Musika

Trikiti egarria asetzeko plaza

34. San Jose Trikiti Jaialdia ospatuko dute gaur Azpeitian, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta. Joxe Luis Etxeberria 'Xapre' soinu jotzailea omenduko dute.

(ID_13695172) (/EZEZAGUNA) (;)
Hainbat trikitilari eta pandero jotzaile, iazko martxoan ospatu zen San Jose Trikiti Jaialdian, Azpeitiko Soreasu antzokian. IBON ERRAZU
Azpeitia
2024ko martxoaren 16a
05:00
Entzun

Erromeriak eta kantaerak XXI. mendera egokitzea: horixe du erronketako bat Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, baina betiko eginbeharrei izkin egin gabe heldu nahi dio erronka horri; izan ere, zeregin asko izaten dituzte urte osoan. Gaur, esaterako, bada elkarteak antolatutako ekitaldi garrantzitsu bat Euskal Herriko trikitizaleen egutegietan: Azpeitiko San Jose Trikiti Jaialdia. 34. aldia du aurtengoak, eta Soreasu antzokian egingo dute. Trikiti munduari ekarpena egindako norbait omendu ohi dute jaialdian, eta, aurten, Joxe Luis Etxeberria Xapre soinu jotzaile zaldibiarrari egingo diote aitortza.

Hastapenetan, Trikiti Pieza Berrien Txapelketa izena zuen gaur egun San Jose Trikiti Jaialdia denak. 1991. urtean egin zuten lehendabiziko aldiz, Donostian, EITBk antolatuta. Bi urtez Gipuzkoako hiriburuan egin ostean, Azpeitira lekualdatu zuten 1993an. Han antolatzen da jaialdia orduz geroztik. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko kide Andoitz Antzizarrek azaldu du txapelketa gisara antolatu zutela lehen aldietan, baina 2000. urtearen inguruan lehia formatu hartatik aldendu eta jaialdi bihurtu zutela. Sanjoseetako trikiti jaialdia berezitzat dauka Antzizarrek. «Daukan ibilbideak egiten du berezi».

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolaketaren ardura hartu zuenetik jaialdiak egitura bertsua duela esan du elkarteko kideak. «Formatuan egokitzapenak egin ziren, txapelketa zena jaialdi bihurtuta, baina, ordutik, forma eta aire bera mantendu izan du beti. Azpeitian egiten da urtero; hasieran Izarraitz pilotalekuan, ondoren kiroldegian, eta orain Soreasun. Antzokian egiten denetik, bestelako gorputz bat hartu du, aretoak horretarako aukera eskaintzen duelako, baina erroan betiko ezaugarriak ditu». Soinu txikia eta panderoa ditu Antzizarrek jaialdiko osagai nagusitzat. Izan ere, haren hitzetan, «bi tresna horiek gabe ez legoke San Jose Trikiti Jaialdirik».

«Xaprek soinuari transmititzen dio berezkoa duen xarma hori, eta soinutik dantzara eramaten du».

ANDOITZ ANTZIZAREuskal Herriko Trikitixa Elkarteko kidea

Trikitiaren eszenan «punta-puntan» dauden artista gonbidatuak lotzen saiatzen dira emanaldirako. Hala ere, antolatzaileen iritziz, zaleek ez dute hain garrantzitsutzat hartzen oholtzara nor igoko den. «Aitortzen dut jendeak gehiago begiratzen diola giroari jotzaileari baino», esan du Antzizarrek. «Pentsa: trikitizaleak kartela argitaratu aurretik hasten dira sarrerei buruz galdezka». Leialtasun horren erakusle da azken urteetan emanaldirako sarrera guztiak saldu izana. Aurten ere horrela izango dela sinetsita dago Antzizar. «Gaur-gaurkoz, formatu honetan eta leku honetan funtzionatzen duen jaialdi bat da. Bilbon egingo balitz, agian ez luke harrera bera izango».

