Garraio publikoa erabiltzen duten hainbatek ez dute jakiten txotx garaian nola egin sagardotegietarako joan-etorriak, izan azken autobusa galdu dutelako edo sagardotegia herrigunetik urrun dagoelako. Hain zuzen ere, kezka horri konponbidea bilatu nahian, Gipuzkoako bi elkartek, ostalaritzakoak eta sagardogileenak, bat egin dute Uberrekin, erabiltzaileek joan-etorriak «errazago» egin ahal izateko. Hortaz, Uberrek «zerbitzu berezi bat» emango du maiatzera bitartean, erabiltzaileei sagardotegi batzuetara joateko %20ko deskontuak eskainiko dizkiena. 38 jatetxek eman dute izena ekinaldian: Astigarragako hamabostek, Hernaniko hamarrek, Donostiako seik, Usurbilgo lauk eta Urnietako hiruk.
Beherapen hori lortzeko, erabiltzaileek zera egin beharko dute Uberren aplikazioan: promozioen atalean sartu, hartan UberXsidrerias kodea idatzi, eta zerrendan ageri diren sagardotegietatik zeinetara joan nahi duen aukeratu —erabiltzaile bakoitzak bi aldiz erabili ahal izango du kode hori—.
Olatz Mitxelena Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzaileak dio ekinaldi hori baliagarri izango zaiela 38 sagardotegi horietako batera joaten direnei. «Bezeroei bestelako zerbitzu bat ematen lagunduko digu, sagardoaz gozatzera etortzen direnak errazago itzuli ahal izango baitira etxera». Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteko arduradun Ane Ruiz bat dator Mitxelenarekin, uste baitu zerbitzu horrek «sagardotegietako esperientzia sendotzen» lagundu dezakeela: «Funtsezkoa den gauza batean jarriko du arreta: bezeroek arduraz eta segurtasunez gozatu ahal izatea gure tradizioaz».
Hain zuzen ere, Felipe Fernandez Uberren Espainiako eta Portugalgo Adarreko zuzendari nagusiak esan du horrexegatik abiatu dutela zerbitzua, sagardotegietako bezeroek joan-etorria errazago egin ahal izateko. «Sagardotegi garaia urteko aldirik berezienetako bat da Gipuzkoan, eta hala bertakoek nola kanpokoek ahalik eta modu onenean gozatzea nahi dugu. Garraio erosoa eta segurua erabiltzeko aukera eman nahi diegu, nork bere ibilgailua erabiltzeko beharrik ez izateko».
EKINAldiaREKIN BAT EGIN DUTEN SAGARDOTEGIAK
Astigarraga. Alorrenea, Artola, Astarbe, Bereziartua, Etxeberria, Gurutzeta, Iretza, Irigoien-Herrero, Larrarte, Mendizabal, Oialume-Zar, Oiarbide, Petritegi, Rezola, Zapiain.
Hernani. Akarregi, Altzueta, Elorrabi, Iparragirre, Itxas Buru, Larre Gain, Olaizola, Rufino, Saretxo, Zelaia.
Donostia. Barkaiztegi, Gartziategi, Lizeaga (Martutene); Araeta, Iruin-Astiazaran (Zubieta); Calonge (Igeldo).
Usurbil. Aginaga, Arratzain, Saizar, Urdaira.
Urnieta. Altuna, Eula, Oianume.