Hainbat eta hainbat ikasle, herriko talde feminista, hezkuntzako ikuskatzaile bat, ikastetxeko zuzendaria eta bi irakasle. Eta guztiek bat egin dute Gipuzkoako Fiskaltzak epaiketan eman duen bertsioarekin: irakasle batek jokabide desegokiak izan zituela ikasleekin, ikastetxean eta hezkuntza esparrutik kanpo. Gizonak, kontrara, erran du ikasleak zirela «bere atzetik» joaten zirenak. Aipamenik ez irakasle batek bere ikasleekiko duen botere harremanaz, eta horrek guztiak esan nahi duenaz. Aipamenik ez ikasleei klasean pornoa jarri izanaz. Aipamenik ez ikasleei sexuaren truke dirua eman edo opariak erosiko zizkiela errateaz edo musuak eskatu izanaz.
Epaiketan lekukoek erran duten arren ez dela hala, 13 urteko nerabe bat «irakasle baten atzetik» joan izan balitz, ez al litzateke irakaslea arduratu behar hori gelditzeaz? Akaso gizon horrendako ez. Harendako horiek ez direlako jokabide desegokiak, edo delitua ez, bederen. Eta horregatik ez du onartzen defentsak zigor eskaera.
Fiskaltzak, baina, 22 urteko kartzela-zigor eskaerari eutsi dio, bertzeak bertze hiru ikasle adingaberi diruaren edo oparien truke sexu harremanak izateko proposamenak egitea egotzita. Harendako eta saioan deklaratu duten hainbat eta hainbat lekukorendako onartezina delako irakasle batek ikasle bati galdetzea zein den bere bularretakoaren zenbakia, ikasleekin harremanetan jartzea telefono pertsonalaren bidez, jolasgaraian haietako batekin giltzapetzea edo ikasle nerabeak magalean eseraraztea. Horiek ez dira desegokiak akusatuarendako. Zertaz? Pasarte horietako batzuk berak kontatuak direlako orain sei urte argitaratutako liburuan. Are, argitalpen horretan bertan onartu egiten du adin txikiko ezagunak zeuden ikastetxeak hautatu izan dituela «zale klubaren» efektua sortzeko. Baina ikasleak ziren «bere atzetik» zihoazenak.Â
Ikasleek bizitakoak zalantzan jartzea aski ez, eta haien testigantzak jaso, entzun edo berretsi dituztenak ere jopuntuan jarri ditu. Epaiketa saioan bertan etengabe moztu zituen testigantzak, eta Oiartzungo Asanblada Feminista, berriz, auzitara eraman nahi du. Argi dago: beldurra kontrolerako mekanismo zaharra da. Erasotzaileak botere harremanez baliatu eta hori ukatzea bezainbertze.Â