Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2024ko azaroan jakinarazi zuen udalen haur eskolei egiten zien ekarpen ekonomikoa eten egingo zuela, eta, hortaz, Haurreskolak partzuergoko kide izatea proposatu zien. Sumarrek, EAJk eta PSE-EEk adostu zuten neurri hori, baina EH Bildu ez zen alde azaldu. Izan ere, koalizio subiranistako Ikoitz Arrese legebiltzarkidearen irudiko, herrietako «altxorrik preziatuenetariko bat» dira udal haur eskolak, zerbitzu «aparta» ematen baitute. Gipuzkoako zenbait udalen haur eskolari eragingo die neurri horrek, hala nola Aretxabaletakoari, Andoaingoari, Ordiziakoari, Usurbilgoari eta Oiartzungoari.Â
Batzuek onartu dute Haurreskolak partzuergoko kide izatea, baina bestelakoa da Oiartzungo Urmendi haur eskolaren kasua. «Urmendi partzuergo bat da bere horretan. Orain 30 urte sortu zen, eta herrian oso errotuta dago ordutik», esan du Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak. «0-3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen proiektu berritzailea da, bai ikuspegi pedagogikotik eta bai tokiko autonomiari begira». Mendiburuk adierazi du ez duela zalantzan jartzen Jaurlaritzaren zerbitzua ona denik, baina uste du, Urmendik udal aurrekontuan duen eragina ikusita, proiektuak nekez eutsiko liokeela orain arteko egiturari Hezkuntza Sailaren babesik jaso ezean. «Herritarrentzat galera handia izan daiteke, eta Urmendik 30 urtez izan duen izaera gal dezake».
«Urmendi proiektu berritzailea da, oiartzuarrentzat aukerarik onena, bai ikuspegi pedagogikotik eta bai tokiko autonomiari begira»
JOANA MENDIBURUÂ Oiartzungo alkatea
Hargatik, Oiartzungo udal ordezkariak Lakuan izan ziren otsailaren 27an, eta zera proposatu zuten han: 2026-2027 ikasturtean Haurreskolak partzuergoa Urmendira batzea. Hauxe dio, zehazki, proposamenak: «Udalak unean uneko herriko beharrak detektatzeko hurbileko begirada bermatuko lioke proiektuari, eta Hezkuntza Sailak, proiektua garatzeko ezinbesteko bideragarritasuna. Bakoitzak bere arduratik erantzunez eta aukera paregabe hau baliatuz, Oiartzungo Udalak eskua luzatzen dio Hezkuntza Sailari kalitatezko herri hezkuntza proiektu bat elkarlanean garatzeko».Â
Alkateak esplikatu du herrian «sustraitua» dagoen «erreferentziazko proiektu» bat dela, eta aitzindaria, eta haren jarraipena bermatuko lukeela Jaurlaritzak proposamen hori onartzeak. «Egun horretan gure proiektuaren defentsa egiteko aukera izan genuen, azaldu genien Urmendi zergatik den hain inportantea herrian, eta uste dugu gure proposamenak baduela oinarri juridiko eta laboral bat». Jaurlaritzak jaso zituen bilkura hartan esandakoak, eta udala eta haur eskola «erantzunaren zain» dira orain. «Egin genien proposamena oso propioa da, oso gurea, eta, noski, badakigu ez dutela erraz onartuko. Izan ere, ez dago udalerririk haur eskola zerbitzua emateko udal partzuergo bat duenik, baina guk proposatutakoa onartzea 30 urte hauetan egindako lanari aitortza egitea litzateke. Uste dugu nolabaiteko erreferentzialtasuna zor zaiola proiektuari». Alkateak dio udala Urmendiren alde aritu dela lanean orain arte, hala ari dela egun, eta aurrerantzean ere lanean jarraituko duela. «Proiektuak merezi du, eta eskatzen du gogoeta sakona egitea».

Iraia Etxebeste Urmendiko zuzendariak ere uste du merezi duela herriko haur eskolaren alde egiteak. «Erakutsi dugu proiektu serioa dela gurea, kalitate handikoa. Urtez urte joan gara hausnartzen, formatzen, fintzen... Eta lan horri esker, oso-oso indartsua den proiektu pedagogiko bat osatu dugu, oso egonkorra, eta halakoa da langileen plantilla ere». Zuzendariak esan du herrian «oso txertatuta» dagoela Urmendi, eta 30 urtean «milaka» haur pasatu direla handik. Are, jantoki propio bat ere badu, zero kilometroko produktuekin ekoitzitako kalitatezko otorduak eskaintzen dituena. «Bertako sukaldeari eta sukaldarien eguneroko lanari esker funtzionatzen du». Haur guztiek elkarrekin jaten dute jantokian, eta denbora tarte hori «heziketarako eguneroko momentu inportantea» dela dio zuzendariak.
«Etxean sentitzea», horixe eskertzen dute, Etxebesteren ustez, Urmendiko haurren gurasoek. «Asko laguntzen du haurrak egonkorra den leku batera eramateak, hiru urtez irakasle bera izateak. Horixe da Urmendi, eta, era horretan, lotura afektiboak eta oso harreman estuak sortzen ditu familien eta haur eskolako langileen artean». Iruditzen zaio, baina, Urmendi Haurreskolak partzuergoan integratuz gero proiektua «hautsiko» litzatekeela. «Zentroa aldatu egingo litzateke, eta, 0-3 urte bitarteko haurrentzat izan beharrean, 0-2 urte bitartekoentzat izango zen». Kasu horretan, gainera, langileen egoera ere «kolokan» egongo litzatekeela dio: «18 langile finko gara, eta oraintxe bertan ziurgabetasun egoera izugarrian gaude. Orduan, kezka dugu proiektuak zer bilakaera izango duen, eta plantillaren etorkizunak ere kezkatzen gaitu».
«Hemezortzi langile finko gara Urmendin, eta oraintxe bertan ziurgabetasun egoera izugarrian gaude»
IRAIA ETXEBESTE Oiartzungo udalaren haur eskola partzuergoko zuzendaria
Azken asteak «emozionalki oso-oso bereziak» izaten ari dira zuzendariarentzat. Kontatu du Urmendiren aldeko herri plataforma bat sortu dutela oraintsu herriko hainbat familiak eta ikasle ohik —Urmendi beti herri 0-3 bizirik!—, eta mobilizazioak eta sinadura bilketak egiten ari direla. Otsailaren 25ean, esaterako, herritar andana batu zen Oiartzungo Doneztebe plazan, Urmendiko kideei babesa adierazte aldera. «Ozen esan nahi dugu Urmendi herriarena dela», esan zuten. Hain zuzen ere, horrexek pozten du udal haur eskolako zuzendaria. «Ikusten ari gara jende asko mugitzen ari dela herrian, familiak eta orain dela 15 urte hemendik pasatutako haur batzuen gurasoak... Tira, haur eskola oso garrantzitsua izan da horientzat guztientzat, eta nabaritzen ari gara babes hori».