Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko materiala ondu zuen orain hiru bat urte. Material hori abiapuntu gisa hartuta, Lasarte-Oriako Udalak diru laguntza bat aurkeztu zuen atzo, herritarrek gidabaimena euskaraz atera dezaten sustatzeko. Ekimen horri esker, herrian erroldatuta dauden eta gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz egin eta gainditzen dutenek bostehun eurora arteko laguntza jaso ahal izango dute. Udalak azterketa teorikoaren matrikularen kostua ordainduko du hala, bai eta prestakuntza prozesuan «euskararen erabilera bultzatu» ere.
Estitxu Alkorta Barragan Lasarte-Oriako Euskara zinegotziak dio neurri horrek bat egiten duela udalak hizkuntzaren normalizaziorako duen estrategiarekin. «Euskara eguneroko esparru praktikoetan egotea errazteko modu bat da. Izan ere, azterketa teorikoa euskaraz ikasteak eta egiteak espazio berrietan hizkuntzaren erabilera indartzen laguntzen du».Â
Herriko autoeskolek ontzat jo dute ekimena, eta nabarmendu «garrantzitsua» dela horretarako euskarazko baliabideak izatea, Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak ondutako materiala, esaterako. «Halako ekimenek hezkuntzaren eta lanbidearen esparruan hizkuntzaren erabilera normalizatzen laguntzen dute». Autoeskolek dagoeneko ematen dute azterketa teorikoa euskaraz prestatzeko modua, eta herriko gazteei dei egin diete aukera hori baliatzera.Â
Datozen egunetan, udalak formulario bat jarriko du abian Lasarte-Orian erroldatuta dauden lagunek diru laguntza eskatu ahal izateko, prestakuntza edozein autoeskolatan egiten dutela ere.