Irungo Udalak ikasleen osasun mentala lantzeko programa bat jarriko du martxan

Zortziehun ikaslek parte hartuko dute programan, eta helburua da «prebentzioa, sentsibilizazioa eta ondoez emozionalaren seinaleak» lantzea eurekin.

Sandra Caballero Irungo Udaleko Hezkuntzako ordezkaria, Cristina Laborda alkatea eta Agifes elkarteko Nagore Zamarreño, atzo, Irunen. IRUNGO UDALA
Sandra Caballero Irungo Udaleko Hezkuntzako ordezkaria, Cristina Laborda alkatea eta Agifes elkarteko Nagore Zamarreño, atzo, Irunen. IRUNGO UDALA
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 15a
12:07
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irungo Udalak eta Agifes buru osasuneko arazoren bat dutenen eta haien senideen Gipuzkoako elkarteak arazo mentalak saihesteko programa pilotu bat abiatu dute Irungo hainbat ikastetxetan. Zortziehun ikaslek parte hartuko dute, eta Agifesen asmoa da «prebentzioa, sentsibilizazioa eta ondoez emozionalaren seinaleak» lantzea eurekin. Programa hori bederatzi ikastetxetan eskainiko dute, hala nola Eguzkitzan, Txingudin, Toki Alain, La Sallen, El Pilarren, Bidasoan, Plaiaundin, San Vicente de Paulen eta Mendibilen.

Agifesen arabera, «bereziki delikatua den garai bat» da nerabezaroa, garapen emozionalaren, sozialaren eta psikologikoaren «oinarrizko alderdiak» finkatzen baitira orduan. «Gero eta kezka handiagoa dago nerabeen osasun mentalaren gainean. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 10 urtetik 19 urtera bitarteko zazpi gaztetik batek nahasmendu mentalen bat du. Gainera, antsietateak, depresioak, elikadura nahasmenduek, adikzioek eta bestelako arazo batzuek gora egin dute azken urteotan».

Cristina Laborda Irungo alkatearen ustez, gazteen osasun mentalaren esparruko prebentzioa «funtsezkoa» da. «Hiriko ikastetxeen eskaera bati erantzuteko asmoz sortu dugu programa hau. Prebentzioa eta ongizate emozionalaren sustapena ditu ardatz egitasmoak, oinarrizko tresnak baitira biak». Jakinarazi du DBHko ikasleen gainean jarri dutela fokua, baina «adin horren ondoko etapari» ere erreparatu diotela.

Tailerrak bi saiotan

Berrogei bat tailer antolatuko dituzte, eta ikasturteko hirugarren hiruhilekoan landu. Bi saiotan banatuko dituzte tailerrok: aurreneko saioan, osasun mentalaren kontzeptua aztertuko dute, eta nerabezaroan sor daitezkeen arazoez hitz egingo, ikus-entzunezko materiala eta parte hartzaileen adinaren araberako dinamikak erabiliz. Bigarren saioan, berriz, ikasleek izaten dituzten kezka iturri nagusiak landuko dituzte. Hala, laguntza jasotzeko baliabideak emango dizkie Agifesek, bai eta eskuragarri dauden tresna komunitario eta zerbitzuen berri eman ere.

Irungo Udaleko Hezkuntzako ordezkari Sandra Caballerok dio gisa horretako programa bat abiatzeak ikasleekin «zuzenean» lan egiteko modua ematen diela. «Beren garapen pertsonalerako eta autozaintzarako tresnak eman diezazkiekegu hala, baita zaintzeko bestelako tresnak ere. Horrela, giro seguru, babesgarri eta inklusiboa sortuko dugu hezkuntzan. Zalantzarik gabe: prebentzioaren oinarria ezagutza zabaltzea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA