Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak Kontadores eraikina «egokitu» eta «aktibatu» nahi dute, «eraikin-laborategi» bihurtzeko asmoz. Besteak beste, gazteek «emantzipatzeko, prestatzeko eta sortzeko benetako laguntza aurkitzea» nahi dute, eta, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak eta udalak eraikin horretan GAZ (Gazte Ibilbideak Abiarazteko Zerbitzua) bulego bat irekitzeko hitzarmen bat sinatu berri dute, gazteei aurrez aurreko arreta pertsonalizatua eskaintzeko, doan. Iñigo Garcia Gazteria zinegotziak esan du GAZ «erreferentziazko zerbitzu publikoa» dela, gazteei emantzipazio prozesuetan lagundu asmo duena.
Zerbitzua Donostian bizi diren, han ikasi edo lan egiten duten edota bizi proiektua han garatu nahi duten 16 eta 34 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da, eta Gazteria zinegotziak esplikatu du informazioa, orientazioa, bitartekaritza, aholkularitza eta laguntza eskainiko dituela. «GAZ bulegoa gazteen emantzipazioa erraztera bideratuta dago. Izan ere, emantzipazioa gure gazteen erronka handietako bat da. GAZ beren bizitzako une garrantzitsu batean laguntzeko sortu zen, eta Donostiako bulegoak haien bizi proiektua eraikitzeko benetako tresnak eskainiko dizkie. Gazteak hemen geratu, hazi eta garatu ahal izatea nahi dugu, eta proiektu hau urrats erabakigarria da norabide horretan».
Garciak azaldu duenez, gazteek emantzipatu nahi dutenean aurkitzen dituzten «benetako» oztopoak «askoz ere zehatzago detektatzeko» modua emango du Kontadores eraikineko bulegoak. «Zalantzak konponbide bihurtuko dituen gune bihurtu nahi dugu bulego berria, gazte bakoitzak bere autonomiarako urratsak egiteko garaian laguntza argia, hurbilekoa eta erabilgarria izan dezan».