Euskara ikasteko grina, euskara irakasteko grina. «Hori da, beharbada, galtzen ari dena, ezta? Orduan, euskara ez zen ikasten titulu batengatik, grina zegoelako baizik; barnetik zetorren zerbait zen», egin du gogoeta Garbiñe Ubeda kazetari eta idazleak. 50 urte bete dira Alkizara lehen euskara ikasleak iritsi zirenetik. Arrasto handia utzi zuen horrek herrian, eta oraindik ere gogoratzen dituzte garai horiek.
Hain zuzen, 1976an ireki zituen ateak Alkizako barnetegiak, Franco hil eta gutxira. «Kalekumeak baserrietara etortzen ziren; bertan lan egiten zuten, eta euskara ikasten zuten aldi berean. Nolabait, baserrian bizi ziren, eta ostatua lan eginez ordaintzen zuten», azaldu du Inaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. Haren arabera, «Alkiza mapan kokatzeko» aukera eman zuen barnetegiak; Euskal Herriko txoko askotan ezaguna da Alkiza horregatik, eta herrian ere oso ondo oroitzen dituzte garai haiek.
Irazabalbeitiak esan du Alkizan bertan ere aldaketa handiak ekarri zituela barnetegiak: «Milaka pertsona pasa dira Alkizatik, eta horrek, noski, aldaketa kultural handiak ekarri zituen herrian. Azkenean, gizarte nekazari itxiago bati irekitzeko aukera eman zion barnetegiak».
Garai horiek oroitzeko eta Alkizak biziberritze kulturalean eta hizkuntzaren biziberritzean izan duen garrantzia goraipatzeko, hainbat ekimen antolatu ditu Alkizako Udalak. «Nolabait aldarrikatzeko garai batean erreferentzia bat izan ginela euskararen irakaskuntzan. Hemen istorio asko bizi izan dira, eta memoria lantzea inportantea da. Guk lantzen ez badugu, ez du beste inork landuko», esan du alkateak.
Bi lan, ez ahazteko
Asteburu honetan egingo dute hori, irailaren 18an eta 19an. Programa hori bera aurkeztu dute gaur Alkizako udaletxean. Irazabalbeitia eta Ubedarekin batera izan da Edurne Ayuso Alkizako kultura teknikaria, eta hark eman du nondik norakoen berri.
Besteak beste, nabarmendu du bi lan aurkeztuko direla. Lehena, Garbiñe Ubedak idatzitako liburua: Alkiza, katebegi bat euskalduntzearen bidean. Egileak barnetegiaren ibilbidearen hiru etapak jaso ditu lanean, testigantzetatik abiatuta: 1976tik 1979rainokoa, barnetegiaren lehen urteak; 1981etik 1989ra artekoa, barnetegia Ilazki euskaltegiaren esku geratu zeneko garaia; eta 1990etik 2017ra artekoa, Euskal Girotze Barnetegiaren etapa, haurrentzako pentsatua. Ostiral arratsaldean aurkeztuko dute liburua.

Bigarrenik, Mondragon Unibertsitateko Ainhize Landa, Ibai Lema eta Ivan Callejo ikasleek dokumental bat ekoitzi dute barnetegiaren historiaren inguruan, eta hori ere proiektatuko dute, ostiralean eta larunbatean. Larunbatean, gainera, dantza saio herrikoia egingo dute, Irune Arrizubietak gidatuta, eta Txondor plaza antzezlana ere izango da.
Ubedak idatzitako liburuari dagokionez, «labetik ateratzear» dagoela adierazi dute prentsaurrekoan, eta hitza hartu du egileak berak, nondik norakoak azaltzeko. Lan kolektiboa izan dela azpimarratu du, eta Alkizako barnetegian oinarrituta dagoen arren harago begiratzeko ere balio duela: «Liburuak testuingurua ematen die euskara berreskuratzeko bidean egin diren borroka guztiei. Alkiza azaltzen da, baina, nolabait, unibertsalagoa ere bada, zergatik beste herrietan eta beste tokietan antzeko borrokatxoak izango ziren. Euskal Herri osoan ikusi ditugu horrelakoak». Horregatik jarri dute katebegi hitza izenean, kate handiago baten parte ere badelako.
«Liburuak testuingurua ematen die euskara berreskuratzeko bidean egin diren borroka guztiei. Alkiza azaltzen da, baina, nolabait, unibertsalagoa ere bada»
GARBIÑE UBEDA Kazetaria eta idazlea
Erantsi du miresmenagatik hasi zela liburua idazten, eta jakin-mina izan zuela abiapuntu. «Ni ere hainbat barnetegitan ibilitakoa naiz, eta benetan miresten ditut», esan du. «Ikasle izan zirenek eta euskaldundu zirenek, nire ustez, gutxietsi egiten dute haiek egindako ahalegina. Nik balentria gisa izendatzen nuen. Badira ikasle batzuk ikasle izaten hasi eta urtebetean irakasle zirenak. Niri balentria iruditzen zait. Haiek emozio horri garrantzia kendu nahi zioten, baina atzematen zaie, eta herriko jendeari zer esanik ez. Sekulako emozioa nabaritzen zaie. Altxor hori emateak eta jasotzeak eragiten duen emozioa».
Jada 29 urte dira Alkizako barnetegia lekualdatu zenetik. Hondarribira eraman zuten, 1997an. Irazabalbeitiak azaldu du eskola berria egin behar zela orduan Alkizan eta, horretarako, zaharra eraitsi behar zela. Prozesu horretan, umeek nonbait jaso behar zituzten klaseak, eta barnetegia erabiltzea erabaki zuten. Hala ere, adierazi du 30 urte igaro diren honetan ere nabari dela barnetegiak herrian utzitako aztarna. «Maitasun istorioren bat edo beste ere utzi zuen!», esan du Ayusok.