Bada denbora bat Endesa argindar enpresak Ikatz Gane proiektua aurkeztu zuela, Urumea ibaiaren haranean eraiki asmo duten zentral eolikoa. Bost haize errota izango ditu, 4,99 megawatteko potentzia izango du bakoitzak. Proiektuak, beraz, 25 megawatt izango ditu denera. Haize errotak 205 metro izango dira garai, eta Hernaniko lurretan egongo dira denak, Arano udalerriaren lurren alboan. Hernaniko Udalak proiektu horren kontrako 42 alegazio aurkeztu ditu asteon, eta Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, berriz, herritarren 3.512 sinadura.
Udalak dio «sakon» aztertu dituela proiektua eta haren ingurumen inpaktuaren txostena, eta dio «hutsune» nabarmenak atzeman dituela. «Proiektuak ez ditu betetzen bideragarria izateko baldintza guztiak, eta bateraezina da egungo konfigurazio eta kokapenetan». Udalaren iritziz, paisaiari dagozkion azterketak ez dira objektiboak, eta ez dituzte kontuan hartzen eremuaren biodibertsitatea eta «proiektuak harengan izan dezakeen eragin erreala», ez eta Trantsizio Energetikoaren eta Klima Larrialdiaren 1/2024 Legeak instalazioen udal partaidetzaz arautzen duena ere. «Gure ustez, prozedura baliorik gabe uzteko nahikoa arrazoi daude».
Urumeako Mendiak Bizirik taldeko kideen irudiko, zentral eolikoa eraikitzeak ez du aintzat hartzen inguruko bizilagunen iritzia, ez eta eremuaren korridore ekologiko izaera ere. «Eztarriak estutu dizkigu», diote. «Izugarrikeria honen aurrean herritarrekin batu gara esateko ez ditugula horrelako ereduak nahi, ez hemen eta ez inon». Ikatz Ganeren gisako proiektuen kexu dira, uste baitute, eraiki baino gehiago, «suntsitu» egiten dutela, eta hortaz, ez dutela halakorik onartuko. «Ez gaude prest edozer gauza, edozeinen eskutik, edozein lekutan eta edozein modutan egitea onartzeko. Energia auziaren irtenbideak herriarekin eta ingurugiroari begira har daitezen nahi dugu, eta ez enpresa dirudunen poltsikoei begira».
'Erreka' proiektua
Ez da ingurune horretan enpresa batek egin nahi duen zentral eoliko bakarra. Izan ere, Repsol energia enpresak hamalau haize errotaz osatutako parke eoliko bat egin nahi du toki berean. Proiektuak ia ehun megawatteko potentzia izango luke, Ikatz Ganerena halako lau, eta eremu zabalagoa hartzen du: Arano, Ereñotzu, Goizueta, Hernani, Elduain eta Berastegi. Erreka izena jarri dio Fe Energy aholkularitza enpresak. Azken hori, Euskal Herrian egindako gisa horretako azpiegiturarik handiena izango litzateke, eta tramitazioa Espainiako Gobernuaren esku dago; batetik, proiektu handia delako, eta, bestetik, EAEri eta Nafarroari eragiten dielako.
Gainera, energia garraiatzeko ebakuazio linea bat eraikitzeko asmoa dute. Horretarako, zentral eolikoaren azpiestazioa Aranoko San Migel Soro muinoan jartzeko asmoa dute, eta goi tentsioko linea hori Oiartzungo Arkale mendian eraikiko luketen azpiestaziora iritsiko litzateke, bertatik energia banatzeko. Udalerri hauek zeharkatuko lituzke ebakuazio lineak: Hernani, Urnieta, Astigarraga, Errenteria, Oiartzun eta Arano. Eraikuntzarako sarbidea Urnietako Besabin egongo da, planoetan zehaztutakoaren arabera.