Gazte euskaltzaleen burrunba

Burrunba eguna antolatu dute Urnietan eskualdeko gazte euskaltzaleek. Burrunba proiektua ezagutarazi nahi dute horrela. Euskararen inguruko kezkatik abiatuta antolatzeko beharra azpimarratu dute Astigarragako, Hernaniko eta Urnietako gazteek.

Naia Barrenetxea, Ganix Urdangarin eta Ainara Isasti, Burrunba taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Naia Barrenetxea, Ganix Urdangarin eta Ainara Isasti, Burrunba taldeko kideak. JON URBE / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Hernani
2026ko urriaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazteen belaunaldiek ardura hartu eta euskararen erabilera sustatu dezaten. Helburu horiek betetzeko jaio zen Burrunba, Hernani, Astigarraga eta Urnietako gazte euskaltzaleen taldea. Maiatzean sortu zen taldea, Korrikaren ondoren, euskara erdigunean jarriz hiru herrietako gazteak antolatzeko. Sorreratik bost hilabete inguru igaro diren honetan, Burrunba eguna antolatuko dute orain, urriaren 3an, Urnietan, eta taldea ezagutarazteko eta indarra erakusteko baliatu nahi dute, besteak beste. Hala azaldu dute Ainara Isasti urnietarrak, Naia Barrenetxea hernaniarrak eta Ganix Urdangarin astigartarrak.

Burrunbaren sorreratik hasi dira. Jakinarazi dute Burrunba taldea ez dela berria, eta COVIDaren ondoren sortu zela taldea Hernanin. «Euskararen oldarraldiaren inguruan hainbat manifestazio antolatu zituzten; Hernaniko gazte batzuk elkartu ziren, eta beharrezkoa ikusi zuten herrian euskararen inguruko talde bat sortzea, euskararen problematika herrira ekartzeko», esan du Barrenetxeak. Baina, haren arabera, taldea indarra galtzen joan zen, eta orduan ikusi zuen oraingo belaunaldiak aukera: «Ikusi zen Astigarragan, Hernanin eta Urnietan bazegoela mobilizatzeko gogoa, eta bazela gai bat jendea mobilizatzen eta kezkatzen zuena».

Hiru herrietan arazoa berbera da, Urdangarinen arabera, eta uste dute hiru herrien arteko saretzeak lagundu egin dezakeela euskararen erabilerari bultzada ematen. «Datuei dagokienez, aldeak badaude hiru herrien artean, baina errealitatea antzekoa da: ezagutza handia dela, eta kaleko erabilera, txikia», adierazi du.

Horiek horrela, argitu dute ez dutela sumatzen jendeak euskararen kontrako jarrera duenik, eta gehiago dela utzikeria eta ohitura kontua. Isastiren hitzetan, jendea euskararen alde dago oro har, baina normalizatu egin da erdara; eroso dago jendea erdaraz hitz egiten, eta ez du euskaraz aritzeko saiakera egiten. Aldi berean, gaineratu duenez, euskararen kontrako oldarraldiek lagundu egin dute jendea gehiago posizionatu dadin, eta orokorrean herrietan harrera ona izan du Burrunbak.

Eskualdean euskarak zer bilakaera izan duen azaldu du Isastik: «Bailara hau euskalduna izan da tradizioz; Donostiatik horren gertu egonda, luzeago iraun du hemen euskarak beste hiriburuetako inguruetan baino. Lehen, euskalduna zenak euskaraz egiten zuen, baina aldatu egin zen egoera, eta gaur egun ez diogu bueltarik eman. Orain dela urte batzuk, ikastolekin eta D ereduarekin, bultzada bat eman zitzaion berriro. Baina orain atzeraka egiten ari gara berriro ere. Arnasgunetzat hartu izan dugu eremua, baina uste dut izaera hori galtzen ari garela».

Eta pertzepzio hori berresten dute datuek. Helduleku hori erabili izan dute orain arte, eta hainbat ikerketa plazaratu ditu Burrunbak, euskararen kale erabileraren ingurukoak. Sare sozialetara igo dituzte emaitza horiek, eta kalean ere jarri izan dituzte afixak. Adierazi dute horren xedea herritarrak sentsibilizatzea dela, eta jende eta gazte gehiagorengana iristea.

Egun osoa euskaraz

Helburu berarekin antolatu dute Burrunba eguna. Urriaren 3an izango da, larunbatean, Urnietan. «Proiektua ezagutaraztea eta izaera publiko bat hartzea da helburua, eta, aldi berean, barne helburu horiei ekitea: hiru herrietako gazteak saretzea, euskaraz aritzeko guneak sortzea, harremanak euskaraz egitea, euskara bera erdigunera ekartzea eta gaia lantzea», nabarmendu du Barrenetxeak. Garrantzia eman diote arlo akademikotik kanpo ere euskarari lekua emateari, hala kulturan nola aisialdian.

Horregatik, zenbait ekintza antolatu dituzte Burrunba egunerako. 12:30ean, adibidez, Euskal Herrian Euskaraz taldeak hitzaldi bat emango du: «Euskararen aldeko borrokak urteetan izan duen ibilbidearen ingurukoa izango da», azaldu du Barrenetxeak. Ondoren bertso bazkaria egingo dute, eta gero bingo musikatua eta parranda, euskara hutsean. «Euskaraz ondo pasatzea, hori da helburua», esan du Urdangarinek. Bazkarirako tiket guztiak saldu dituztela jakinarazi dute, 150 inguru, baina dei egin diete gazteei bingora eta parrandara joateko.

«Gaiarekiko interesa duen edonork etortzea dauka. Baliteke, adibidez, norbaitek euskaraz egiteko joera handirik ez izatea baina interesa izatea hori aldatzeko. Oro har euskararen inguruko kezka eta interesa daukan edonor gonbidatuta dago Burrunba egunera eta bileretara», adierazi du Isastik.

Etorkizunari begira, beste eragile batzuekin elkarlanean aritzeko asmoa adierazi dute. Eta gustatuko litzaieke Burrunbaren moduko taldeak Euskal Herriko gainontzeko tokietan ere sortzea, jendea saretzeko eta euskararen inguruko kezkatik abiatuta antolatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA