Arraunlari ohia

Maika Tameron: «Gure helburua da ahalik eta arraunlari gehien izatea lehian»

Traineruen sasoia urrun dagoela dirudien arren, lanpetuta datorkio negua Tameroni. Errenteriako Hibaika arraun elkartean buru-belarri dabil datorren sasoia diseinatzen, ETEn eta KAEn dituen ardurei muzin egin gabe.

(ID_13421080) (/EZEZAGUNA) (;)
Maika Tameron arraunlari ohia, 2021eko artxiboko irudi batean, Errenterian, Hibaikako arraunlari gazteak atzean dituela. HITZA
Errenteria
2023ko abenduaren 18a
05:00
Entzun

Itsasoan eta lehorretik beti tiraka. Urte asko dira Maika Tameron arraunlari ohia (Errenteria, 1967) hala dabilela. Txikitatik izan du kirola pasio, eta orain 30 urte bihurtu zuen arrauna bere egitekoa. Errenteriako Hibaika arraun elkartearen eta emakumeen arraunaren aldeko borrokalari izaki, Emakumeen Traineru Elkartearen (ETE) eta Kantauriko Arraun Elkartearen (KAE) presidente karguekin uztartzen ditu Hibaika arraun elkarteko ardurak.

Nola ari zara bizitzen arraun lehiarik gabeko aroa?

Udako gauzak lotzen ari gara dagoeneko. Hibaikari dagokionez, hasiak gara entrenatzen, eta taldeak nola osatu pentsatzen ari gara. Hala ere, kategoria txikietako arraunlariekin izaten dugu mugimendu gehien; lan handia dugu haiekin. Hastear dira batelak, gero trainerillak datoz, urtarrilean hasten dira traineruen jaitsierak... Nahiz eta lehiarik gabeko garaia izan, Hibaika arraun elkartean etenik gabe aritzen gara lanean.

ETEri eta KAEri dagokienez, zer?

Ohi bezala, urrian hasi ginen datorren urteko kontuak lotzen. Lehia nola hobetu aztertzen hasten gara, aurreko urtekoak aztertu ondoren. Irailean bukatzen da traineruen sasoia, baina segidan ekiten diogu hurrengo denboraldia prestatzeari. Kudeaketa lan handia dago ligen atzean. Hala, urrian eta azaroan egin ditugu zuzendaritzetako bilerak, eta klubekin harremanetan jarri gara, nolabaiteko aldaketarik nahi ote duten jakiteko. Gainera, hainbat proposamen helarazi dizkiegu zuzendaritzako kideok. Beti bada zer hobetu, eta proposamen guztiak entzuteko prest gaude.

Aldaketa nabarmenik izango da?

KAE2 Ligari begira, kupoei begirako proposamen bat dugu. Uste dugu beste era batera landu behar dugula propioen, propioak ez direnen edo harrobikoen gaia. Uste dugu, KAE2n behintzat, araudiak ez duela hain zorrotza izan behar. Iruditzen zaigu hala errazagoa izango dela arraunlari gehiago erakartzea.

«Irailean bukatzen da traineruen sasoia, baina segidan ekiten diogu hurrengo denboraldia prestatzeari»

Bestalde, klubek urtarrilerako aurkeztu behar zituzten ligetan erabiliko dituzten arraunlari berriak eta baja eman dutenak. Martxora atzeratu dugu hori guztia, klubek erraztasun gehiago izan ditzaten taldeak osatzeko orduan.

Beraz, zer itxura hartzen diezu 2024ko ETE eta KAE ligei?

Landutako eta emandako aukerengatik, aurreikusten dugu iaz baino talde bat gehiago izango dugula; bai KAE2n eta baita ETEn ere. Parte hartzea bultzatzeko dira proposatu ditugun aldaketak, eta uste dugu eragina izango dutela. Hori da, behintzat, gure asmoa: ahalik eta arraunlari gehien izatea lehian, eta, beraz, ahalik eta traineru gehien ateratzera itsasora.

ETEn, aurten, zortzi traineru izan dira lehian. Besteren bat aurreikusten duzue 2024ra begira?

Gutxienez, iazkoei eustea nahiko genuke. Ziur ez dakigu, baina baliteke iazkoren bat ez ateratzea eta berriren bat sartzea. Baina oraindik goizegi da hori erabat ziurtatzeko.

Iaz, lehenengoz ,Euskotren ligan zortzi traineru aritu ziren. Seinale ona al da hori ETErentzat?

