'101 hobekuntza' egunerokoan bizikleta erabiltzen dutenei

Bizikleta bideetan egokitzapen ttipiak egitea du helburu Txirrind'ola elkartearen '101 hobekuntza' egitasmoak. Egunerokoan bizikletaz ibiltzen direnen kezkak kontuan hartuak izatea nahi dute.

Baionako Alsace Lorraine etorbideko bidegorria. PATXI BELTZAIZ
Baionako Alsace Lorraine etorbideko bidegorria. PATXI BELTZAIZ
Elaia Borda Uhalde
2026ko urriaren 17a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mugikortasun astearen barnean, Ipar Euskal Herriko txirrindulariei dei egin die Baionako Txirrind’Ola elkarteak 101 hobekuntza egitasmoa abiatuz. Hain zuzen ere, salatu dute egunerokoan bizikletan ibiltzeko hainbat oztopo daudela: «Ikuspen eskasa, bizikleta bide desegokiak, bide hertsiak, bizikletak aparkatzeko zailtasunak...». Hortaz, aipatutako eginkizunak 101 egoera konkreturen lekukotasunak biltzea du helburu. Lehen deialdia egin zieten elkarteko kideei uda hastapenean, baina parte hartze hori zabaltzeko asmoa dute orain. Txirrindulari guztiei deialdia irekiz, arazo desberdinen identifikazio zehatzagoa lortzeko asmoa dute, bideak seguruagoak, sinpleagoak eta goxoagoak izan daitezen. 

Seinalatze kolektibo horretan parte hartzeko, bakoitzak bere problematika aipa dezake elkarteak Interneten plantan ezarririko plataformatik, tokia zehaztuz, argazki bat gehituz, eta hautuzkoa den aterabide proposamen bat iradokiz. Zuzenean sakelakotik egin daiteke, QR kode ala esteka baten bitartez. Bertan jasotako lekukotasunak aztertuko ditu Txirrind’Ola elkarteak, eta ondotik, herriko etxeei, departamenduari, Ipar Euskal Herriko mugikortasun sindikatuei eta arazo horien beste hainbat kudeatzaileri helaraziko dizkie aterabideen erabakian parte hartu dezaten.

Hobekuntza «ttipiak»

Elkarteak dioenez, «lan handiak egitea ez da beharrezkoa bizikletaz egiten diren desplazamenduak hobetzeko». Proiektu estrukturagarrien ondoan aldaketa sinple batzuk egingarriak ikusten dituzte: BAM etorbideko hiribidean sortzen ari diren bizikleta bidea edo pista gainean trabagarri diren kartelak mugitzea, adibidez. «Egokitze franko egin daitezke azpiegitura garestiez gain txirrindularien egunerokoa hobetzeko, arazoa identifikatua eta seinalatua den orduko», azpimarratu du Txirrind’Ola elkarteko Beñat Blazquez Berasarte azpiegituren eta garraioen taldeko kideak.

Horrez gain, erran du lehen deialditik 30 lekukotasun inguru zerrendatu dituztela. Haietako batzuetan, aitzinera eraman diren proiektuetako trabak seinalatu dituzte. «Zergatik proiektu berri bat egikaritzean elkarteak ez dituzte kontsultatzen?», galdegin du Blazquezek. «Santa Izpiritu zubia ikusten dugunean, bizikleta pista egin dute oinezkoei lekua kenduz, eta hori elkartekoek ez dugu ongi ikusten», gehitu du. Haren ustez, instituzioek  ez dituzte betetzen beren engaiamenduak, haren ustez: «Baionako Herriko Etxeak eta Elkargoak izenpetu dituzten helburuen artean bada autoen erabilpena %20 apaltzea, bizikletena Baionan %9 igotzea eta oinezkoen eta garraio publikoen erabilera ere igotzea. Baina hartu dituzten erabakiek ez dute beren engaiamenduarekin bat egiten», salatu du. Hala ere, zehaztekoa da 101 hobekuntza plataformaren asmoa ez dela «proiektu handien kontra egitea edo erabaki politiko handien aldatzea, baizik eta txirrindularien eguneroko gauza ttipiak aldatzea». 

101 hobekuntzak jaso eta elkarteak Baionako herriko etxearekin bilkura bat gauzatu nahi lukeela adierazi du Blazquezek. Duela urte batzuk egin zuten bezala bilkura erregularrak bermatu nahi lituzkete, etorkizunean mugikortasunaren inguruko iritzietan parte hartu ahal izateko. Momentuz, ez dute jaso herriko etxearen erantzunik. 

Txirrind’Ola elkarteak Frantzian irailean antolatzen den Europa mailako mugikortasun astea baliatu du deialdi zabalaren aurkezteko. Autoaren erabilerari alternatiba bat xerkatzen zaion garai honetan, hainbat herritarrek diote bizikleta bidezko desplazamendu gero eta gehiago egiten saiatzen direla, erregaien inflazioa kontuan harturik. Orduan, bideen egokitzea eta horien kalitatea bermatzea «ezinbestekoa» dela zehaztu dute Txirrind'Ola elkartekoek, herritarrei aldaketa praktiko baten bermatzeko. 

 
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA