Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi du Mugi txartela Bizkaibusen erabili ahal izango dela abenduaren 18tik aurrera; bihartik aurrera, alegia. Neurri horrek modua emango du gipuzkoarrek Bizkaian ohiko txartelarekin bidaiatzeko. Bizkaiko foru arduradunen hitzetan, aurrerapauso hori «garrantzitsua» da lurraldearentzat, «erabat konektatutako garraio sistema publiko bat» izateko modua emango duelako, eta lurralde kohesioa indartu. «Erabiltzaileek berme berberekin erabili ahal izango dute ohiko txartela, eta horrek haien esperientzia hobetzen lagunduko du».
Gipuzkoan ere egin dute urrats hori. Izan ere, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak iragarri du Lurraldebusen jada ordaindu daitekeela Barik eta Bat txartelekin ere. Atzo jarri zuten martxan neurri hori. Diputatuak azaldu duenez, Mugikortasun Departamentuak amaitu ditu txartel horiek homologatzeko proba teknikoak, bai eta balidagailu berriak behar bezala instalatu ere. Hala, Bizkaiko eta Arabako erabiltzaileek jada erabil ditzakete beren garraio txartelak Gipuzkoako Lurraldebus autobus zerbitzuan.
Diputatuak dio berrikuntza hori «beste urrats bat» dela Lurraldebus garraio publikoko zerbitzu «eroso, moderno, irisgarri eta hurbil» bihurtzeko bidean. «Barik eta Bat txartelen elkarreragingarritasunari bide emanda, gero eta jende gehiagok aukeratuko du Lurraldebus, hau dam bitarteko jasangarri bat joan-etorrietarako».Â
Dominguezek uste du bi txartel horiek Lurraldebusen erabili ahal izateak modua emango duela garraio sistema «jasangarriagoa, eraginkorragoa eta kohesionatuagoa» izan dadin. «Aurrerantzean lanean jarraituko dugu gainerako euskal erakundeekin batera, gure zerbitzua hobetzeko eta modernizatzeko eta herritarrei garraio publiko erabilerrazagoa, erakargarriagoa eta lehiakorragoa eskaintzeko». Gainera, jakinarazi du Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza (GGLA) lanean ari dela Mugi birtuala martxan jartzeko eta autobusetan kreditu txartelarekin ordaintzeko aukera emateko. «Luze gabe gauzatuko da hori», esan du diputatuak. «Pultsuari eutsi nahi badiogu eta garraio publikoa erabiltzen dutenen kopurua handitzen jarraitu nahi badugu, gure zerbitzuak linea gehiago jarriz zabaltzeko eta gure erabiltzaileen benetako beharretara egokitzeko ahalegina egiteaz gain, Lurraldebus digitalizatu eta modernizatu behar dugu».