Xarma bereziko aitortza

Trikiti munduari «ekarpen bereziren bat» egin diotenak omentzeko ere aprobetxatzen dute jaialdia. Elkarteko kideen arabera, gainera, aukera asko izaten dituzte mahai gainean. «XX. mendearen erdialdetik aurrerako soinu jotzaile eta pandero jotzaile guztiek merezi dute». Diotenez, belaunaldi horretako jendea «musu truk» jardun zen euskal kulturaren eta trikitiaren alde lanean, eta, hain zuzen ere, ekarpen hori egin izana aitortzea du helburu omenaldiak. Hargatik, Joxe Luis Etxeberria Xapre (Zaldibia, 1957) soinu jotzailea omenduko dute aurten.

(ID_13698122) (/EZEZAGUNA) (;)
Joxe Luis Etxeberria Xapre, San Jose Trikiti jaialdia iragartzeko egin zuten prentsaurrekoan, asteartean, Azpeitiko Soreasun. MAIALEN ETXANIZ

«Xaprek zerbait berezia baldin badauka, bere izaera, grazia eta umiltasuna dira», esan du Antzizarrek. «Nabarmentzeko modukoa da zer graziarekin jo izan duen soinua, eta zer graziarekin zabaldu izan dituen trikiti doinuak bazterretan, lasaitasunari eutsiz. Xaprek soinuari transmititzen dio berezkoa duen xarma hori, eta soinutik dantzara eramaten du».Etxeberriak aspaldi utzia du soinua, baina Azpeitiko gaurko jaialdian bilduko direnei piezaren bat edo beste eskaintzea espero dute Trikitixa Elkarteko kideek.

Xaprek kontatu du «urduri» dagoela, eta hala iritsiko dela omenaldira. Izan ere, ez zuen aitortza jasotzerik espero. «Ezustean» iritsi zitzaion albistea, trikitilari izan zela ere «ahaztuta» baitzeukan: «Trikitilaria izan naizela sinisteko adina motibo emango dit omenaldiak».

«Trikitilaria izan naizela sinisteko adina motibo emango dit omenaldiak».

JOXE LUIS ETXEBERRIA, 'XAPRE' Trikitilaria

Zaldibiako soinu jotzaileak aitortu du trikitiak herriz herri jarduteko aukera eman diola, eta horri esker jende asko ezagutzeko aukera izan duela. Hain zuzen ere, ezagun horietako zenbait igoko dira oholtzara gaur; tartean, Lixarra anaiak, Andoni Egaña eta Xabier Zabala, Ane Etxezarreta eta Sara Iriarte, Jon Ostolaza eta Andoni Larrañaga, Daniel Oiarbide eta Pello Urdangarin, Imuntzo eta Beloki, eta Iker Allur eta Jokin Tolosa. Xaprek dioenez, oholtzara igoko diren guztiek daukate nolabaiteko lotura berekin, bertsolariak barne. «Soinua eta bertsoa elkarri lotuta doaz», esan du.

Lana eta lekukoa

Antolatzaileek jakinarazi dute jaialdi bat amaitu bezain pronto hasten direla hurrengo urteko emanaldia prestatzen. Euskal Herriko Trikitixa Elkarteaz gainera, lantalde bat dago jaialdiaren atzean, eta uda heltzearekin batera hasten da hurrengo urteko jaialdia antolatzen. Antzizarren arabera, «laukote indartsu bat» ari da azken urteotako jaialdiak antolatzen, boluntario: Ibon Errazu, Eugenio Gisasola, Jose Luis Garmendia Laja II.a eta Aitziber Otegi. Trikitixa Elkarteko kideentzat «ezinbestekoa da» boluntarioek egiten duten lana.

Antzizarren esanetan, adin guztietako jendeari zuzendutako jaialdia da San Jose Trikiti Jaialdia. Izan ere, adineko jendea ez ezik, gazteak ere joan ohi dira «belaunaldien arteko lokailua» den emanaldi horretara. Uste du «lekukoa bermatuta» dagoela. «Askotan, lehen lerroan adineko jendea egoten den arren, goiko partean gazte ugari elkartzen da. Hori oso pozgarria da. Urte luzez arrakasta izango duen jaialdia da hau».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.