Gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala prestatu dute

Euskadiko Autoeskolen Federazioak ziklomotorra eta autoa gidatzeko baimena euskaraz ateratzeko materiala prestatu du, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.

Errepidea
N1 errepidea, artxiboko irudi batean ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko azaroaren 22a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioak gidabaimenak euskaraz atera ahal izateko materiala ondu dute, eta gaur goizean aurkeztu dute, Gasteizen. Jakinarazi dutenez, horrela, A1, A2 eta B gidabaimenak euskaraz ateratzeko aukera egongo da, eta aurki eskainiko dute autobusetako eta kamioietako gidabaimena ere euskaraz ateratzeko aukera.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eta Euskadiko Autoeskolen Federazioko presidenteorde Pedro Davilak eman dituzte proiektuaren xehetasunak. Azaldu dutenez, lau eskuliburu prestatu dituzte, paperean eta online. Testak ere egongo dira, ordenagailuan, tabletan eta paperean egin ahal izateko. Halaber, material guztia online dagoenez, edozein autoeskolak eskaini ahal izango du gidabaimena euskaraz ateratzeko materiala.

Gainera, nabarmendu dutenez, sortu duten materiala —argazkiak, eredu diren seinaleak, irudiak...— Euskal Herrian kokatuta dago, eta azterketa praktikoko terminologia euskaraz lantzeko tresnak ere eskainiko dituzte.

Lau helburu

Lau helburu izango ditu aurkeztu berri duten kanpainak: gidabaimena euskaraz ateratzeko aukerak bermatzea; bide hezkuntzako formazioa euskaraz jasotzeko aukera bermatzea; euskaraz formakuntza eman ahal izateko, euskarazko material espezializatua profesionalen esku jartzea; proiektua bizirik mantentzea, eguneraketak eta berrikuntzak txertatuz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA