Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondartzak Denontzat izeneko egitasmoa abiatu du berriki, desgaitasuna, mendekotasuna edo mugitzeko gaitasun urria dutenek lurraldeko hondartzez «segurtasunez eta autonomiaz gozatzeko» aukera izan dezaten. Bainu egokituak eskainiko dituzte horretarako, Getariako Malkorbe hondartzan eta Hondarribikoan. Aldundiak bi urte daramatza proiektu hori martxan jartzen, Gurutze Gorria eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa lagun.
Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako foru diputatuak azaldu du programa hori diputazioak sustatu nahi dituen balioen erakusle dela. «Inklusioa, irisgarritasuna eta eskubideen bermea bultzatu nahi dugu. Itsasoaz eta gure ingurune naturalaz gozatzeko aukera ezin da pertsona bakoitzaren gaitasun fisikoen araberakoa izan. Denok segurtasunez, autonomiaz eta duintasunez gozatu ahal izatea nahi dugu».
Diputatuak uste du desgaitasuna izateak edo mendekotasun egoeran egoteak ez lukeela oztopo izan beharko, eta esan du lanean ari direla hala izan dadin. «Gipuzkoa gero eta irisgarriagoa, inklusiboagoa, eta pertsona guztien autonomiarekiko, duintasunarekiko eta bizi kalitatearekiko konprometituagoa izango duten ekimenak sustatzen jarraituko dugu». Izan ere, Peñaren hitzetan, foru aldundiaren zaintza ereduak pertsona jartzen du erdigunean. «Guretzat, jendearen nahiak, lehentasunak eta bizi proiektua dira abiapuntua. Pertsona bakoitzak komunitatean parte hartzen eta bere ongizaterako esanguratsuak diren jarduerez gozatzen jarraitu ahal izatea bermatu nahi dugu».