Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaur egin dute politika orokorreko osoko bilkura, eta Eider Mendoza diputatu nagusiak «elkarlanera» eta «akordioak lortzera» deitu ditu oposizioko batzarkide taldeak. Mendozak legealdiaren hasieran esan zuen aldundiak «epe luzeko begiradarekin» egingo zuela lan, eta dio «buru-belarri» ari dela horretan. «Gipuzkoa jauzia ematen ari da anbizioan eta gure industriaren berrikuntza gaitasunean. Horri eutsiko diogu, gure komunitatearen kohesioa indartuz eta Gipuzkoa aukerak eskaintzen dituen lurralde bezala finkatuz». EH Bilduko batzarkide Maddalen Iriartek, baina, uste du foru aldundia «anbiziorik gabe» ari dela lanean. «Foru aldundia abiadura motelean ari da: orain alde batera, orain bestera; orain bidelagun batekin, orain antagonikoa den bestearekin… Eta motel, ia geldirik. Aurrera egiteko erabaki irmorik ez hartzea eta orain arte egindakora mugatzea Gipuzkoak atzera egin dezan uztea da».
Mendozak foru aldundia kalitatezko zaintza zerbitzuak hobetzen jarraitzeko egiten ari den ahaleginean egin du azpimarra. Haren hitzetan, Gipuzkoako babes eta zaintza sistema «eredugarria» izan da historikoki, eta esan du lerro horrexeri heldu nahiko liokeela aurrerantzean. Hain zuzen ere, Zainketa eta Gizarte Politiken Departamentuak 33.300 lagun artatzen ditu, eta Mendozak uste du kopuru hori «etengabe» joango dela handituz. Horrekin lotuta, iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundia sozietate publiko bat sortzeko asmotan dela, «etorkizuneko inbertsio eta beharrak bermatzeko modua» emango duena. Mendozak uste du tresna horrek bide emango diola «sistemaren ahalmena» handitzeari eta «aukerak ugaritzeari». Iriartek, baina, «letra txikia» ezagutu nahi du: «Diputatu nagusiak argitu beharko du zertarako eratuko den sozietate hori, zer funtzio beteko duen, zainketetako esparru publikoa hedatzen lagunduko ote duen, merkantilizazioaren logikan esparru pribatuari atea irekiko dion...».
«Gipuzkoa jauzia ematen ari da anbizioan eta gure industriaren berrikuntza gaitasunean. Horri eutsiko diogu, gure komunitatearen kohesioa indartuz»
EIDER MENDOZA Diputatu nagusia
Mendozak gaineratu du aldundiak abian dituela hiru egoitza berri egiteko lanak —Elgoibarren, Pasaian eta Irunen—. Esan du zaintza eredu berrian oinarritutako arreta eskainiko dutela hiru egoitzetan, «personalizatua», «berritzailea» eta «komunitateari irekia». Zaintzarekin lotuta, Miren Etxebeste Elkarrekin Podemoseko batzarkideak diputatu nagusiari eskatu dio zain ditzala, besteak beste, «pertsona behartsuenak». «Erakutsi guztiontzat gobernatzen duzula, ez soilik zure boto emaileen komunitatearentzat. Gipuzkoako herritarrei zerbait eman behar zaie erakunde publikoetan sinets dezaten».
Euge Arrizabalaga EAJko bozeramaileak esan du bere alderdiak «politika onaren alde» egiten duela. «Eider Mendoza buru duen foru gobernuak etengabeko hobekuntza dakar berrikuntzaren, aurreikuspenaren, etorkizunarekiko arduraren eta politiketan eraginkortasunaren bidez. Azken hamar urteetan garatu duen gobernantza eredua berezia, berritzailea eta parte hartzailea da». Arrizabalagak EH Bilduren jarrera gaitzetsi du, iruditzen baitzaio ez dela akordiorik egiteko «sinesgarria». «Diputatu nagusiak proposamen bideragarri, erreal eta eraginkorrak aurkeztu ditu, EH Bilduk saldu nahi duen katastrofismoaren aldean».
Hizkuntza politikaz ere aritu dira politika orokorreko bilkuran. Mendozak foru aldundiak euskararekiko duen konpromisoa berretsi du, eta EAJko bozeramaile Arrizabalagak euskararen aurkako sententziak kritikatu ditu: «Gipuzkoa abertzalea eta euskalduna da, bere nortasun irekiaz eta modernoaz harro dagoena». Iriartek ere euskara izan du hizketagai, eta esan du aldundiak «ardura handia» duela «politika eraginkor eta anbiziotsuak» abian jartzeko.
«Foru aldundia abiadura motelean ari da: orain alde batera, orain bestera; orain bidelagun batekin, orain antagonikoa den bestearekin… Eta motel, ia geldirik. Eta egonean egotea ez da aukera bat»
MADDALEN IRIARTE EH Bilduko batzarkidea
Diputatu nagusiak Bernedoko udalekuak ere izan ditu hizpide. Esan du «beharrezkoa» dela zer gertatu den «lehenbailehen» argitzea. «Inor seinalatu gabe, baina arduraz egin behar da lan. Gertutasuna adierazi nahi diet euren seme-alaben ongizatea kolokan sentitu ahal izan duten sendiei, eta gure konpromisoa adierazi haien ongizatearekin».
Etxebizitza
Mendozak etxebizitzaren auzian ere egin du azpimarra. Izan ere, azken zerga erreforma hizpide hartu eta adierazi du foru ogasunak urtero 200 milioi euroko inbertsioa egingo duela desgrabazioen bitartez, eta, hala, «etxebizitzara sarbidea erraztu» eta gazteen emantzipazioa sustatuko duela. Nolanahi ere, Elkarrekin Podemoseko Etxebestek nabarmendu du etxebizitza dela Gipuzkoak gaur egun duen «arazo handienetako bat», eta arazoaren jatorria «etxebizitzak inbertsio eredu gisa» ikusten dituzten putre funtsetan dagoela. «Nola erakarriko ditugu langileak bizitzeko tokirik eskaini gabe?», galdetu dio Etxebestek ahaldun nagusiari.
Gipuzkoako industriaren etorkizunari dagokionez, Mendozak esan du «itsasoan urak handi» direla. Nolanahi ere, dio Gipuzkoa «ondo nabigatzen» ari dela «egoera katramilatsu» horretan, enpresen sendotasunari esker. «Argi daukagu norabidea eta elkarrekin egiten dugu arraun». Hortaz, diputatu nagusiaren hitzetan, 2025a urte «emankorra» izaten ari da ekonomia berria bultzatzeko ahaleginean, Mubil mugikortasun berriko zentroa inauguratu dutelako eta IBMren System Two ordenagailu kuantikoa aste gutxiren buruan jarriko dutelako martxan Ibaetako campusean.
Mikel Lezama PPko batzarkidea «politika fiskala zuzentzeko» beharraz mintzatu da. «Foru Aldundiak laguntza-politika batetik estimulu-politika batera igaro behar du. Gero eta diru gehiago biltzen dela diozue, baina zerga karga handiago horrek zera dakar: enpresek enplegu erregulazioko espedienteak eskatzea. Horrek erakusten du behar dena baino gehiago sartzen dela».
Elkarlanerako deia
Mendozak «elkarlanera» eta «akordioak lortzera» deitu ditu oposizioko batzarkide taldeak, eta Alberto Albistegi PSEko batzarkideak esan du eskua luzatuko diela batzarkide guztiei, Batzar Nagusietan akordioak lortzeko. «Desberdinen arteko akordioen politikak eraikitzen du herrialdea. Bada garaia elkarrekin ari garela erakusteko, aukerak bermatzeko, herritarrak babesteko eta Gipuzkoa eraldatzeko».