Oro har, emakumeen arraunarentzat ona izan da hori. Baina, nire ustetan, Hibaikako kide naizen aldetik, ez da onuragarria izan kupoak jartzea. Hau da, Galiziako bi traineru derrigor ligan izatea. Izan ere, Hibaika seigarren izan zen sailkapen nagusian, eta zazpigarren eta zortzigarren, Galiziakoak. Mailari eusteko, baina, guk jokatu behar izan genuen kanporaketa, horrek dakarren arriskuarekin. Sasoi hasieran hori onartu behar izan genuen, hala inposatu zutelako. Hala ere, emakumezkoen arraunari on egiten dio zortzi talde indartsu izateak goi mailako liga horretan. ETEn ere badaude talde indartsuak, baita ez hain indartsu ez direnak ere. Hala, ETEn den-denek dute arraun egiteko aukera, eta guk hori baloratzen dugu: trainerua eratu dutenek lehiarako aukera edukitzea.

Mahai gainean al dago emakumezkoen estropadetan gizonezkoek egiten duten lau luzeko estropada ezartzearen eztabaida?

Ez. ETE ligan ez behintzat.

Eta zer iritzi duzu zuk?

Nire ustez, ikuskizuna mantendu nahi bada, emakumezkoen estropadek bi luzekoak izan behar dute aurrerantzean ere. Arraunean kirolariak profesionalak bezala entrenatzen dira, baina amateurrak dira. Orduan, gehiago, zertarako? Ikuskizunaren kalterako litzateke, nire ustez, lau luzeko estropadak egitea. Are gehiago: gizonen estropadak ere bi luzekoak egingo nituzke. Esango nuke ikuslearentzat askoz ikusgarriagoa litzatekeela. Arrauna oso gustuko dut, baina gustatzen zait arraunean ikuskizunerako tartea ere egotea.

(ID_13421079) (/EZEZAGUNA) maikazaharra

Maika Tameronek emakumeen lehen Donostiako Kontxako sailkapen estropadan parte hartu zuen, 2008an, Rem Badalonaren
traineruko lemazain gisa. Irudian, Tameron estropada hura amaitutakoan, Uxue Rodriguez bere iloba besarkatzen. Orain, Tameron bera izaten da itsasoaren ertzean ilobaren esperoan, Hibaikako arraunlaria baita.

ETEko eta KAEko presidente zara. Kirolari dagokionean, ordea, goi karguetan edo zuzendaritzan egoten direnak gizonezkoak izaten dira oro har, ezta?

Bai, hala da. Niri, behintzat, gogorra egin zitzaidan hasieran. Baina ondoan hainbat emakume izan nituen, eta horrek erraztu egin zidan dena. Nolanahi ere, egia da gehienak gizonezkoak direla. Nire kasuan, oso talde polita osatu dugu denen artean, eta eskertzen dut elkarlanerako izan dugun bokazioa. Nire ustea zen, egun emakume arraunlari asko dauden bezala, zuzendaritzetara edo goi karguetara ere emakume gehiago iritsiko zirela. Beharbada, traineruen elkarteetako goi mailara ez, baina bai tokian tokiko klubetako aginte organoetara. Hori ez da hala izan. Emakumeren bat sartu da klubeko zuzendaritzan, baina, orokorrean, gehienak gizonak dira. Emakumeok gauzak aldatu nahi baditugu, klubetatik hasi eta horien barne funtzionamenduetan eragin behar dugu. Ez dut inplikaziorik ikusten, ordea.

Zergatik?

Adibidez, badira kirolariak arrauna oso gazterik uzten dutenak, eta hor bukatu ohi da kirolari horien eta arraunaren arteko lotura. Ez dute entrenatzaile izan nahi izaten, ezta zuzendaritzetako kide ere. Zuzendaritzan gaudenok helduak gara, eta, gauzak aldatzen jarraitzeko, gazteen beharra dago.

Emakumeen kirolean askotan gertatzen da hori. Zaila da gazte mailetatik seniorretara jauzia egin eta han mantentzea.

Kirolean orokorra da joera hori. Askok nahi izaten dute ikasten jarraitu, edo ama izandakoan kirola utzi... Begira: egunero joaten naiz korrika egitera goizean goiz, eta aurrez aurre gurutzatzen ditudan gehienak gizonezkoak izaten dira. Edo arratsaldean, parketik pasatu, eta haurren zaintzan dabiltzan gehienak emakumezkoak dira; gimnasiora joan, eta asko gizonak diren bitartean... Joera orokorra dela esan nahi dut.

Hibaika arraun elkarteko kide zara. Nola dago kluba?

Aurten ere etenik gabeko borrokan ari gara. Esaterako, iaz emakumeen traineruan garrantzitsu ziren arraunlari askok kluba utzi dute. 22-23 urtekoak dira, eta gurekin txiki-txikitatik izan dira; asko 12 urte zituztenetik. Ulertzen ditut: irailean sasoia bukatu, eta ikasketekin hasten dira buru-belarri, ez dute ia oporrik izaten, eta are gutxiago udan. Badugu gauza on bat: sekulako harrobia dugu, gazte mailako emakume kirolari asko ditugu, eta erreleboa errazagoa zaigu. Baina behe-behetik hasi behar dugu trainerua prestatzen berriz ere, eta Euskotrenen borroka egingo dugu jende gazte-gaztearekin. Gizonen kasuan, berriz, Hibaika ez da emakumezkoetan bezain erreferentziala, eta zailagoa zaigu arraunlariak erakartzea. Gainera, arraunlari pare bat Eusko Labeleko taldeetara joan dira, eta, tira, ezinezkoa zaigu handien aurka aritzea. Ulertzekoa da haien jarrera ere.

«Gero eta haur gehiago ikusten ditut Hibaikako kamiseta jantzita. Ilusio handia egiten dit horrek»

Inguruan historia eta tradizio handiko klubak ditu Hibaikak. Hori zuentzat kaltegarria al da?

Emakumeen kasuan ez, erreferentzia garelako emakumeen arraunean. Harrobi oso ona dugu nesketan. Mutiletan, berriz, ez da horrela: inguruko klubetako taldeei begiratu, eta Errenteriako arraunlariak ikusten dituzu, gurean egon zitezkeenak. Esan nahi dut klub txikien kasuan oso zaila dela arraunlari onei eustea.

Klub txikiek ez al dute lanabesik arraunlari onenei eusteko?

Formazio eskubideak eta horrelakoak badaude. Gu, adibidez, joan diren arraunlarien klubekin saiatuko gara lankidetza akordioak bilatzen, haiek soberan dituzten arraunlariak-eta erakartzeko. Gizonen kasuan, normalean, horrela egiten dugu. Gure asmoa da bi traineru izatea uretan. Mutilen trainerua ateratzea asko kostatzen zaigu, baina urte batean ez badugu ateratzen, berriz ere uretaratzea oso zaila izango da. Indar handia egiten dugu horretan.

Errenteria eta arrauna. Lotura ez da oso zaharra. Baina arraunarekiko edo Hibaikarekiko sentimendua errotzen ari al da herrian?

Poliki-poliki lortzen ari gara. Hori, seguruenik, neskengatik izan da. Askotan azaldu behar izaten dut Hibaikan emakumeak eta gizonak ditugula, ospea emakumeek duten arren. Orduan, herrian bertan saiatzen gara estropadak antolatzen mutilen traineruari ere ikusgaitasuna emateko. Telebistak asko egiten du. Euskotren ligako estropada guztiak telebistan ematen dituzte, eta horrek eragina du taldeen ezagutzan, eta, beraz, atxikimenduan. Baina egia da Errenterian ere San Juanek edo San Pedrok jarraitzaileak badituztela... Baina gero eta haur gehiago ikusten ditut Hibaikaren kamisetarekin, eta ilusio handia egiten dit horrek. Duela hogei urte, norbait Hibaikako elastikoarekin ikusi, eta banekien nor zen. Orain, asko dira gure klubeko arroparekin ikusi, eta ezagutzen ez ditudanak.

Urteren batean iraileko bigarren igandez Hibaikak Kontxako bandera Errenteriako udaletxean astinduko al du?

Oraintxe oso zaila ikusten dut hori. Espero dut noizbait izatea. Dena ondo badoa, eta emakumeen taldea mantentzen badugu, beharbada lau-bost urte barru bai!

MOTZEAN

  1. Zer nahiago duzu: batela, trainerilla edo trainerua?

     Trainerua.

     

  2. Arraun egiteko tokirik onena?

     Donostiako Kontxa, noski.

  3. Oporretara zoazenean, itsasotik ihesean ibiltzen zara?

     Ez, oso gustuko dut itsasoa. Neguan mendira joateko ohitura dut, baina udan, itsasoa.

  4. Bereziki estimatzen duzun arraunlari bat?

     Jone Oliban.

  5. Eta arraunlari ez den eta arraunaren munduan estimatzen duzun norbait?
    Iñaki Badiola.

  6. Estropadak ikusteko, telebista edo zuzenean?

     Zuzenean, nola ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.