Lezon eta Jaizkibelen, gozo

Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren hamargarren ekitaldia izango da etzi. Dortsalak aspaldi amaituta, herri oso baten harrera jasoko dute korrikalariek.

(ID_13626302) (/EZEZAGUNA) lezo.jaizkibel2023
Iazko Lezo-Jaizkibelen, korrikalariak Jaizkibelgo Munttar eremuan. TTANTTON URRUZOLA
2024ko otsailaren 23a
05:00
Entzun

Mendiko lasterketen artean ez da gogorrena, ez luzeena —hamalau kilometrokoa da—, ezta saririk handienak ematen dituena ere. Baina xarma berezikoa da Lezo-Jaizkibel. Etzi izango da mendiko lasterketen sasoi hasierako proba, 10:00etan Lezoko plazatik hasita. Salgai jarritako 350 dortsalak berehalako batean amaitu ziren urteko lehen eguneko lehen orduetan. Beti izan da horrela. X. aldia izango da aurtengoa. «Ehun pertsonarentzako lasterketa bat egitea pentsatu genuen hasieran, herrikoia. Apustua egin genuen, eta ezin hobeto atera zen. Ez genuen espero Lezo-Jaizkibelek gaur egun duen arrakasta lortzea», esan du Ibon Intxaurrandieta antolaketa taldeko kideak.

Arrakastaren muinean herri oso bat lasterketari begira dagoela azaldu du Iban Hernandezek, talde antolatzaileko beste kide batek. Zehaztu du 275-300 lezoar izango direla lanean igandean, zirkuituan, irteera-helmuga gunean, dortsalen banaketan zein korrikalariei helmugaratzean banatzen dizkieten zizka-mizkak egiten: «Lezorentzat egun seinalatua da lasterketarena. Eragileetako kideak lankidetza eskatzeko mezua iritsi zain izaten dira». Mimo handiz zaintzen dituzte partaideak. «Hemen gustura sentitzen dira korrikalariak. Gainera, ez denez oso luzea eta gogorra, askorentzat mendiko lehen lasterketa izaten da gurea. Beste batzuk, ordea, mendikoen sasoia prestatzeko baliatzen dute Lezo-Jaizkibel. Horren guztiaren nahasketagatik du, gure ustez, hainbesteko tiradizoa probak», dio Hernandezek.

(ID_13626301) (/EZEZAGUNA) ibon.iban
Iban Hernandez eta Ibon Intxaurrandieta Lezo-Jaizkibel lasterketako talde antolatzaileko kideak, asteartean, Lezon. HITZA

Partaideen jatorriari begiratuta, Intxaurrandietak eta Hernandezek harro esan dute gehienak Oiartzualdekoak eta ondoko eskualdeetakoak —Bidasoa eta Donostia-Beterri— direla. Azpimarra jarri dute Lezoko lasterkarien partaidetzan. «Poztekoa da hainbeste herritar izatea dortsalarekin. Herriak, nolabait esateko, Jaizkibel ez zuen ezagutzen. Esan dezaket lasterketari esker ondo-ondoan dugun mendia gehiago ezagutzen dela, duen balioa eman zaiola, eta zaintzen dela», azaldu du Intxaurrandietak. Etiketa Berdea du probak: ingurumenarekin lotutako agiria da, lasterketak mendiarekin erabateko errespetua duela ziurtatzen duena.

«Ehun pertsonarentzako lasterketa bat egitea pentsatu genuen hasieran, herrikoia. Apustua egin genuen, eta ezin hobeto atera zen».

IBON INTXAURRANDIETA Lezo-Jaizkibelen antolaketa taldeko kidea

Eguraldi iragarpenek diote litekeena dela euri arteanegin behar izatea etziko karrera. Hortaz, lasterkariei tentuz ibiltzeko eskatu diete; batez ere, jaitsieretan, erorketak eta lesioak saihesteko. Era berean, antolakuntzak iragarri du eguraldiaren egoeraren araberako azken orduko erabakiak har ditzakeela.

Haurrak eta omenaldia

Lezoko herriaren lasterketa da Lezo-Jaizkibel, eta, hori nabarmentzeko, helduen probaren bezperan, bihar, haurren lasterketak egingo dituzte, 17:00etan, Gurutze Santuaren plazatik hasita. Dortsalen salmentatik jasotako dirua desgaitasunen bat duten pertsonak artatzeko Gipuzkoako Mindara elkarteari emango diote.

«Lezorentzat egun seinalatua da lasterketarena. Eragileetako kideak lankidetza eskatzeko mezua iritsi zain izaten dira».

IBAN HERNANDEZLezo-Jaizkibelen antolaketa taldeko kidea

Lezo-Jaizkibel proba bukatuta, antolatzaileek ohitura dute lezoar kirolari bat omentzeko. Aurten Aiur Illarreta Beñarani egingo diote gorazarre: besteak beste, kayak-surfeko Europako eta munduko txapeldun izandakoa da gaztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.