Mendozak «burbuilatik ateratzeko» eskatu dio EH Bilduri, eta «elkarlana sendotzeko» deia egin du

Zaintza eta ekonomia jarri ditu Mendozak erdigunean, baita gizartea babestea eta demokrazia indartzea ere. EH Bilduk erantzun du akordioak «herritarren bizi baldintzak hobetzeko» egiten dituela, eta ez «lortze hutsagatik».

Eider Mendoza, gaur, politika orokorreko osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Eider Mendoza, gaur, politika orokorreko osoko bilkuran, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko irailaren 24a
17:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ekonomia eta demokrazia indartzea, eta gizartea babestea. Horiek dira Gipuzkoa osasuntsu bat izateko Eider Mendoza diputatu nagusiak jarri dituen hiru helburuak, eta hiru helburu horien inguruan mintzatu da ordu eta erdi baino gehiagoz. Gaur egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek politika orokorreko osoko bilkura, legealdiko azkena, eta «elkarlana sendotzeko» deia egin du Mendozak. Eskua luzatu die ere, haren arabera, «beren burua akordioetatik kanpo» utzi dutenei: «Burua altxatzea kostatzen zaigu, gure burbuilatik atera eta harago begiratzea, komunitatean pentsatzea».

EH Bilduko batzarkideei begira egin ditu adierazpenok: «Tamalez, batzar nagusi hauetan bada talde bat adostasun nagusietatik kanpo gelditu dena bere borondatez. Foru aurrekontuak dira horren adibiderik argiena: dagoeneko 11 aldiz esan diete ezetz. Zuen esku dago emandako ezezko horiek 11 bakarrik izatea, edo nahiago duzuen hamaika hitzaren euskarazko adiera mugagabean tematuta jarraitu».

Izan ere, Mendozak adierazi du «akordioen legealdia» izan dela 2023an hasitakoa —gobernuak ez baitu gehiengorik—, eta eskerrak eman dizkie aurrekontuen eta erreforma fiskalen arloan akordioak lortzeko borondatea izan duten oposizioko bi alderdiei: Elkarrekin Ahal Dugu eta PP. Aldiz, EH Bilduri leporatu dio arlo horietan erantzun ez izana, eta gaineratu du koalizioa «berandu» iristen dela beti. Datozen asteetan ere akordioen bidetik jarraitzeko deia egin dio oposizioari, aldundiak egin nahi duen erreforma fiskalaren harira.

«Zuen esku dago, emandako ezezko horiek 11 bakarrik izatea, edo nahiago duzuen hamaika hitzaren euskarazko adiera mugagabean tematuta jarraitu»

EIDER MENDOZA Gipuzkoako diputatu nagusia

Mendozaren hitzaldiaren ostean, prentsaurreko labur bat eman du Estitxu Elduaien EH Bilduko batzarkideak. «Autokonplazentziazko diskurtsoa» izan dela esan du, eta erantsi Gipuzkoa ez dagoela Eider Mendozak esan duen tokian, «egonean goxo» baizik. Gaineratu du EAJk eta PSE-EEk «desadostasun ikaragarriak» dituztela «giltzarri» diren gaietan, eta aldundiaren «noraeza» nabarmena dela. EAJren akusazioari erantzunez, batzarkideak adierazi du EH Bildu «prest» dagoela akordioak lortzeko, baina ez edozein akordio: «Ez da gure helburua akordioak lortzea lortze hutsagatik, herritarren bizi baldintzak hobetzeko baizik».

Zazpi erronka nagusi

Hitzaldian, Gipuzkoako erronka nagusiak zeintzuk diren zehaztu du Mendozak. Zazpi zerrendatu ditu: ongizatea, zaintza, ekonomia, lurralde oreka, etxebizitza, migrazioa eta demokrazia. Horietan egin den lana goraipatu du, eta etorkizunari ere begiratu dio. Oro har, esan du Gipuzkoa «egoera onean» dagoela etorkizuneko erronkei heltzeko.

Zaintzari garrantzia handia eman dio. Nabarmendu du aldundiak 5.000 milioi euroko inbertsioa egin duela 2015etik hona, «eredua aldatzeko» helburuarekin, eta bide horretatik jarraituko duela. «Kontratu sozial bat» sortuko dutela ere iragarri du.

