Zelatunen egingo dute Gipuzkoako larreen irekiera ekitaldi nagusia

Ostiralean egingo dute, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Errezilgo Udalak antolatuta. Aurten, 637 abeltzainek igoko dituzte beren abelburuak lurraldeko mendietan banatutako larreetara.

Gipuzkoako larreen irekiera, 2021ean, Aralarren. ENEKOITZ TELLERIA
Gipuzkoako larreen irekiera, 2021ean, Aralarren. ENEKOITZ TELLERIA
Miren Mujika Telleria.
2026ko apirilaren 29a
15:29
Entzun 00:00:00 00:00:00

Errezilgo Zelatungo zelaietan izango da aurten Gipuzkoako larreen irekiera ofiziala, maiatzaren 1ean, ostiralarekin. Foru Aldundiak eta Errezilgo Udalak ekitaldi publiko bat antolatu dute egun horretarako, eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuaren irudiko, ekitaldi hori «mugarri» bihurtu da lurraldean. «Mendeetan zehar Gipuzkoako kultura eta nortasuna zaindu duten abeltzainen eta familien zereginaren aitorpen bat da».

11:30ean hasiko da ekitaldia, eta 13:00etan amaitu. Inguruetako hainbat abeltzainek 11:15ean igoko dituzte beren abereak, eta 12:00etan artzainen topaketa egingo dute, hamaiketakoarekin batera. Trikitilariak izango dira goiz osoan, bai eta bertako produktuen azoka ere. 

Diputatuak funtsezkotzat du abeltzainek biodibertsitatearen zaintzan eta lurraldearen oreka berdean egiten duten lana. «Abeltzainen lana ez da soilik tokiko elikadura osasuntsu eta osasungarri batez hornitzea, askoz harago doa, eta, ostiralekoa bezalako ekintzen bidez, balioa ematen zaio sektorea zaintzeari, tokikoaren aldeko apustua egiteari eta abeltzainek gure ingurune naturala eta ongizatea zaintzeko egiten duten lanari». Aurten, 637 abeltzainek igoko dituzte beren abelburuak lurraldeko mendietan banatutako larreetara; Zelatunera, ardiak, behiak eta behorrak dira igotzekoak. 

Aurtengo ekitaldia, gainera, Nazio Batuek sustatutako Larreen eta Artzaintzaren Nazioarteko Urtearen barnean antolatu dute. «Nazio Batuen asmoa da ekosistema horiek lurraldearen orekan, biodibertsitatearen kontserbazioan eta lehen sektorearen jasangarritasunean duten garrantzia aitortzea eta gizarteratzea», azaldu du Arrutik. «Testuinguru horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiak berretsi egiten du larreen kudeaketa iraunkorra egiteko eta abeltzaintzaren jarduera laguntzeko konpromisoa duela, funtsezkoa baita, besteak beste, paisaia mantentzeko, suteen prebentziorako eta lurraldearen garapen orekaturako». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA