Bada denbora Legazpin haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan galdutako haurren dolua lantzen ari direla. Iazko maiatzean, esaterako, Zu izeneko memoria gunea inauguratu zuten herriko kanposantuaren ondoan, gisa horretako heriotzak omentzeko asmoz. Ordura arte, Euskal Herrian hiru udalerri baino ez zeuden halako gune bat zutenak, hala nola Derio, Gasteiz eta Hernani. Martxoaren 23an, «beste urrats» bat egingo du Legazpiko Udalak dolu perinatalari dagokionez, hura lantzeko talde bat jarriko baitu martxan, eta doako laguntza profesionala eskainiko du. Martxoaren 23an aurkeztuko dute taldea, 12:00etan, Zu memoria gunean.
«Haurdunaldian, erditzean eta jaioberritan gertatzen diren heriotzen gaineko tabu soziala hausteko sortu dugu zerbitzua, bai eta etapa horietan seme-alabaren bat galdu dutenei babes emozionala eskaintzeko ere», esan dute Legazpiko Udaleko arduradunek. «Helburua da bizitzako fase hori lagunduta igarotzea, mina baliozkotzea eta sarritan sortzen den ulertezintasunaren aurrean helduleku bat eskaintzea».
Udalak, Esku Hutsik elkartearekin batera, dolu mota hori lantzeko bi orduko zortzi saio egingo ditu apiriletik abendura bitartean —apirilaren 14an, maiatzaren 12an, ekainaren 16an, uztailaren 14an, irailaren 15ean, urriaren 13an, azaroaren 10ean eta abenduren 15ean—. Virginia Marcosek gidatuko ditu saiook, dolu perinatalean espezializatutako psikologo batek. «Hamar laguneko taldeak izango dira gehienez, eta entzute aktiboa, emozioen balioztatzea eta segurtasun eta konfiantzazko giroa landuko dira.Â
Saioetan izena emateko epea irekita dago jada, eta bi bide daude horretarako: eskuhutsik@gmail.com emailera idatzita edo 722822039 telefonora deituta.