Lurraldeko nekazaritza, abeltzaintza eta baso ustiategiek betetzen duten funtzio ekosistemikoa aitortzeko laguntza ekonomiko bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Deialdiak 500.000 euroko aurrekontua izango du, eta foru erakundeak dioenez, zazpiehun bat ustiategiren mesederako izango da. Deustuko Unibertsitatearekin elkarlanean abiatu dute ekimena.
Eider Mendoza diputatu nagusiak azaldu du, ekoizpen jardueraz harago, nekazariek, abeltzainek eta baso eragileek «gizarte osoari egiten dioten ekarpena aitortu» asmo dutela hala. «Lehen sektoreak, elikagaiak edo lehengaiak ekoizteaz gain, gure lurraldea sostengatzen du, gure ingurunea zaintzen du, eta, horren guztiaren bitartez, ongizate kolektibo eta integrala sortzen du». Gainera, esan du lehen sektoreko langileen lanak «zuzeneko eragina» duela lurraldearen mantentzean, biodibertsitatearen kontserbazioan, natur baliabideen kudeaketa iraunkorrean eta ingurumen orekaren eraikuntzan.
«Foru aldundiak bultzatutako neurri estrategikoa da. Pertsona horiek guztiek egiten duten lana ezinbestekoa da, eta hori aitortu eta babestu behar dugu, orain eta beti»
EIDER MENDOZAÂ Gipuzkoako diputatu nagusia
Laguntza berriaren helburua zera da, funtzio ekosistemikoak aitortzea; alegia, nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza jarduerek lurralde osoari eta gizarteari ekartzen dizkioten onurak errekonozitzea, «ingurumenaren oreka, landa guneen mantentzea eta lurraldearen iraunkortasuna bultzatuz».
Hortaz, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak esplikatu du laguntzak ez duela lurraren jabetza aitortzen, haren gainean egiten den ekoizpena eta kudeaketa baizik. «Ez da nahikoa lurrak, ganadua edo baso lurrak izatea; laguntza honek baliabide horiek lantzeari eta zaintzeari eman nahi dio balioa». Izan ere, Arrutiren irudiko, gisa horretako lanek egiten dituzten ekarpenak «ikusezinak» izan dira arlo ekonomikoari dagokionez. «Laguntza honekin urrats erabakigarri bat emango dugu ekarpen horiei balioa emateko eta modu nabarian aitortzeko».
Diputatu nagusiaren arabera, aurkeztu berri duten laguntza ekonomikoa «aitzindaria» da lurraldean. «Foru aldundiak bultzatutako neurri estrategikoa da, eta aldaketa garrantzitsu bezain esanguratsua da lehen sektoreari zuzendutako politika publikoetan. Pertsona horiek guztiek egiten duten lana ezinbestekoa da, eta hori aitortu eta babestu behar dugu, orain eta beti».
Zazpiehun onuradun
Foru aldundiak 500.000 euroko diru saila jarri du laguntza horretarako, eta Lurralde Oreka Berdeko Departamentuak aurreikusten du Gipuzkoako zazpiehun ustiategi inguru izango direla onuradun. «Laguntzaren zenbatekoa eta balizko onuradunak ofizioz kalkulatuko dira, aldundiko eta Euskadiko erregistro ofizialetan eskuragarri dauden datuetatik abiatuta eta ustiategi bakoitzaren jarduerari eta dimentsioari lotutako irizpideak aplikatuta», azaldu dute. «Erreferentzia gisa, azpisektore bakoitzeko 550 euroko oinarrizko laguntza ezarri dugu, eta koefizienteen bidez doitu ahal izango da, kasu bakoitzaren ezaugarrien arabera».
Foru erakundeak baldintzak betetzen dituzten ustiategien behin-behineko zerrenda bat argitaratuko du, dagokion laguntzaren hasierako balioespenarekin batera. Handik aurrera, onuradunek proposamena onartu edo aldaketak eskatu ahal izango dituzte, eta, zerrendan agertzen ez badira, sartzeko eskaera egin beharko dute. Tramite horiek egiteko epea 2026ko ekainaren 30era bitartean egongo da zabalik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan egin beharko dira.