Oiartzungo Urmendi udal haur-eskolaren alde batu dira gaur, Donostian

'Urmendi beti herri, 0-3 bizirik' herri plataformak deituta egin dute elkarretaratzea, Hezkuntza Sailaren egoitzako atarian. «Zentzuz» jokatzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.

Oiartzungo 'Urmendi beti herri, 0-3 bizirik' plataformak herriko Urmendi haur eskolaren alde egindako elkarretaratzea, Donostian.
Oiartzungo 'Urmendi beti herri, 0-3 bizirik' plataformak herriko Urmendi haur eskolaren alde egindako elkarretaratzea, gaur, Donostian.
Miren Mujika Telleria.
Donostia
2026ko martxoaren 31
12:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 2024ko azaroan jakinarazi zuen eten egingo zuela udalen haur eskolei egiten zien ekarpen ekonomikoa, eta, hortaz, Haurreskolak partzuergoko kide izatea proposatu zien. Oiartzungo Urmendi udal haur-eskolari bete-betean eragiten dio neurri horrek, eta hargatik, udalak, haur eskolako langileek eta herritarrek «arriskuan» ikusten dute proiektuaren etorkizuna. Hura defendatzeko asmoz, zenbait herritarrek Urmendi beti herri, 0-3 bizirik herri plataforma sortu dute, eta herrian zenbait mobilizazio egin. Hezkuntza Sailak Donostian duen egoitzaren aurrean batu dira gaur goizean.

«Urmendi partzuergo bat da bere horretan. Orain 30 urte sortu zen, eta herrian oso errotuta dago ordutik». Horixe erantzun zuen Joana Mendiburu Oiartzungo alkateak BERRIAk haur eskolaren gainean galdetu zionean. «0-3 urte bitarteko haurrei zuzenduta dagoen proiektu berritzailea da, bai ikuspegi pedagogikotik eta bai tokiko autonomiari begira». Mendiburuk orduan adierazi zuen ez zuela zalantzan jartzen Jaurlaritzaren zerbitzua ona izatea, baina iruditzen zaio, Urmendik udal aurrekontuan duen eragina ikusita, proiektuak nekez eutsiko liokeela orain arteko egiturari Hezkuntza Sailaren babesik jaso ezean.

Hala uste dute gaur Donostian proiektuaren alde batu direnek ere. «Hezkuntza Sailekoek 'publikotasunaren defentsa' aldarrikatzen dute harro, jakinda gure haur eskolaren eredua ere publikoa dela, udal kudeaketari lotua. Kudeaketa eredu zentralizatu, burokratizatu eta homogeneoa ezarri nahi dute, ordea, aintzat hartu gabe Urmendiren hezkuntza proiektua altxor bat dela kudeaketan eta arlo pedagogikoan».

Erantzunaren zain

Oiartzungo Udaleko ordezkariak Lakuan izan ziren otsailaren 27an, eta zera proposatu zuten han: 2026-2027ko ikasturtean Haurreskolak partzuergoa Urmendira batzea. Izan ere, herrian «sustraitua» dagoen «erreferentziazko proiektu» bat da, aitzindaria, eta alkateak dio Jaurlaritzak proposamen hori onartuz gero bermatuta egongo litzatekeela proiektuak aurrera egitea. Udala eta haur eskola, baina, «erantzunaren zain» dira oraindik.

Gaur egin duten mobilizazioan, Urmendi beti herri, 0-3 bizirik taldeko kideek «zentzuz» jokatu dezala eskatu diote Hezkuntza Sailari. «Ardura politikoz jardun dezala nahi dugu, hezkuntza eta kudeaketa ereduaren kalitateari erreparatu diezaiola, zaindu dezala benetan garrantzitsua dena». Plataformakoek esan dute «garapen bide oparo bat» desio dutela Urmendirentzat. «Adierazi nahi dugu posible dela Hezkuntza Sailarekin elkarlanean Urmendi proiektua aberasten jarraitzea». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA