Urriaren 19ko etxegabetzea bertan behera uztea lortu du Saretxek, behin-behinean

Sindikatuak epaitegiekin harremanetan jartzea lortu du, eta epaileak, zaurgarritasun txostena lortu bitartean, gehienez ere bi hilabeteko epean, etxegabetzea bertan behera uztea erabaki du.

Saretxeren agerraldia, atzo, Donostiako Egia auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Saretxeren agerraldia, atzo, Donostiako Egia auzoan. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 14a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donostiako Egia auzoan etxegabetze arriskuan dagoen familiaren etxegabetzea bertan behera geratu da, behin-behinean. Saretxe etxebizitza sindikatuak atzo eman zuen familia horren egoeraren berri, eta adierazi zuen ezin dela etxegabetzea gauzatu, Espainiako Gobernuak urriaren 6an onartutako errege dekretuaren arabera familia hori «egoera zaurgarrian» baitago. Hori dela eta, epaileak, gaur, zaurgarritasun txostena lortu bitartean etxegabetzea atzeratzea erabaki du.

Presio bidez lortu dute harekin harremanetan jartzea. Gaur goizean, hainbat lagunek protesta egin dute Donostiako gizarte zerbitzuen bulegoan, «familiak behar duen zaurgarritasun txostena exijitzeko». Horri esker, bilera bat egin ahal izan dute gizarte zerbitzuekin, eta epaitegiekin hitz egitea lortu dute.

Azkenean, epaileak erabaki du etxegabetzea bertan behera uztea zaurgarritasun txostena lortu bitartean. Behin-behinekoa da ebazpena, eta gehienez ere bi hilabeteko epea eman die txostena eskuratzeko. 

Albistea etxegabetze arriskuan dagoen familiak berak eman die protestan parte hartu dutenei, eta txalo artean jaso dute berria.

Egoera zaurgarrian

Saretxek atzo kontatu zuenez, familia hori alokairu bila ibili da, «baina ezinezkoa da Donostian ezer aurkitzea, eta kale gorrian egongo dira astelehenean, etxegabetzea gauzatuz gero». Are, «egoera zaurgarrian» daudela azpimarratu zuen Saretxek. Sei kidek osatzen dute sendi hori: haietatik bi adin txikikoak dira, eta beste bi, edadetuak. Horiek horrela, Donostiako Udalari eskatu zioten familia horren zaurgarritasun txostena egiteko, eta non lo egin eduki dezan bermatzeko.

Sindikatuak azaldu zuen familia hori zergatik dagoen «egoera zaurgarrian». Lehenik, etxeko diru sarrerak oso urriak direlako: gurasoetako batek lan istripu bat izan zuen, zenbait ebakuntza izan ditu, eta oraindik errehabilitazioan dago. Bigarrenik, haur zein adineko, egoera zaurgarrian dauden pertsona ugari bizi direlako etxe horretan. Eta hirugarrenik, «ez dutelako etxebizitza alternatibarik», ohartarazi zuen sindikatuak.

Bide berean, kritikatu zuten etxebizitza bilatzeko orduan «bazterkeria arrazista» jasaten dutela, familia migratua baita.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA