Futbola Gipuzkoan: andrazko arbitro faltan

Gipuzkoako federazioak jakinarazi du emakumezko epaileak falta direla herrialdean. Emakumezko jokalari gehien dagoen lurraldea izanik ere, arbitroen kasuan oso gutxi dira emakumezkoak. Epailearen figurak geroz eta ospe hobea duela dio federazioburuak.

(ID_17061775485465) (/EZEZAGUNA)
BERRIA
jone arruabarrena
Donostia
2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

Nerea Rebollok (Lasarte-Oria, 2002) eta Naroa Garaialdek (Tolosa, 2001) arbitratzen dituzte Gipuzkoako Futbol Federazioak asteburuero Gipuzkoan kudeatzen dituen 330 partidetako batzuk, eta asteburu honetarako ere epaile lana egiteko deitu diete. Herrialdeko federazioak Anoetako estadioan daukan egoitzan elkartu dira, eta, esan dutenez, batzuek oraindik «harriduraz» begiratzen diete zelaira irteten direnean: «Oraindik ez dago normalizatuta emakumezko arbitroak egotea», dio Rebollok. Izan ere, laurehun arbitro ditu federazioak, eta horietatik hamabi soilik dira emakumezkoak. Andrazko arbitro gehiago behar dituztela ohartarazi du elkarteak, azken asteotan martxan jarri duen kanpaina baten bidez.

«Emakumezko futbol jokalariei dagokionez estatuko kopururik handiena daukagu, erreferenteak gara», dio Manu Diaz (Bergara, 1965) Gipuzkoako Futbol Federazioko lehendakariak. «Estatuko batez bestekoari begiratzen badiogu, ehun jokalaritik zortzi dira izan ohi dira neskak. Gipuzkoan, berriz, ehunetik hogei. Lehenengoak gara, liderrak. Baina gure ekosistema ez dute soilik jokalariek osatzen. Epaileei dagokienez, esaterako, emakume kopurua oso txikia da».

Arbitroa eta jokalariak
Futbolean emakumezko arbitroen eta jokalarien arteko ezberdintasuna Gipuzkoan. ITURRIA: GIPUZKOAKO FUTBOL FEDERAZIOA

Ohikoa da epaileak hasieran jokalari moduan sartzea futbolaren munduan, eta, baloiaren atzetik ibiltzera ohitzen direnean, aukera gisa ikusi ohi dute arbitratzea. Baina emakumezko futbolean ez da horren ohikoa aldaketa hori egitea, Diazen hitzetan: «Neskei, normalean, gehiago gustatu ohi zaie soilik jokalari moduan aritzea. Gainera, gizarteak ere horrela ikusi ohi ditu, eta arbitroa gehiago lotzen da gizonezko figura batekin».

Rebollo eta Garaialde batera hasi ziren futbolean jokatzen, baita arbitro gisa aritzen ere, eta azkenerako arbitro lana aukeratu dute. 16 urterekin hasi zen lehena, eta 17rekin bigarrena. «Lehenengo urtean, futbolean jokatu eta arbitratu, dena batera egiten nuen, baina hurrengoan erabaki nuen soilik arbitratzea. Horretan ari naiz oraindik ere sei urteren ondoren», esan du Garaialdek. Rebollok ere bi gauzak batera egiten zituen hasieran, baina, gero, denbora falta zela eta, jokalari postua utzi eta epaile modura jarraitu zuen.

(ID_13510175) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-18, Donostia. Naroa Garaialde arbitroa
Nerea Rebollo eta Naroa Garaialde, ostiralean, Donostian, Gipuzkoako Futbol Federazioko egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU

Hala ere, biak bat datoz: epaile izateko pausoa ematea kostatu egiten zaie jokalariei oro har, baina emakumezkoetan are ezohikoagoa da aldaketa egitea. «Mutilen kasuan ere gauza bera gertatzen da. Baina, azkenaldian, gizonezkoetan geroz eta arbitro gehiago daude, eta ezagunak dira batzuk. Nesketan, ordea, arbitro falta are nabariagoa da, emakumezkoak gutxiago garelako futbolean, eta, beraz, epaileen kasuan ere ezberdintasuna handiagoa da. Futbolaren gaineko beste begirada bat falta da», azaldu du Rebollok. Azken urteetan Gipuzkoan egon den emakumezko jokalarien hazkundeari ere erreparatu dio Garaialdek, eta epaileetan egon den geldialdia nabarmendu du: «Gu hasi ginenean, duela sei urte inguru, hamabi arbitro ginen Gipuzkoan, eta garai hartan nahikoa ziren. Baina jokalari kopurua handitu egin da, eta hamabi arbitro oso gutxi dira».

«Ez dugu izan emakumezko arbitroen aurkako eraso matxistarik».