EH Bildu oso kritiko agertu da, ordea. Mendozari zuzendu zaio Maddalen Iriarte bozeramailea, eta 2023an hartutako konpromisoen inguruan aritu da: «Gizarte politikei ‘bultzada berria’ ematea eta ‘ongizate integrala’ lortzea lehenetsi zenuten, baina errealitateak erakusten digu legealdiko azken urtera iritsi garen honetan zerbitzu asko gain hartuta daudela, gizarte langileak ezinean eta herritarrak zerbitzua jaso gabe. Zerbitzu horiek langile prekarioen eta emakumeen gain geratzen dira orokorrean; ez da egiturazko aldaketarik egon. Kontzientzia hartzeko garaia da».

«Legealdiko azken urtera iritsi garen honetan zerbitzu asko gain hartuta daude, gizarte langileak ezinean eta herritarrak zerbitzua jaso gabe»

MADDALEN IRIARTE EH Bilduko batzarkidea

Ekonomiaren arloari ere tarte handia eskaini dio Mendozak. Gipuzkoako BPGaren %27,2 industriari dagokio, eta sektoreak «erronka itzela» duela aitortu du, «egoeraren argazkia segundotan aldatu daitekeelako». Hori dela eta, enpresak eguneratzeko eta modernizatzeko apustua berretsi du: «Gai izan behar dugu azkar erantzuteko». Azpimarratu du Gipuzkoak puntakoa izatea lortu duela hainbat arlotan: mugikortasunean, kuantikan eta fabrikazio aurreratuan, besteak beste.

Hitz horiei erantzunez, Mikel Lezama PPko batzarkideak esan du Gipuzkoako industria ez dela ari pausuak behar adinako abiadurarekin ematen, eta «eroso» dagoela: «Gure arriskua ez da egun batetik bestera gizarte txiro bat bilakatzea, baizik eta erosotasunean erortzea beste batzuek aurrera urratsak egiten dituzten bitartean».

Bestalde, etxebizitzaren arazoa agenda politikoaren «lehen lerroan» dagoela ziurtatu du Mendozak, onartu baitu hori dela «herritarren kezka nagusia, gazteen kasuan bereziki». Orain arte hartutako neurriak errepasatu ditu, eta, besteak beste, hobariak handitu egin dituztela gogoratu du.

Migrazioaren eta gizartearen analisia ere egin du Mendozak. «99.690 atzerritar bizi dira gure artean, duela hamar urte baino %60 gehiago, eta gure lurraldean 130 hizkuntza ezberdin hitz egiten dira», zehaztu du. «Gizarte kohesionatu bat» eraikitzea aldarrikatu du: abegikorra eta humanista.

Hori esan eta gero eutsi dio segurtasunaren gaiari: «Gizarte kohesioari zuzenean eragiten dion elementu bat da segurtasuna, herritarren kezka iturri dena. Segurtasunaren inguruan ere hitz egin behar dugu gizarte kohesioaren ikuspegitik, arazoak puztu gabe, baina ezta ezkutatu ere. Arauak argi izateak eta guztiontzat berdin aplikatzeak bizikidetza babesten du, eta muturreko diskurtsoei argudioak kentzen dizkie».

«Marjinetan bizi den jendeari gosearekin erantzuteak, adibidez, pertsona horien segurtasuna ezabatzen du erabat»

MIREN ETXEBESTE Elkarrekin Ahal Duguko batzarkidea

Horri lotuta, Miren Etxebeste Elkarrekin Ahal Dugu-ko batzarkideak afari solidarioen debekua ekarri du gogora: «Marjinetan bizi den jendeari gosearekin erantzuteak, adibidez, pertsona horien segurtasuna ezabatzen du, erabat. Esku batekin gizarte zerbitzuetan aurrekontuak handitu ditu EAJk, eta bestearekin, pertsona zaurgarrienak gosera kondenatu. Zaindu itzazue behekoak zertxobait gehiago eta goikoak zertxobait gutxiago!».

Diputatu nagusiaren hitzaldiari erantzuteko tartea izan dute gobernuko alderdiek ere. PSE-EEko Alberto Albistegi «konforme» geratu da Mendozaren hitzaldiarekin, eta EAJko Maria Eugenia Arrizabalaga «harro» agertu da. «Oposizioa egitea erraza da, agintzea ez», nabarmendu du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA