Fair Saturday fundazioak orain lau urte sortu zuen Ura Bere Bidean jaialdia, zenbait garaitako artisten «elkargune» gisa. Ordutik, Araban eta Bizkaian egin izan dute jaialdia, eta bihar, Gipuzkoan egingo dute lehenengoz, 19:00etan, Donostiako Illunben. Kantuz izendatu dute ikuskizuna, orain arteko aldiengandik bereizte aldera.
«360 graduko kontzertu sinfonikoa» izango dela aurreratu dute antolatzaileek. «Oso emanaldi berritzailea eta desberdina izango da». Ikuskizunak Euskadiko Orkestra izango du protagonista, eta Fernando Velazquez arituko da zuzendari. Orkestraz gainera, 25 artista eta euskal talde izango dira oholtzan: Süne, Eider, Neomak, Amak, Idoia, Maren, Olatz Salvador, Nøgen, Sua, Eñaut Elorrieta, Skakeitan, Xabi Solano, En Tol Sarmiento, Zea Mays, Gozategi, Betagarri, Mikel Urdangarin, Leihotikan, Urtz, Sorotan Bele, Su Ta Gar, Doctor Deseo, Anje Duhalde, Erramun Martikorena eta Urko. «Ura Bere Bidean 'Kantuz' ekimenak euskal abesti garaikideak eta askotariko estiloak sustatzea du xede», esan dute antolatzaileek. «Giro komunitario berezia sortuko da pantaila erraldoien bidez».
Antolatzaileek azaldu dutenez, Ura Bere Bidean proiektuaren helburua da «hainbat belaunalditako euskal artistei egiten duten ekarpena aitortzea, publiko berria erakartzea, gune bateratuak sortzea eta azken 50 urteetako musikaren gaineko ondare musikal sinfonikoa sortzea, euskaraz».