Zumarragako Udalak proiektu pilotu bat abiatu du asteon, Tribbu aplikazioaren bidez autoa partekatzeko modua ematen duena. «Autobus eta tren konexioak osatzeko sortu dugu», esan du Iñaki Mendiluze Gazteria zinegotziak. «Herritarrak unibertsitatera, lanera edo aisialdira modu erraz eta jasangarrian joan ahal izatea nahi dugu». Zinegotziak dio CO2 isurpenak murrizten lagunduko duela horrek.
Tribbu sakelako telefonoan deskarga daitekeen aplikazio bat da, «komunitate bereko jendeak garraioa partekatzea sustatzeko» balio duena. Autoz ibilbide bat egin behar dutenek libre dituzten eserlekuak eskain diezazkiekete noranzko berean joan nahi dutenei; hortaz, aplikazioaren bidez, zer ibilbide egingo duen argitaratuko du gidariak, jatorria, helmuga eta ordutegia adieraziz, eta bidaia bera egiteko interesa dutenek leku bat eska dezakete. Plataformak bi aldeak harremanetan jartzen ditu, bai eta dagozkion konpentsazio ekonomikoak kudeatu ere. Mendiluzeri iruditzen zaio ibilgailuen erabilera «optimizatzen» dela hala. «Kostu indibidualak murrizten dira, zirkulazioan dauden autoen kopurua murrizten da, eta, trafikoari dagokionez, segurtasuna handitzen du. Aplikazioa intuitiboa da eta, beraz, erabilerraza».
Aplikazioaren barruan, Zumarragako Udalak «tokiko komunitate propio bat» sortu du, Zumarragako Udala izenpean. Behin aplikazioa deskargatu eta erregistratzeko prozesua amaituta, Menua aukera sakatu behar da, eta, ondotik, Nire enpresa/Unibertsitatea. Zumarragako Udala bilatu behar da pantaila horretan, eta segidan, ZUMARRAGA26 kodea sartu. «Bide hori eginda, erabiltzaileak bidaiak partekatzen hasi ahal izango dira, erabilgarri dauden abantaila eta hobariekin», esplikatu du zinegotziak.
Tribbu aplikazioak, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin elkarlanean, konpentsazio ekonomikoa jasotzen du partekatzen den bidaia bakoitzeko, eta, horri esker, gidariek kilometroko 0,04 euro jasotzen dute bidaiari bakoitzeko. Hobari horretaz gain, Zumarragako Udalak 0,50 euro emango dizkio gidariari bidaiari bakoitzeko, betiere jatorria edo helmuga Zumarraga duten ibilbideetan.
«Gizarte kohesiorako» tresna
Gazteria zinegotziak dio proiektu hau bultzatuta «beste urrats bat» egin duela udalak. «Dagoeneko martxan diren garraio zerbitzuak handitu eta osatuko ditugu hala, eta herritarren egunerokoa erraztu. Mugikortasun pribatua ere demokratizatzea funtsezkoa da gazteek beren bizi proiektua Zumarragan finkatu ahal izateko». Gainera, uste du mugikortasuna ezin dela «oztopo» bihurtu ikastea erabakitzen dutenentzat, ezta beste udalerri batean lan egiten dutenentzat ere. «Denok dugu erabat garatzeko eskubidea, nahiz eta gure eguneroko jomugak zuzeneko konexiorik ez izan autobusez edo trenez».
Beraz, Mendiluzeri iruditzen zaio egitasmoak «hainbat onura» dituela. «CO2 emisioak murrizten dira, eta airearen kalitatea hobetzen da. Gainera, zirkulazioan dauden ibilgailuen kopurua gutxitzen da, eta aurrezki ekonomikoa sortzen du bidaiariarentzat». Are, dioenez, autoa partekatzeak «komunitatea ehuntzen» du. «Lankidetza kultura sustatzen du, eta garraioa Gipuzkoako barnealdeko herrien benetako gizarte kohesiorako tresna bihurtzen du».