leire narbaiza arizmendi
IRITZIA

Irribarreak eta negarrak

2025eko ekainaren 20a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gai harrotasuna ospatu zen ekainaren 9an EAEko zenbait lekutan. Bai, ez naiz erratu, ondo jarri ditut gai hitza eta data. Ez niharduen LGTBIQ+ harrotasunaren egunaz, ez. Gai (ez gay) izatearen momentuaz baizik.

Barkatuko didazue txiste txarra, baina hala izan zen pasa den astean, HABEren idatzizko azterketen emaitzak agertu zirelako. Gai/ez gai da inportanteena, homofoboenak ere gai izan nahi du eta. 

Aurten ere Sonrisas y lágrimas filmatzen geniharduela zirudien (gaztelaniazko izena The Sound of Music-endako, kontu egizue!). Irribarreak eta malkoak, ni Julie Andrews lez, ikasleak animatzen eta zoriontzen. Oso kontu arraroa, baina urterokoa.

Orain, baina, C1ean askoz gaztetxo gehiagok izena eman dute euskaltegietan, inoizkorik merkeen izan dutelako matrikula. Eta gurasoen leloak bultzatuta —«atera orain C1a, eta kendu egingo duzu gainetik hori»— , titulu bila hurreratu zaizkigu teenager-ak. Paper bila. Beste tramite huts bat. Euskara ikasi? Tira, batek edo bestek, bai, baina gehienak aspertu plantak eta kaka-musua zutela etorri zaizkigu. 

Makinatxo bat bider esan behar izan dugu klasean euskaraz egin dezatela, gaztelaniaz jarduten dutelako euren artean. Azterketa egunean ere hala ibili ziren azterguneen ateetan. Fail. Kale! Malkoak guk. 

Eginahalak egiten ditugu ikasleak euskaltzaletzeko, gure hizkuntza erabil dezaten, euskarak ekarriko dizkien onurak azaltzen... Kasu batzuetan lortzen dugula pentsatzen dut, baina beste frankotan, ez

Ikasgela berberean euskalduntze prozesutik datorren heldu euskaldun berria, zein hizkuntza eskakizun bila datorren funtzionario kumea, zein ertzaina (ertzain ugari C1a lortu nahian, Bingen Zupiriaren eragina ote?). Nahaste horretan batzuek ez gai eskuratu ostean, kexa eta kexa: inposizioagatik ikasi behar dutela; zentzubako kontua dela tituluena; ezinbestekoa zaiela agiria, baina beste zortzi milioi kontu dituztenez ezin diotela denborarik eskaini euskarari... Hori guztiori Euskaraldia amaitu eta hamabost egunera... Bihotza negarrez nik, apurtua, baina ez Alejandro Sanz gogaikarriaren kantan bezala, euskaragatik eta egoeragatik tristatuta baizik. Neure kautan zelako fartsa muntatu dugun pentsatzen. Von Trapp familiak ez bezala, gure ikasleek ez zituzten ahotik kantu ederrak jaurtitzen, iritzi mingarriak baino ez.

Aurreko artikulu baten euskaltegiak titulu faktoria bihurtuta zeudela nioen, batez ere hori eskatzen zaigulako. Halere, eginahalak egiten ditugu ikasleak euskaltzaletzeko, gure hizkuntza erabil dezaten, euskarak ekarriko dizkien onurak azaltzen... Kasu batzuetan lortzen dugula pentsatzen dut, baina beste frankotan, ez. Horregatik, gure zentroetan egindako ahalegina ez da nahikoa, gizarte euskaltzale osoaren betebeharra delako. 

Euskaldunon erakundeek pedagogia egin behar dutelakoan nago, pedagogia handia, aitatu ditudan iritzi horiei aurre egiteko, migranteekin dauden aurreiritziak baztertzeko egiten den moduan, iragarki eta spotetan, denek jakin dezaten zabaldu diren gezurrak gezur direla. 

Denok dakigu gaztelaniaz ideiapean dabiltzalako asko, Diaz Ayuso merke gisa, jakin barik euskara eskubidea izateaz gain, onura ere badela. Esparru publikoko langileei pedagogia ez eze, erremintak ere eman behar zaizkie publikoa gure hizkuntzan atenditzeko, motibazio saioak, barruko paperak euskaraz ere egiteko erraztasuna... Exijitu ere egin behar zaie tituludunei zerbitzua euskaraz eman dezatela. Gai izatearen harrotasunak luze iraun diezaien. Negar baino irribarre gehiago egin dezagun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.