Irungo irakaslearen aurkako 22 urteko kartzela-zigor eskaerari eutsi dio fiskaltzak

Esan du akusatuak «oso gauza larriak» egin dituela, eta halakoak zigortu egin behar direla. Defentsak zigor eskaria murrizteko eskatu du.

Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, gaur, Donostian. EFE
Irungo ikastetxe bateko irakaslearen aurkako epaiketa, gaur, Donostian. EFE
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 25a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gaur izan da Irungo (Gipuzkoa) ikastetxe bateko irakasle baten aurkako epaiketaren bigarren saioa. Zera leporatzen diote: hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egin izana, Internet bidezko hurbiltze sexualeko bi delitu, exhibizionismo delitua eta baldintzapeko mehatxu arinen delitua. Hargatik, fiskaltzak 22 urteko kartzela zigorra zuen eskatua gizonarentzat, eta gaurko saioan eutsi egin dio eskaera horri. Akusatuaren defentsak, baina, zigor eskaera murrizteko galdegin du. Gizona atzo zen epailearen aurretik pasatzekoa, baina berak hala eskatuta, gaur deklaratu du, ikasle eta irakasle biren ondotik.

«Harreman handia daukagu». Hala abiatu du deklarazioa irakasleetako batek. «2023-2024ko ikasturtean Irungo ikastetxean egin genuen lan biok, baina aurretik egonak ginen elkarrekin beste eskola batean». Andreak esan du, bere irudiko, ikasleak zirela akusatuarengana joaten zirenak, eta ez alderantziz. «Ez zuen ezer nahi ikasleekin. Sekula ez nintzateke izango irakasle batek ikasle batzuei egindako eraso baten konplize». Fiskaltzak auzipetuaren Instagrameko kontu faltsu baten berri eman dio orduan emakumeari —kontu hori erabiltzen zuen ikasleekin hitz egiteko—: «Ba al dakizu zeure abizena erabiltzen zuela bere Instagrameko kontu faltsu horretan?». Ez zuen horren arrastorik. Fiskaltzak pantaila argazki bat erakutsi dio orduan, gizonak ikasle adingabe bati zera esaten ziona: «Lagunduko didazu sugar baby batzuk bilatzen?». Andreak hasierako deklarazioaren norabidea aldatu du orduan: «Ez zait batere gustatu hau jakitea». 

Bertsuak izan dira ondotik deklaratu duen irakaslearen adierazpenak. Akusatuaren alde azaldu da aurrena, eta esan lankidearengan ez zituela ikusi leporatzen zaizkion jarrerak, eta ikasleen artean «oso ohikoak» zirela sugar daddy, sugar baby eta antzeko kontzeptuak. Fiskaltzak beste irakasleari erakutsitako pantaila argazki bera erakutsi dio orduan, eta harritu egin da mezua irakurritakoan.

Lekukoek deklaratu bitartean, auzipetua, besteak beste, haserre imintzioak egiten aritu da, bai eta bere abokatuari aldamenetik hizketan ere. Epaileak hainbat aldiz agindu dio isiltzeko, eta esan utz ziezaiola defentsari bere lana egiten.

Auzipetuaren jarrera

Akusatutako irakaslea izan da deklaratzen azkena, eta bi aldeen galderei erantzutea erabaki du. Biktima gisa mintzatu da gizona une oro, baina fiskaltzak gezurtatu egin nahi izan du bertsio hori. Izan ere, galdetu dio ea bera zegoen Instagrameko kontu faltsu horren atzean, eta akusatuak aitortu du baietz. Publikoa zen kontu hori, eta hortaz, edonork bidali ahal zizkion mezuak. «Ez bazenuen zure ikasleek zuri mezurik bidaltzerik nahi, zergatik ez zenuen kontua pribatu bihurtu?», galdetu dio fiskaltzak, eta gizonak erantzun dio ez dakiela halakorik egiten, ez dela moldatzen sare sozialetan. Nolanahi ere, fiskaltzak zera esan dio: teknologia, ingeniaritza eta irakasle ikasketak dituen pertsona batek jakin beharko lukeela Instagrameko kontu bat pribatu bihurtzen.

Gizona deklaratzen ari zela, epaileak hainbat aldiz adierazi dio izaten ari zen jarrera ez zela egokia, eta mehatxu egin dio hala jarraitzen bazuen aretoko ateak itxiko zituela. Ez du jarrera zuzendu: etengabe errepikatu ditu ikasle adingabeen izen-abizenak, epaileak behin eta berriz adierazi dion arren halako datuak ezin direla aipatu. Hortaz, epaiketa aditzen ari ziren guztiek atera egin behar izan dute handik. 

Deklarazioak amaituta, bi aldeek beren ondorioak defendatu dituzte, hala fiskaltzak nola auzipetuaren abokatuak. «Laguntasun harreman bat baino ez zegoen akusatuaren eta ikasleen artean. Uste dut nahastu egin zela ikasleen lagun izatearekin, baina ez zuen inolako asmo txarrik», esan du defentsak. «Gaur deklaratu duten irakasleek esan duten bezala, ikasleen artean oso ohikoak ziren sugar baby, sugar daddy eta antzeko kontzeptuak, eta horrek eraman du akusatua ikasleen lengoaia bera erabiltzera». Hortaz, abokatuari iruditzen zaio ez dagoela adingabeenganako abusu kasu baten zantzurik.

Bestela pentsatzen du, ordea, fiskaltzak: haren esanetan, gizonari leporatzen zaiona ez da «jokabide puntual» bat. Are, uste du «ongi» zekiela zer ondorio izan zitzakeen bere jarrerak. «Akusatuak iPhone bat zuen egoera hau lehertu aurretik, eta mugikorra aldatu zuen segidan, eta Android bat hartu. Ez zuen ausaz aldatu. Teknologia ikasitakoa da: bazekien iPhone batean hodeiak ikasleekin izandako elkarrizketen eta bestelakoen segurtasun kopia gorde zezakeela, eta hori eragozteko erosi zuen Android bat, iPhoneak bestelako sistema bat duelako».

Fiskaltzak esan du akusatuak «oso jarrera desegokiak» izan dituela ikasle adingabeekin, eta halako jarrerak zigortu egin behar direla. «Gizon honek oso gauza larriak egin ditu, nahiz eta bere burua justifikatzen saiatu. Egin dutenaren arabera epaitzen ditugu guk pertsonak, eta uste dugu gizon honek egindakoak nahikoa frogatuta daudela». Hargatik, eutsi egin dio gizonarentzat aurrez eskatutako espetxe zigorrari: 22 urte. Auzipetuaren defentsak zigor eskaera murrizteko eskatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!