Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du zortzi enpresa aurkeztu direla Tolosaldeko ospitalea izango denaren proiektua idazteko lizitaziora. Ekainean gauzatuko dute kontratua, eta orduan ekingo diote proiektua idazteari. Hura eraikitzeko lanak 2028an abiatu asmo dituzte, eta 2031rako egongo da erabiltzeko moduan. Jaurlaritzak martxoan onartu zuen plan funtzionala, eta orduan bideratu zuen eraikitzeko proiektuaren lizitazioa ere, 107,6 milioi euroko inbertsioa eginda. Eraikin berria 8.445 metro koadroko eremu batean eraikiko dute, Tolosako suhiltzaileen parkearen alboan, Iurramendi inguruan.
Ospitaleak zazpi solairu izango ditu, horietatik hiru lur azpian, eta askotariko zerbitzuak izango ditu, hala nola hiru ebakuntza gela, erresonantzia zerbitzu bat, endoskopietarako eta beste prozedura batzuetarako bi miaketa gela, anestesia osteko errekuperazio unitate bat, larrialdietako arreta jarraituko puntu bat, erradiologiako ekipoak eta errehabilitazioa.
Osasun Sailak dio proiektuak modua emango duela «gero eta zaharragoa» den eta «osasun premia konplexuagoak dituen» biztanleriari egokitutako sistema «efizienteago» bat edukitzeko. Izan ere, asmoa da «Tolosaldean artaren kalitatea hobetuko duen konponbide integral bateranzko bidea» egitea, baliabideen erabilera optimizatuta, arretaren zatiketa txikituta eta paziente kalteberentzako kalitate handiko arreta bermatuta.