ikasleei arreta emateko zerbitzu osagarri bat abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Aspacek, ikasturteko egunez gainera, 33 arreta egun eskainiko ditu zentro horietan, bai eta jantoki eta garraio zerbitzua ere.

Gasteizeko Aspace elkartearen bulegoaren sarrera artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Aspace elkartearen bulegoaren ataria, artxiboko argazki batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 7a
15:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aspacek iazko udan jakinarazi zuen murriztu egingo zuela elkarteko langileen lanaldia, hezkuntza sektoreko langileen lanaldira egokitzeko. Horrek Aspaceko 3 eta 20 urte bitarteko ikasleek 33 eskola egun gutxiago izatea eragin zuen —213 eskola egun zituzten lehen; orain, 180—, eta Aspaceko familia batzuk haserre agertu ziren horregatik. Gipuzkoako Foru Aldundiko Zainketa eta Gizarte Politiketako departamentuak zerbitzu osagarri bat abiatu berri du Donostiako, Bergarako, Beasaingo, Irungo eta Eibarko Aspaceko zentroetan, ikasleek eskolarik gabeko egunetan ere arreta jasotzeko aukera izan dezaten.

Aspacek, ikasturteko egunez gainera, 33 arreta egun eskainiko ditu zentro horietan, bai eta jantoki eta garraio zerbitzua ere. 09:00etatik 17:00etara emango ditu eskolak, eta «ikasle bakoitzaren premia zehatzetara» egokituko dituzte. «Egitasmo horrek indartu egiten du aldundiak pertsonak ardatz dituen zainketa eredu batekiko konpromisoa», esan du Maite Peña foru diputatuak. «Eredu horrek familien benetako premiei erantzun nahi die, bai eta garapen, ongizate eta autonomia prozesuetan etengabeko laguntza bermatu ere».

Diputatuak dio hainbat gaitasun garatzeko —motorrak, kognitiboak, komunikatiboak, sozialak eta emozionalak— «etengabeko laguntza» behar dela, eta hain zuzen ere, horixe dela abiatu berri duten programaren helburua. «Gure asmoa da trebetasun horiek mantentzea eta indartzea, ikasleei aurrera egiten laguntzeko. Gainera, familiei egunerokoan egonkortasun eta laguntza handiagoa izateko esparru bat eskaintzen zaie hala. Izan ere, kontua ez da zerbitzu bat zabaltzea soilik, baizik eta familien benetako behar bati egiturazko erantzuna ematea, haien bizi kalitatea hobetu eta kontziliazioa erraztea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA