Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Berastegi, Berrobi eta Elduain Tolosarekin lotzeko autobus zerbitzua (TO02) indartuko du datozen asteetan. Horretarako, lau zerbitzu berri jarriko ditu martxan linea horretan. Azahara Dominguez foru diputatuak azaldu du asmoa dela erabiltzaileen beharrei «erantzun hobea» ematea.
Zerbitzu berriak uztailaren 13tik aurrera abiatuko dituzte. Egun horretatik aurrera, TO02 lineak gaueko bi zerbitzu berri izango ditu astelehenetik ostiralera: 22:30ean Tolosatik Berastegirantz eta 22:50ean Berastegitik Tolosarantz —orain arte, linea horrek ordubete lehenago arte eman izan du zerbitzua, 21:30era arte eta 21:50era arte, hurrenez hurren—. Udako hilabeteetan ordutegi horri eutsiko diote, baina, irailaren 1etik aurrera, eguneko azken autobusa 22:10ean irtengo da Tolosatik, eta 22:30ean Berastegitik.
Gainera, irailaren 1etik aurrera, autobus linea horrek beste bi zerbitzu berri ere izango ditu astelehenetik ostiralera: Tolosatik 05:50ean irtengo da lehena, eta Berastegitik, 06:10ean. «Zerbitzu berri horiei esker, Renferen Aldiriko trenekin lotura egiteko aukera erraztuko da», esan du Dominguezek. «Zera nahi dugu, pertsona guztiek, udalerri txikietan bizi direnek batez ere, zerbitzu eroso, seguru, eskuragarri eta egunerokoa erraztuko duten ordutegiak izatea. Inor ez dadila behartuta egon ibilgailu pribatua erabiltzera, beste norbaiten mende egotera edo garraio publikoaren eskaintza egokirik ez izateagatik lan aukerei uko egitera. Garraio publikoaren alde egitea pertsona guztientzako aukera berdinak izango dituen Gipuzkoaren alde egitea da».