«Eskola txikiek herriak bizirik mantentzen dituzte, komunitatea indartzen dute, eta haurrei beren ingurunearekin lotura sendoa sortzeko aukera ematen diete», esan du Ander Jimenez Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteen federazioko ordezkariak. Esan du eskola txikien eta herrien arteko harremana «norabide bikoa» dela. «Elkar elikatzen dute, elkar indartzen dute, eta elkarrekin eraikitzen dute gure herriaren etorkizuna». Hain zuzen ere, horixe nabarmenduko dute igandean, ekainaren 14an, Zizurkilen egin asmo duten Gipuzkoako Eskola Txikien 37. Festan.
Ez da festa hori Zizurkilen egiten duten lehen aldia, 1998an ere han ospatu baitzen. «Gure eskola orain baino txikiagoa zen orduan, haur eta familia gutxiago hartzen zituen, eta eskolari eusteko borroka egitea egokitu zitzaien orduko kideei», azaldu du Maitane Telletxea Zizurkilgo Mendigain eskolako zuzendariak. Esan du ilusioz jardun zirela hasiera hartan. «Orduko ahaleginak eta hurrengo urteetan egindako lanak emaitza ederrak eman ditu. Egun ia hirurogei haur ditugu Mendigainen, eta bizi-bizirik dago eskola».Â
Herri eta auzo txikiak ere «biziak» nahi dituztela esan du Irati Manzisidor eskola txikien irakasleen koordinatzaileak. «Biziak eta bizitzeko modukoak», gaineratu du. «Gure herri eta auzo txikiak euskal kulturaren, nortasunaren, izaeraren eta hizkuntzaren iturburu eta zaintzaile izan dira. Euskararen arnasgune nagusiak herri eta auzo txikietan ditugu, eta, zailtasunak zailtasun, horrek hala jarrai dezan lan egiten dugu eskola txikietan».
Askotariko guneak
Antolatzaileek egitarau oparoa ondu dute iganderako. Aratz Alkorta Mendigain eskolako Urkamendi guraso elkarteko ordezkarietako batek eman ditu xehetasunak, eta azaldu du Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako haurrentzat eskolarteko jolasak prestatu dituztela. «Arreta berezia jarri diogu horri: ez dugu nahi haurrek eguna beren eskolako lagunekin soilik pasatzea, baizik eta beste herrietako haurrekin jolasteko, nahasteko eta elkar ezagutzeko aukera izan dezatela nahi dugu». Herrian askotariko guneak izango direla jakinarazi du, hala nola atseden eta edoskitze gunea.
Berrehun lagun baino gehiago arituko dira lanean, eta aurreratu dute ezingo dela herrigunean autoz sartu. Nolanahi ere, festara joatekoak direnei bertaratzeko «modu eroso bat» eskaini nahi diete, eta hainbat aparkaleku prestatu dituzte horretarako. Herrigunera iristeko autobus zerbitzua ere martxan izango da 09:30etik 20:00etara; bi geldialdi egingo ditu, Elbarrenako biribilgunean bata eta Zubiaurretxon bestea. «Olentzo aldeko errepidea erabat itxita egongo da. Etortzen direnek trafikoa bideratzeko lanean arituko diren boluntarioen argibideak bete beharko dituzte», azaldu du Alkortak.