 MANU DIAZGipuzkoako Futbol Federazioko presidentea

Gipuzkoan emakumezko arbitro gutxi egon da beti, Diazen arabera. Esan duenez, Bizkaian eta Nafarroan gehiago daude, esate baterako, eta, emakumezko jokalarien kopurua handitu den heinean, gora egin du epaile kopuruak ere. Beste arlo batzuetan ere emakumezkoen igoera nabariagoa izan da, lehendakariaren hitzetan: «Trantsizio hori —entrenatzaileetan, adibidez— askoz errazagoa izan da. Formakuntza ikastaro asko eman ditugu entrenatzaile izateko, eta azken urteetan 120 lizentzia banatu zaizkie emakumezko entrenatzaileei». Hala ere, federazioburuak nabarmendu du futbolean eboluzio hori «normala» dela; jokalari izatetik entrenatzaile izatera igaro ohi dira jokalariak, eta ez da horren ohikoa aldaketa epaile izateko egitea. Horrez gain, federazioak laugarren katebegi bat erantsi nahi dio trantsizio horri: zuzendaritzetan ere emakume gehiago egotea nahi du. Hain justu, Emakumezko Futbolaren Gipuzkoako Sarea aurkeztu zuten abenduan, epaile, entrenatzaile eta zuzendari postuetan emakume gehiago egotea bultzatzeko.

Zailagoa?

Baina zergatik da zailagoa epaile izateko pausoa ematea? «Nire ustez, gurasoek esango dutenaren beldur direlako izaten da askotan. Zelaian arbitroak bakarrik iraintzen dituzte, eta horrek atzera botatzen du. Baina, azkenean, pauso bat eman behar duzu, zugan sinistuta», esan du Garaialdek. Diaz bat dator; haren ustez, epaile izateko erabakia zailagoa izan ohi da, «hedatuta ez dagoen postu bat» delako: «Gaur egun, neskek etxean esaten badute futbolean hasi nahi dutela jokatzen, hori oso modu naturalean hartzen da, eta ez dago, beste leku batzuetan bezala, mutilentzako kirola den ustea. Barneratuta dago neskak futbolean jokatzea, eta barneratzen ari da ere neskak entrenatzaileak izango direla. Baina epaile izan nahi dutela esaten badute, hor badago beste zera bat».

«Duela sei urte, jada hamabi arbitro ginen Gipuzkoan, eta garai hartan nahikoa zen». NAROA GARAIALDEArbitroa

Dena den, geroz eta eraso gutxiago egiten dira, federazioko presidenteak jakinarazi duenez. Diazek esan du Gipuzkoan arbitroaren figurari «errespetuz» begiratzen zaiola: «Ez dugu izan emakumezko arbitroen aurkako eraso matxista, mehatxu edo irainik. Gure futbol zelai batean norbaitek horrelako zerbait egiten badu, jendeak pertsona hori kalera botatzen du».

(ID_13510173) (Gorka Rubio/@FOKU) 2024-01-18, Donostia. Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea
Manu Diaz Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea, Donostian, federazioaren egoitzan, joan den ostiralean. GORKA RUBIO / FOKU

Bi epaile emakumezkoek ez dute inoiz kutsu matxistako erasorik pairatu zelaian, baina Rebollok adierazi du batzuetan sumatzen dutela ezberdintasunik gizonezko arbitroekiko: «Nabaritzen dut jendea harritu egiten dela zelaira ateratzen naizenean, edo batzuetan partida bukatzean esaten dizute: 'Nahiz eta neska izan, oso ondo egin duzu!'. Nahikoa izango litzateke esatea oso ondo egin dudala».

«Batzuetan partida bukatzean esaten dizute: 'Nahiz eta neska izan, oso ondo egin duzu!'»

NEREA REBOLLOArbitroa


Geroz eta gehiago

Diazek azpimarratu du gizartean sexu gaiei dagokienez izan den aldaketa Gipuzkoa mailako futbolean ere islatu dela, eta zelaian ere ikusi du hori Rebollok: «Ikusten dut jendeak orain bi aldiz pentsatzen duela esan behar duena. Geroz eta errespetu handiagoa dute». Herrialdean emakumezko batek joan den urtean arbitratu zuen lehen aldiz gizonezkoen preferenteko final bat. «Kontuan hartu behar dugu emakumeak geroz eta maila altuagoetan daudela, eta geroz eta emakumezko gehiago dabiltzala futbolean, orokorrean», esan du Garaialdek. 

Arbitroen kasuan ere «geroz eta gehiago» egongo diren esperantza dauka Diazek: «Emakumezko asko konturatuko dira sekulako aukera dagoela arbitro gisa profesionaletara salto egiteko. Kontua da mutilek arbitroen kasuan ere erreferente gehiago dauzkatela». Ildo horretatik, aipatu du federazioko arbitro izateko pausoak «errazak» direla: «Federazioan izena eman, eta ikastaro bat egiten da, beteranoak diren arbitroen babesarekin. Ondoren, partidetan laguntzen hasten dira, eta gero beheko mailetan arbitratzen eta mailak igotzen. Gainera, ez dago inongo arazorik aldi berean jokalari eta arbitro izateko. Ez da gauza berezirik behar; futbola gustatzea eta arbitratu nahi izatea baino ez». Bi epaileek «probatzeko» deia egin dute: «Probatu egin behar da, eta sentitu egin behar duzu», dio Rebollok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.