Estanis Amutxastegi hil da, Andoaingo alkate izandakoa

2009. eta 2011. urteen artean bete zuen kargua, PSE-EEren izenean. Erasoak eta mehatxuak jasan zituen.

Estanis Amutxastegi, eskuinean, Joseba Pagazaurtunduari 2011n Andoainen egindako omenaldian. JUAN HERRERO / EFE
Estanis Amutxastegi, eskuinean, Joseba Pagazaurtunduari 2011n Andoainen egindako omenaldian. JUAN HERRERO / EFE
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko azaroaren 27a
14:39
Entzun 00:00:00 00:00:00

Estanis Amutxastegi hil zen atzo, Andoaingo alkate eta PSE-EEko kide izandakoa, 74 urterekin. Alderdi sozialistaren zinegotzi izan zen hainbat urtez Andoaingo Udalean, eta 2009. eta 2011. urteen artean alkatea izan zen, Jose Antonio Perez Gabarainen lekukoa hartuta. ETAri aurre egitegatik nabarmendu zen, eta mehatxuak eta erasoak pairatu zituen.

Gaztea zela, frankismoaren aurkako erakundeetako militantea izan zen Amutxastegi. Besteak beste, PTE Espainiako Lanaren Alderdia eta JGRE Espainiako Guardia Gorri Gaztea taldeetan egon zen. CSUT eta CCOO sindikatuetan ere jardun zuen, eta EE Euskadiko Ezkerra alderdiaren kide bilakatu zen. Ondoren, PSE-EE koalizioa osatu zuen alderdi horrek, eta talde horretan sartu zen.

Amutxastegiren eta haren familiaren aurka zenbait eraso egin zituzten. Esaterako, Andoainen zuten etxebizitza erre zieten 2003an jaurtigai pirotekniko bat botata, alkate ohiaren alaba barruan zegoela. Amutxastegiri eta haren alabari autoa ere erre zieten. ETAk Andoainen hildako Joseba Pagazaurtundua udaltzainburuaren eta Jose Luis Lopez de Lacalle kazetariaren adiskidea zen. 

Gipuzkoako PSE-EE Amutxastegiren heriotza deitoratu du. «Garai oso gogorretan askatasunaren alde egin zuen borroka eta lan nekaezina gure oroimenaren eta historiaren parte dira», nabarmendu dute. PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak ere hark egindakoa azpimarratu du: «Askatasunaren alde Euskadin egindako borroka goresgarriaren adibide bat izan zen. Penaz agurtzen dugu, ETAren terrorismoaren aurrean hainbatek izandako erresistentziaren oroitzapenarekin». 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA