Hainbat borrokaren erakusleihoa

Bihar hasiko da Hariak erresistentzia istorioei buruzko zinemaldia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Hamabi dokumental proiektatuko dituzte, eta zenbait solasaldi ere izango dira.

Su Hernandez Hariak zinema jaialdiko koordinatzailea eta Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko Lankidetza zinegotzia, Hernanin. HARIAK
Su Hernandez Hariak zinema jaialdiko koordinatzailea eta Itsaso Lekuona Hernaniko Udaleko Lankidetza zinegotzia, Hernanin. HARIAK
Miren Mujika Telleria.
Hernani
2025eko azaroaren 5a
10:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bihar hasiko da Hariak erresistentzia istorioei buruzko zinema jaialdia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan (Gipuzkoa). Jaialdiak ahotsa eman nahi die munduko hainbat herrialdetan giza eskubideen urraketen kontra antolatzen direnei. Izan ere, Su Hernandez jaialdiaren koordinatzaileak esan du «pantailetan nagusitzen diren filmek» ez dietela lekurik egiten erresistentzia istorioei. Horregatik sortu zuten, hain zuzen ere, Hariak. «Munduaren aniztasuna erakutsiko duten istorioak ez ezik, erresistentzian bizi direnen errealitatea ere erakutsiko dugu; izan ere, komunikabideetan eta sare sozialetan albiste tristeak eta gogorrak zabaldu dira, baita erreakzio negatiboak ere. Horregatik, garrantzitsua da ikusten ez dena kontatzea, gizartea eraldatzen jarraitzeko itxaropena eta gogoa eman baitiezazkigukete». Bihar hasi eta azaroaren 16ra bitartean, hamabi dokumental emango dituzte; solasaldiak, erakusketa bat eta kontzertu bat ere izango dira. Hernaniko Udalak eta Amher elkarte antirrazista eta feministak antolatzen dute jaialdia. Doakoak izango dira saio guztiak. 

Jaialdiak laugarren aldia du, eta Hernandez «oso pozik» dago urtero izaten duen harrerarekin. «Gero eta jende gehiago etortzen da, eta urte osoan herritar askoren ahotan egoten da». Iruditzen zaio egutegian gorriz markatzeko egunak bihurtu direla dagoeneko herrian. «Ikus-entzule batzuk ia saio guztietara etortzen dira, eta publiko berria ere izaten da». 

«Munduaren aniztasuna erakutsiko duten istorioak ez ezik, erresistentzian bizi direnen errealitatea ere erakutsiko dugu Hariak zinema jaialdian»

SU HERNANDEZ Hernaniko Hariak zinema jaialdiaren koordinatzailea

Bihar arratsaldean egingo dute hasiera ekitaldia, film guztien aurrerapenak proiektatuta. Nagore Ezeiza Mujikaren Zona wao film laburra emango dute, eta ondotik, solasaldi bat izango da, Ezeizak berak eta Haizea Bernas Loinaz Gipuzkoako Medicus Mundiko Komunikazio eta Hezkuntza arduradunak gidatuta.

Ostiralean Marta Gomezen Flying Hands izango da ikusgai. Film horrek Pakistango Karakorum mendilerroan bizi den Aniqa Banoren istorioa kontatzen du. Haur txiki bat du, Narjis, neskato gor bat. Banok ordura arte ez zekien egoera bera bizi duten neskatoak bazirenik ere, familiek ezkutuan izan dituztelako. Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan izango dira Marta Gomez zuzendaria eta Aitor Bedialauneta Euskal Gorrak federazioko presidentea, eta, dokumentala amaitutakoan, hitza hartuko dute. Antolatzaileek aurreratu dute keinu hizkuntzan ere emango dutela lan hori.

Erresistentzia hariak

Beste hamar dokumental emango dituzte hilaren 16ra bitarte, ostegunetik igandera. Hala nola Las semillas de Berta CĂ¡ceres, Semillas de Kivu, Mama, Gerra hemen hasten da, Dabruneba, Hay alguien en el bosque, Esto es fracking, Mariposas negras, We Are Migrants eta La raĂ­z del olivo. Antolatzaileek pelikulen aukeraketa egiten dutenean, hainbat herrialde eta errealitate ikusarazten saiatzen dira, bai eta borroka horiek batzen dituzten «hariak» bilatzen ere. «Dokumental batean agertzen diren errealitateak beste batean agertzen direnekin lotzen ditugu. Ariketa polita izaten da», esan du Hernandezek.

Erakusketa bat ere izango da ikusgai Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan: Yemen: Gosea, gerraren beste zauria. Pablo Tosco argazkilari argentinarraren 27 argazki jaso dituzte erakusketan, «Yemengo gerraren zauriak» erakusten dituztenak. Azaroaren 28ra bitartean izango da zabalik.

Antolatzaileek uste dute aurtengo aldia «berezia» izango dela, lehen aldiz proiektatuko baitute animaziozko lan bat (Mariposas negras) eta gorrentzat egokitutako bat (Flying Hands). «Askotariko publikoa izatea gustatuko litzaiguke», dio Hernandezek. «Gazteengana iristea falta zaigu; agian, animazioa erakargarria irudituko zaie... Badakigu ez dela erraz ikusten den jaialdi bat, oso istorio gogorrak ageri dira eta. Solasaldiek laguntzen dute filmetan ikusiko ditugun erresistentzietatik ikasten; animatu egingo gaitu borrokak defendatzeko eta sareak zabaltzeko».

EGITARAUA

 

OSTEGUNA

  • 18:00. Film guztien aurrerapenak.
  • Ondoren. Zona wao dokumentala eta solasaldia Nagore Ezeiza Mujika zuzendariarekin eta Haizea Bernas Loinaz Gipuzkoako Medicus Mundiko Gizarte Eraldaketarako Komunikazio eta Hezkuntza arduradunarekin. 

OSTIRALA

 

  • 18:00. Flying Hands dokumentala.

     

  • Ondoren. Solasaldia Marta Gomez zuzendariarekin eta Aitor Bedialaunieta Euskal Gorrak elkarteko presidentearekin.

LARUNBATA

  • 11:00. Las semillas de Berta CĂ¡ceres dokumentala.

  • Ondoren. 

    Solasaldia Dalila Argueta Hondurasko Giza Eskubideen Defendatzaileen Sareko kidearekin.

     

  • 18:00. Semillas de Kivu dokumentala.

  • Ondoren. Solasaldia Nicole Ndongala Nzoiwidi Kongoko emakumeen Espainiako plataformako kidearekin.

  • 19:00. Mama dokumentala.

IGANDEA

  • 11:00. Gerra hemen hasten da dokumentala. 

  • Ondoren. Solasaldia Emakumeok Gerraren Aurka plataformako kideekin.

     

  • 18:00. Dabruneba dokumentala.

     

  • Ondoren. Solasaldia Paloma Bercovich, Julia Farras eta Mar Garro zinemagileekin.

AZAROAK 13

  • 18:00.

     Hay alguien en el bosque dokumentala.

  • Ondoren. Solasaldia Teresa Turiera-Puigbo eta Erol Ileri dokumentalaren egileekin.

     

AZAROAK 14

  • 18:00. Esto es fracking dokumentala.

  • Ondoren. Solasaldia Mikel Otero Arabako Fracking Ez taldeko kide  eta EH Bilduko Trantsizio Ekologikoko idazkariarekin.

AZAROAK 15

  • 11:00. Mariposas negras dokumentala.

     

  • Ondoren. Solasaldia Javi Raboso Greenpeaceko kidearekin.

     

  • 18:00. We Are Migrants dokumentala.

     

  • Ondoren. Solasaldia Cristina Cardin zuzendariarekin.

AZAROAK 16

  • 11:00. La raĂ­z del olivo.

     

  • Ondoren. Solasaldia Gazako Sol Band musika taldeko kideekin. Kontzertua emango dute gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.