Jon Insaustik esan du Donostiako Egia auzoan atzo etxegabetu behar zuten familiari «Etxegintzako bizitoki bat» eskainiko diotela

Alkateak adierazi du etxebizitzaren jabea etxera itzultzea dela udalaren asmoa, horretarako «eskubide osoa» duelako.

Saretxe etxebizitza sindikatuak etxegabetzeaz ohartarazteko egin zuen agerraldia, Donostiako Egia auzoan, urriaren 13an. GORKA RUBIO / FOKU
Saretxe etxebizitza sindikatuak etxegabetzeaz ohartarazteko egin zuen agerraldia, Donostiako Egia auzoan, urriaren 13an. GORKA RUBIO / FOKU
Julen Ugartemendia Carcedo
2026ko urriaren 20a
16:36
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Egia auzoan atzo egitekoak ziren etxegabetzea behin-behinean bertan behera uztea lortu zuen Saretxe etxebizitza sindikatuak joan den astean; izan ere, epaileak erabaki zuen etxegabetzea bertan behera utziko zuela familiak zaurgarritasun txostena lortu bitartean, gehienez ere bi hilabeteko epean. Gaur goizean egindako prentsaurreko batean gai horren inguruan hitz egin du Donostiako alkate Jon Insaustik, eta adierazi du Donostiako Udalak «Etxegintzako bizitoki bat» —hirian etxebizitza politika garatzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den erakundea da Etxegintza— eskainiko diola Egian etxegabetu behar zuten familiari, «kalean ez geratzeko» eta «ordezko bizitoki bat» izateko. Sei kidek osatzen dute sendi hori: haietatik bi adin txikikoak dira, eta beste bi, edadetuak. Alkateak azpimarratu du udalaren asmoa dela etxearen jabea «bere etxera itzultzea», horretarako «eskubide osoa duelako», eta gaur egun etxe horretan bizi den familiari alternatiba bat eskaintzea. 

Etxebizitzaren jabearen eta etxebizitzan bizi den familiaren profilak «zaurgarriak» direla esan du Insaustik, eta biek «irtenbide bat» behar dutela. Alkatea kritiko agertu da auziari eman zaion tratamenduagatik: «Niretzako egoera honek oso argi erakusten du gauzak muturrera eramaten ditugunean informazio osoa eduki gabe zuzenak ez diren ondorioak ateratzen ditugula». 

Alkateak gehitu du Donostian pertsona eta familia zaurgarriak ez direla «kalean» geratuko, eta konpromiso horri eutsiko diotela. Familiak etxebizitza uzteko duen bi hilabeteko epeari dagokionez, Insaustik esan du ez duela uste bi hilabete beharko dituztenik egoera konpontzeko. «Aste honetan lan guztiak asko aurreratu ditugu, eta ez dut esango noiznahi egingo dugunik, baina gutxi barru korapilo hau askatzeko gaitasuna izango dugu», adierazi du. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA